Baztarrika: «Aurrekontua egokia da hizkuntza politika garatzeko»

Jaurlaritzak ia 45 milioi euro jarriko ditu hizkuntza politikarako, aurrekontu osoaren %0,59

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 44.982.755 euroko aurrekontua izango du hasi berri den urtean; iazko aurrekontuarekin alderatuta (36 milioi euro), %23,46 gehiago. Jaurlaritzak 2006an kudeatuko duen diru guztiaren (7.600 milioitik gora) %0,59 baino ez du baliatuko euskara sustatzeko, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle bakoitzeko 21 euro baino ez ditu erabiliko.Kontseiluak aurrekontu osoaren %3 baliatzeko eskatu zuen. Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordearentzat, onarturiko aurrekontua «egokia da hasi berri den urte honetan hizkuntza politika garatzeko». «Aurrekontua legealdiko lehena da eta horrek legealdirako bide nagusi bat markatzen du».

Haren irudiko, aurtengo aurrekontuak «gehikuntza nabarmena eta azpimarragarria» izan du. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HABE Helduen Alfabetzatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari ematen dion laguntza kontuan hartuta, aurrekontuak gora egiten du: 60.489.699 euro; iazkoarekin alderatuta, %33,04 gehiago.

Erabilera sustatzeko

Legealdi honetan Jaurlaritzak garatu asmo dituen 33 lan ildo edo konpromisoetarako baliatuko du dirua Patxi Baztarrikak zuzentzen duen sailburuordetzak. Lan ildo eta konpromiso horiek euskararen erabileraren erronkari erantzun nahi diotela azpimarratu zuen atzo sailburuordeak, aurrekontuak aurkezteko Donostian eginiko agerraldian. Baztarrikaren hitzetan, erabilera ez da areagotzen ari ezagutzaren arabera eta, horregatik, erabileran «aurrerapauso sendoak» eman behar dira. Hain zuzen, erabileraren sustapen hori diseinatu eta garatzeko lanetan erabiliko ditu aurrekontuak eta bestelako baliabideak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Lan munduan, esaterako, euskararen erabilera areagotzeko saio sistematizatuak bultzatuko ditu, enpresaburu elkarteekin, sindikatuekin eta merkataritza ganberekin elkarlanean. Zenbat diru jarriko duten ez zuen zehaztu. «Enpresetarako erabilera planak eta hainbat zerbitzu eskainiko ditugu. Finantzaketa partekatua ere eskainiko da. Eta enpresetako euskararen erabilera gaur egungo kalitate parametro estandarretan aitortu eta ebaluatzeko prozedura edo sistema bat ere finkatuko da».Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak, tresnak eta aplikazio berriak garatzeko ildoa ere «indartuko» dute aurten.

Halaber, helduak euskaldundu eta alfabetatzeko jarduna hobetzeak ere «arreta berezia» jaso du 2006ko aurrekontuetan, Patxi Baztarrikak azaldu zuenez. «Aurtengo aurrekontuan HABEk batez bestekoaren gainetik duen gehikuntzaren arrazoia da euskaltegien sare kontzertatuarekin denbora luzez izandako elkar ulertze prozesu baten ondorioz finantzaketa partekatua handitu dugula, betiere euskaltegien jarduna hobetzeko helburuarekin». Udal euskaltegi publikoen egoera ere hobetu nahi dutela esan zuen eta EUDELekin lan mahaia osatu nahi dutela.

Bestetik, administrazioetako euskararen erabilera planak «sendotzeko», hizkuntza normalizatzeko teknikarien prestakuntzari «arreta berezia» jarriko diote eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia hiriburuetan eta gune euskaldunetan «indar bereziz» garatzeko saioak egingo dira. Herritarrei hizkuntz eskubideen berri emateko eta eskubideak babesteko zerbitzua jarri nahi du abian Jaurlaritzak. Eskolatik kanpoko aisialdian eta kirol jardueretan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bideratzeko ere dirua jarriko du Jaurlaritzak, eta hedabideetan eta toki telebista digitaletan euskararen lekua sendotzeko laguntzak areagotuko direla ziurtatu zuen Baztarrikak. Kazetari bati erantzunez, iaz desagertutako euskarazko komunikabideez ere jardun zuen, Zabalik astekariaz esaterako El Correo-k eta Diario Vasco-k argitaratzen zuten Zabalik: «Ikusi beharko da Zabalik argitaratzen duen enpresak ze bide hartzen duen berak kudeaturiko hedabideetan euskarak gero eta leku handiagoa izan dezan».

Pozik akordioarekin

Hirukoak (EAJ, EA eta EB-Berdeek) eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren 2006ko aurrekontuen inguruan lortutako akordioa hizkuntza politikarako ona dela nabarmendu zuen Baztarrikak, «hainbeste talde politikoren artean hitzarturiko aurrekontua izateak aurrekontuari aparteko garrantzia ematen diolako». «Euskarak bere erabilera gehitzen eta normalizatzen jarraitzeko, behar-beharrezkoa du euskal gizartearen atxikimendu eta konpromiso aktiboa, eta, horretarako, ezinbestekoa da euskararen inguruko adostasun sozial, kultural eta politikoa berrindartzea eta handitzea». «Elkarrizketa dinamika» hori zabaltzea espero du Bazkarrikak: «Hizkuntza politikak, arrakastatsua izango bada, nahitaez behar du adostasuna».

 



-

DIRU LAGUNTZAK



 

4.750.000 euro, euskarazko hedabideentzat





Euskarazko hedabide idatzietako eragileek 2006ko gastuei aurre egiteko euskarazko prentsak milioi bat euro gehiago beharko lituzkeela kalkulatu zuten eta prentsa idatziari dagokion aurrekontuan hazkunde hori aurreikusteko eskatu zioten Jaurlaritzari. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, ordea, ez du hainbesteko igoerarik aurreikusi: 450.000 euroko igoera izango da 2006an, komunikabide guztientzat banatzeko. Kazetarien galderari erantzunez esan zuenez, aurten 4.750.000 euro jarriko ditu komunikabideetan euskararen erabilera sendotzeko (iaz 3.800.000 euro jarri zituen) eta horietatik 500.000 telebista digitalentzat izango dira.

Beste eskaera bat ere egin zuten: diru laguntzen zenbatekoa urteko lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea, urtero oso berandu banatzen baita dirua. Eskaera hori kontuan hartuko duela esan zuen atzo Patxi Baztarrikak, baina aurten «zaila» izango dela. «Sektorearen inguruko gogoeta egin nahi dugu, diru laguntzen eboluzioa ikusteko eta lehentasunak non jarri behar diren jakiteko. Agian, aldaketak egingo ditugu». Hausnarketa hori sektoreko eragileekin egin nahi duela gaineratu zuen eta horrek denbora eskatzen duela. «Dena dela, hitzematen dugu 2007an diru laguntzen ebazpenak lehen sei hilabeteetan jakinaraziko ditugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.