Baztarrikaren arabera, aurrekontu orokorrekin alderatuta Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailean izandako "beherapena baxua" da. Hizkuntza Politikari dagokionez, lehentasunak bi dira, Baztarrikak azaldu duenez: helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak. "Euskarazko hedabideek ez dute murrizketarik izango 2013an". BERRIAz esan du "iazko parametroei eusten badie iazko diru laguntza" izango duela.
Aurrekontuen inguruan Baztarrikak adierazi du diru sarrerak gutxitzen diren heinean diru gutxiago dagoela nahitaez. "Politika egitea lehentasunak markatzea da; hizkuntza politikari dagokionez, ariketa hau oso modu txukunean egin dugu".
Eman euskara elkarri Korrikaren leloak "bizikidetza oreka baten aldeko apustua" islatzen du, Baztarrikaren arabera. Une honetan "hiztunen arteko bizikidetza jokoan" dagoela uste du, eta hizkuntzen arteko "harremana orekatua ez den neurrian gizarte bizikidetza kaltetua" ateratzen dela iritzi dio.
Euskararen Legeaz azaldu du "behar besteko markoa" dela oraindik, etorkizunean hizkuntza politika "aktibo bat" egiteko. "Euskararen Legearen arazoa ez da motza izatea, izatekotan izan daiteke 30 urte igaro eta gero kosta egiten zaigula hori betetzea".