Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia hartu du gaur, Gasteizen, bere bilera sailaren barnean, eta Etxaidek ondoren jakinarazi duenez, hari esan dio "bazterketarik gabeko elkarrizketa" behar dela garai hauetan ere. Hala, LABeko buruak adierazi dio egun horretarako baldintzak ez dituela betetzen Eusko Legebiltzarrak eta honek "gabezi demokratikoa" daukala, legez kanporatzeak direla medio ezker abertzalea ez dagoelako legealdi honetan.
“Aukera historiko berria dugu aurrean, Euskal Herriak bere bidea egiteko modua izan behar du, biolentziarik, injerentziarik eta inposatutako mugarik gabe. Akordio politiko zabalak behar dira Euskal Herriari aukera hori emateko", LABen iritziz. Eraiki beharreko akordioetan langileen arazoek beren tokia behar dutela adierazi dio Etxaidek Lopezi. Ordubetez egon dira bilduta.
Jaurlaritzako lehendakariak lehengo astean hasi zuen bilera saila, ETAk borroka armatua betiko bukatu duela-eta egoera berria aztertzeko. Arratsaldean BAK Bakearen Aldeko Koordinakundea ere hartuko du —Jesus Herrero eta Fabian Laespada joan dira—. Koordinakundeko kideek "indarkeriaren ondorioak jorratzeko batasuna eta adostasuna" izan behar direla esan diote.
Astelehenean Terrorismoaren Biktimen Kontseilua hartuko du Lopezek. Covitek, Zaituk eta ACFSEVT Espainiako Terrorismoaren Biktimen eta Segurtasun Indarren elkarteak osatzen dute kontseilua.
Gaur arte EAJ, PP, Aralar, EB, ezker abertzalea-EA-Alternatiba, UPD eta PSE-EE alderdiekin, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiekin, Confebask EAEko enpresarioen elkartearekin, eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin elkartu da.
Beste eragile batzuk ere hartzekoa da, baina Lehendakaritzak ez du oraindik xehetasunik eman.