Seaskak eragile frankoren sostenguarekin du deitua Ziburuko ikastolaren aldeko manifestaldia, eta, haren bezperan, bazterrak minduak dira Hego Lapurdiko hirian. Arduradun politikoak zuhurtasun handiz jokatzen dira afera horretan, eta ihardukipenak xuhur dira. Zenbaiten itzulia egin du Hitzak. Eskuineko alderdien ordezkarien aldetik, UMPko Michel Hiriart Hiriguneko lehendakariordeak aitortu du ez dituela aferaren azken harat-honatak segitu eta ez duela uste Guy Poulou auzapeza euskararen eta ikastolen kontra denik. «Hasieratik gauza urrunegi joan» dela dio Aldanak. Iduri zaio 30 urte atzera joaten ari dela istorioa. «Poulouren azken jokaerek Ziburu herria bera jartzen dute egoera lotsagarri batean».
Auzapezaren hasierako asmoa eskola publikoko eremutik ikastolaren kanporatzea zela dio. Azken batean, bortxatua sentitu dela zerbaiten proposatzera. «Oposizioan egin dugun talde lanarekin ere, behartua sentitu da beste zerbaiten eskaintzera. Lur bat proposatu du Oletako bidean». Urrats bat izan dela onartu du, baina leku hori ez dela egokia ikastola batentzat. «Autobidearen ondoan da, alimaleko harrabotsa bada, ur atxikitze bat, eta, bestalde, herritik guztiz aparte da. Ezegokia izanez, burasoek ezetz erran dutelako, blokatua da berriz». Hitz egiten segitu behar zela uste du. «Ez da nahikoa erratea euskararen alde dela eta duela hamar urte kolegio bat egin zuela. Orduan, lur bat saldu zion Seaskari. Ez da horren atzean gordetzen ahal».
Aterabideak ikusten ditu: «Badira eraikin publikoak libre direnak Ziburun, eta auzapezaren aitzakia da badirela proiektuak horietan. Baina ez du erraten noiz eginen diren, nola finantzatuak izanen diren. Guk diogu, hori argitu bitartean, ikastola eraman daitekeela eraikin horietara».
Uhaldebordaren ustez, Ziburuko auzapezaren jokamoldeak nahigabea eman die denei. «2 eta 5 urte arteko haur batzuei jazartzea horrela, haurrak kanpo ezartzea, berogailua kentzea —Euskal Herrian maiz aro ederra izanik ere— burasoak zailtasunean jartzea…» Seaska estatuarekin elkarte hitzarmen pean dela azpimarratu du. «Auzapezak hitzeman zuen ikastola sartuko zela haurtzaindegi berri baten proiektuan. Ez ditu errespetatzen 2011n estatuaren, Seaskaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean hartu engaiamenduak». Larunbateko manifestaldian parte hartuko duela erran du sozialistak.
Seaskak hizkuntza politikan duen garrantzia azpimarratu nahi du lehenik Maitiak. Seaska, EEP eta Hezkunde Ministerioaren artean den hitzarmena gero, hiru urtekoa, «zeinetan klarki aipatzen baita Ziburuko ikastola». Bestalde, «ministerioari errana diogu legea aldatu behar litzatekeela, hala nahi duten herrientzat posible izan dadin murgiltze ereduko eskolen laguntzea». Ikastola eraikitzeak barne.
Ziburuko auzapeza ikusia duela dio. «Bere ideian segitzen du, orain diren lekutik nahi ditu kendu. Proposamen bat egin du ere, eta Seaskakoek ez dute onartu. Horiek deliberatu dute lekuan berean egotea; gauzak mindu dira; tribunal baten xerka joaten delarik afera batean, gauzak ez dira bide onean ezarriak». Menturaz bitartekaritza lana behar litzatekeela pentsatzen du hautetsi sozialistak; «Baina bi aldeak ados ote lirateke?».
EH Baiko bozeremalearen arabera, arazoa orokorra da. Ikastola isolatu baten kasua ikusteaz baino haratago, ikastola guzien egoera orokorra begiratuz. «Uzten bada horrela, beti, ikastola guziekilako harremana herri batetik bestera libreki antolatzen, arriskua hartzen dugu Ziburun eta Hendaian gertatu bezala, gaizki iragan dadin». Azkenean, ikastolen egoera prekaritate handian gelditzen dela, hots. «Erran daitekeen gauza bakarra da behar dela euskara eta irakaskuntzarendako lege geriza bat, neurri babestuen eskaintzeko. Hori ez dugun ber; halako arazoak areagotuko dira».
ENEKO ALDANA Ziburuko oposizioko hautetsi abertzalea: «Ziburu herria bera jartzen du egoera lotsagarri batean».
HENRI UHALDEBORDA Ziburuko oposizioko hautetsi sozialista: «Orain arte egin bezala, larunbatean ere etorriko gara elkarretaratzera».
FRANTXUA MAITIA EEPko lehendakaria: «Tribunal baten xerka joaten delarik, gauzak ez dira bide onean ezarriak».
PEIO ETXEBERRI AINTXART EH Bai: «Euskara eta irakaskuntzarendako lege geriza behar da».