Gaur hautetsontzia, bihar erabakia» lemapean batuko dira milaka herritar etzi San Mames futbol zelaian. Egun osoko egitaraua antolatu du domekara begira Gure Esku Dago mugimenduak, baina ekitaldi nagusia arratsaldekoa izango da, hautetsontzi erraldoi bat berdegunean eraikiko dutenekoa. Erabakitzeko eskubidearen irudia izango da kaxa hori, eta herriz herri jositako oihalak erabiliko dituzte hori muntatzeko. Aste asko daramatzate herrietako batzordeek domekako jaialdia antolatzen, eta prest dituzte tamaina eta kolore guztietako oihalak. Lan horri esker, gainera, aurrez jarritako helburuetako bat bete da: herritarren parte-hartzea bultzatzea.
Izan ere, iazko giza katearen ostean, herritarrek eurek jarraitu dute protagonista izaten. Aurtengo kasuan, baina, eskuan orratza eta haria hartuta ekin diote erronka berriari. Urte hasieran, herrietan antolatuta, era guztietako tela zatiak bildu zituzten taldeka, eta gura legez apaindu zituzten. Aniztasunaren ikur bihurtu zituzten koloreak, eta bertan idatzitako mezuak, aldarrikapen.
Orain bi hilabete hainbat herritan antolatutako Joste Egunean eman zitzaien forma tela puska horiei. Jai giroan, bazkaritarako mahaiez inguratuta eta musika lagun, oihalak bata bestearen ondoan josi zituzten. Hain zuzen ere, «herri borondatearen jostunak izango gara», adierazi zuten antolatzaileek aurtengo ekitaldia aurkeztu zutenean.
Mezuz eta irudiz betetako oihal horiekin osatuko dituzte domekan hautetsontzi erraldoiak, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan; bakoitzean, bana. Horrela, iaz hasitako bideari jarraipena eman, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren baitan sortutako ilusioa eta itxaropena mantendu gura dute antolatzaileek.
Dinamika ezaguna
Helburu horren bidean, behar handia egin dute herrietako batzordeek aurtengo ekitaldi berria herriz herri aurkeztu eta herritarrei dinamikaren nondik norakoak azaltzeko. Bizkaian, guztira 67 batzorde daude. Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate jendetsuaren arrakastari esker jende gehiagorengana iristea lortu dutela dio Iker Jalon Erandioko Gure Esku Dago batzordeko arduradunak. «Herritarrek gustura parte hartzen dute gure Esku Dago-ren gisako ekinbideetan. Iazko giza kateak jende asko hunkitu zuen». Hala ere, ohartarazi du oraindik behar handia dagoela denengana iristeko. «Erandion badago jendea buru belarri sartuta dagoena, baina egia da oraindik ere askok ez dakitela ezertxo ere kontuaz. Saiatzen ari gara dinamikaren berri eman eta eurekin konpartitzen».
Herriko bi tabernatan jarri dituzte domekarako sarrerak salgai Erandion —nagusiek hamar euro ordaindu beharko dute, eta hamalau urtetik beherakoek, bost—, eta, azken asteetako hainbat egunetan, batzordeko kideren bat hurreratu izan da materiala eta arropak saltzera, eta baita informazio eske datorrenari azalpenak ematera ere. Taberna horietako bat Astrabudua auzoan dago kokatua. Hain zuzen ere, aurreko barikuan ospatu zuten hor Erandioko Joste Eguna. Jalonen esanetan, «arrakastatsua» izan zen jaialdia, eta 40 oihal inguru osatzea lortu zuten. «Jai giro ederra egon zen herrian. Bertoko elkarteek bat egin zuten kirikiekin eta buru handiekin, eta eguraldiak ere lagundu zigun. Bazkari zabala antolatu genuen, musika eta guzti. Horrelako ekimenetara jendea gustura etortzen da».
Giza katearekin lortutako arrakastak, baina, gerizpe luzea du, mobilizazioa erabatekoa izan zelako orduko hartan . «Egia da iazkoarekin konparatuz aurten salmentak motelago joan direla, askotan jendeak ere azken unerako uzten dituelako gauzak. Hala ere, espero dugu domeka ailegatu ahala gero eta gehiago animatzea. Aurten, gainera, metroz joateko aukera dugu, ez dugu autobusez bidaiatu beharrik».
San Mames betetzeko deia
Azken momentuko olatuaren zain dago Ander Badiola ondarroarra ere. «Egun handietan bezala, ondarroarrok beti jotzen dugu azken txanpan estropadaren bila. Azken egunetan, nabaritu dugu jendea Bilborako planak egiten hasi dela. Egia da iazko ekitaldia biziagoa izan zela, zerbait apartekoa, baina ziur gaude domekan San Mames beteko dugula». Zapatu goizera arte egongo da aukera sarrerak herrietan erosteko. Gaurtik domekara bitarte, San Mamesko leihatiletan ere eskuragarri egongo dira.
Erabakitzeko eskubidearen alde emandako pausoak garrantzitsuak direla nabarmendu du Badiolak: «Askatasunaren portura ailegatu gura badugu, gutxieneko adostasun bat lortu behar dugu kolore guztien artean. Hori ez da lortuko egun batetik bestera, baina ikusten da helburua gauzatuz doala». Ondarroako batzordeko arduradunak adibide bat jarri du mahai gainean: «Ondarroako Udal berria osatu zenean, zinegotzi guztiek, Gure Esku Dago-ren alkandora jantzi, aginte makila oratu, eta argazkia atera zuten. Ikaragarrizko aurrerapausoa da hori».
Zapatuan autobusez egingo dute bidaia Bilbora; batzuek, goizeko 10.00etan, egun pasa egiteko, eta besteek, 15.30ean, arratsaldeko ekitaldi nagusira ailegatzeko. «Euskaldunako zubiaren ondoan egongo gara 12.00etan, orduan lotuko baitira itsasadarreko bi aldeak oihalen bitartez».
Puntu berean kokatuko dira lekeitiarrak ere, gainontzeko Lea-Artibaiko biztanleak bezala. Goio Urkiaga Lekeitioko batzordeko arduraduna pozik da herrian sumatu duen giroarekin. «Joan den asteburuan, Gure Esku Dago-ren bandera jokatu zen, eta hamasei traineruk eraman zuten ekitaldiko kamiseta. Egun hori aprobetxatu genuen, gainera, talan oihalak zabaldu eta plazara arte kalejiran joateko». Otsailaren zortzian aurkeztu zuten herrian igandeko ekitaldia, eta geroztik lan handia egin dela dio Urkiagak. «Oihal asko josi dira, bai joste egunean eta bai ehuntze egunean ere. Jende askok hartu zuen parte».
Urte osoko prestaketak
Igandeko ekitaldiari begira, makina bat izan dira urtean zehar Bizkaiko hainbat txokotan egindako ekitaldiak. Horren adibide da Portugalete. Herriko batzordeak antolatuta, Jostunak dokumentala eskaini zuten jende aurrean, eta erabakitzeko eskubidearen inguruko mahai-inguru bat ere eratu zuten. Bertan, Udaleko alderdi guztietako politikariek hartu zuten parte. Koldo Saratxagak ere hitzaldi bat eman zuen ekimenaren alde, eta, joan den asteburuan, Portugalete eta Sestaoko jokalari beteranoek futbol partida bat jokatu zuten La Floridan.
Hala ere, Jon Ander Otxoa batzordeko arduradunaren esanetan, egunik politena Joste Eguna izan zen. «Jende asko bildu zen euren oihalak josteko eta margotzeko. Oso arrakastatsua izan zen».
Mungian ere jai berezia ospatu zuten aurreko astean. Inguruko auzo eta herrietako jendea mobilizatu, eta oihal kate erraldoiak osatu zituzten; Mungian bertan elkartu ziren guztiak. «Euria egin zuen, eta, hala ere, jende asko etorri zen inguruko herrietatik. Ikusten da gogotsu dagoela jendea», dio Marije Soriak, Mungiako batzordeko arduradunak.
Gustura dago herritarrek erakutsitako atxikimenduarekin. «Guk, zorionez, lokal bat dugu Butroi kalean, eta jende asko igaro da bertatik. Bariku, zapatu eta domekero ere postutxo bat jarri dugu plazan. Dagoeneko, jendeak ezagutzen gaitu kalean. Bi urte daramatzagu martxan, eta hori, azkenean, igarri egiten da».