Politika

Beñat Jimenez: "Europaren eraikuntzaren baitan, inork ezin du eragotzi Ipar Euskal Herria bere hizkuntza eta instituzio propioak dituen herri aintzatetsia izatea"

Batera plataformak antolatuta larunbatean Baionan egin zen manifestaldiak izan zuen erantzunarekin pozik agertu da Beñat Jimenez UDFko Paueko kontseilari eta Angeluko auzapezordeak, eta, halaber, Batera plataformako kideak. Izan ere, zortzi mila bat lagun batu ziren Baionako karriketan Ipar Euskal Herriko departamenduaren eta instituzio propioen zein euskararen ofizialtasunaren alde. Europaren baitan Ipar Euskal Herria herri aintzatetsia izatea inork ezingo duela eragotzi azpimarratu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

2003ko urriaren 13a
15:26
Entzun
Frantziako UDF alderdi demokrata-kristauko kide eta hautetsi da Jimenez,baina, alderdi horretako Ipar Euskal Herriko beste zenbait hautetsik eta Parisko agintarik ez bezala, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak departamendu bereizia osatzea eta instituzio propioak eskuratzea ezinbestekoa iruditzen zaio Iparraldeak etorkizunik izango badu. Hori dela eta, Batera plataformako kide da.

Ildo horretatik, ez dator bat bere alderdiak departamendua eta euskararen ofizialtasuna ukatuz duen jarrera ofizialarekin. Areago, ulertezina egiten zaio UDFko Ipar euskal Herriko zenbait hautetsik Batera-ren eskaeren aurka egotea. "Jarrera horiek zailak dira azaltzen", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Afera da hautetsiek maila nazionaleko kargu bat eskuratzen dutenean, Parisko kargu baten jabe egiten direnean, ahantzi egiten direla hemen gertatzen denaz. Parisko jauregi -en eragina handia da, eta itsu eta gor bilakatzen dira Euskal Herriko eskaerekiko. Penagarria da, batik bat, gure adiskideek horrela jokatzen dutenean; areago, hemengo hautetsi ziren bitartean Bateran militatu zutenean, eta gero, diputatu egin direnean beste aitzakia batzuk bilatu eta aurka jarri direnen kasuan", adierazi du.

Frantziako Gobernuaren deszentralizazio asmoek nolabaiteko itxaropena sortu ziotela aitortu du Jimenezek, baina, egun, egitasmo horrekin etsita dagoela. Nolanahi ere, Parisen zain ezin dela egon uste du UDFko hautetsiak, eta, ondorioz, bitatean, Ipar Euskal Herrian lan egin behar dela. Ildo horretatik, Europaren eraikuntzak eta horren barruan Iparraldeak izan dezakeen jokalekuak sortzen dio itxaropena: "Konfiantza handia dakat Europaren eraikuntzan. Nire alderdia, UDF, izan zen Europaren eraketaren oinarrietako bat, eta Europaren eraikuntza giltzarria izango da Ipar Euskal Herria aurrera atera dadin. Inork ezingo du eragotzi guk etorkizun bat izatean, guk nahi dugun etorkizuna Eurpa horretan: aintzatetsitako herri bat izatea gure hizkuntzarekin eta gure instituzioekin. Ezingo dute eragotzi".

Ipar Euskal Herriaren esakerak plazaratzeko eta gizarteratzeko garaian indarkeriaren aferak eragin kaltegarria duela esan du Jimenezek; hots, euskaldunen eskaerak indarkeriarekin parekatzen dituztela askok. Dena den, parekotasun hori Ipar Euskal Herriaren eskaerak ukatzeko aitzakia gisa erabiltzen dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.