Hezkuntza

Beaumonten arabera, zerrenda bakarrari buruzko erabakia oraindik ez da hartu

ELAk lan eskaintzako 200 postuetatik 150 euskaraz izatea eta 50 gazteleraz proposatu du

joxerra senar
2016ko otsailaren 5a
12:46
Entzun

Funtzio publikoko mahaiaren bilera izan dute gaur goizean. Asteazkenean onartuko du lan eskaintza publikoari buruzko deialdiaren dekretua Nafarroako Gobernuak eta horren aurrean proposamena aurkeztu die Maria Jose Beaumont Funtzio Publikoko kontseilariak. CCOO eta UGT alde azaldu dira eta ELA eta LAB aurka.

Atzo CCOOk aurreratu zuenez, Gobernuak ziurtatu zien zerrenda bakarrik ez dela egongo. Gaur, Beaumontek aipatu du ez dela horri buruz ezer erabaki oraindik. “Egia da sindikatu batzuk [ELA eta LAB] baldintza bezala jarri dutela, baina Gobernuak horri buruz ez du ezer erabaki”.

Datorren ikasturterako lan eskaintzan 200 lanpostu ateratzeko asmoa du Gobernuak, eta hasiera batean proposatutako beste 134 postuak (Haur eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 eta 14 inspektore) hurrengo urterako atzeratuko lituzke.

Horren aurrean, ELAk beste banaketa bat proposatu du deialdi honetarako: Euskarazko Haur Hezkuntzako 60, euskarazko Lehen Hezkuntzako 60, euskarazko 30 eta gaztelerazko pedagogiako 50. “Oharra hartu dut eta Gobernuari helaraziko diot proposamena”, aipatu du Beaumontek.

Beaumonten arabera, atzeratutako 120 postu horiek ez dira galduko. “Estatuko administrazioarekin hizketan ari gara, ezadostasun teknikoak konpondu asmoz”. Bere esanetan, iazko martxoko eta iraileko bi foru dekretuetan azaltzen diren funtzionarioen berritze tasekin ezadostasunak dituzte bi gobernuek, eta hori konponduz gero, estatuak “errekurtsoa kenduko luke eta ez legoke arazorik deialdia egiteko”.

Kontseilariak uste du Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitegiak laster hartuko duela erabakia alegazioak aurkezteko epea murriztu duelako. Premia hori iraileko dekretuaren aurkako helegitearen ondorioz da. Jada abian den suhiltzaileen lan deialdiari eragiten dio. Otsailaren 13an izango da lehen froga eta Beaumontek uste du aste hasieran hartuko duela Auzitegiak dekretuaren eteteari buruzko erabakia.

LABeko Alberto Goikoak bileraren ondoren adierazi du "inoiz baino okerrago" egin dela lan eskaintzaren kudeaketa. "Lotsagarria izan da hainbat sindikatu eta alderdien jarrera. Uste dugu euskara eta euskalgintza kaltetua atera dela, eta ez dugu somatzen aldaketarako inongo borondaterik". Hizkuntz eskubideen urraketaren lekukoa "Geroa Bairen gobernuak" hartu duela aipatu du. "Zerrenda bakarraren inguruan aintzinako akatsetan erori dira".

Marisa de Simon: "Irtenbide bat da"

Ezkerrak hasieratik kritikatu zuen azaroan Nafarroako Gobernuak egindako proposamena. Orain, proposamen berriaren aurrean bestelako jarrera azaldu du. "Irtenbide bat da estatuak jarritako helegitea aintzat hartuz gero", esan du Ezkerrako Marisa de Simonek Parlamentuan. "Lan egin beharko da hurrengo ikasturtean egonkortasun bat emateko irakaslegoari eta hori ona izango da sistema publikoarentzat". Gobernuaren hasierako lan deialdiaren aurkako herri-ekinaldi legegile bat proposatua zuen PSNk, baina De Simonen arabera, horrek "jada ez du zentzurik".

Ahal Duguk ere hasierako proposamenaren aurka azaldu zen. Laura Perezek adierazi du "segurtasun juridiko ezaren" ondorioz, oraingo konponbidea "gaitz guztien artean txikiena" dela. Bere esanetan, gobernuak idatziz konpromisoa hartu beharko luke 2016an eta 2017an "ahalik eta postu gehien ateratzeko".

PSNko Maria Txibite ere pozik azaldu da Gobernuak urrats bat atzera egin duelako, eta "arrazoizkoagoa" den proposamen bat egin duelako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.