35/02 auzia

Bederatzi auzipeturi karguak kendu, eta zigor eskaerak jaitsi dizkie gainontzekoei fiskalak

Bederatzi auzipeturentzat akusazioa kentzeko eskatu du fiskalak. Saioaren zuzeneko kontakizuna egin du Hodei Iruretagoiena kazetariak.

Epaitegiko sarrera, saioari ekin aurretik. HODEI IRURETAGOIENA
Hodei Iruretagoiena
2014ko martxoaren 6a
07:56
Entzun

Amaitzear da, bost hilabeteren ostean, herriko tabernen auziko epaiketa. Fiskalaren txanda izan da gaur, eta epaiketan bildutako ondorioak azaltzen hasi da. Zuzenean eman du Hodei Iruretagoiena kazetariak saioaren berri.

Adolfo Araiz, Mikel Arregi, Carlos Rodriguez, Ester Agirre, Santiago Hernando, Kepa Gordejuela, Pedro Felix Morales, Andres Larrea eta Isabel Mandiolarentzat akusazioa kentzeko eskatu du fiskalak, eta AVTk eta Dignidad y Justiciak ere bat egin dute harekin Hernando eta Mandiolaren kasuan. Ondorioz, epaileak absolbitu egin ditu biak.

Joseba Alvarez, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororentzat, berriz, lau urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du fiskalak.

Bi urte eta bi hilabeteko eskaerak egin ditu Agustin Rodriguez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaitz, Izaskun Barbarias, Sabin del Bado, Vicente Enekotegi, Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Jon Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Ruben Andres eta Enrique Alañaren aurka. Bi urte eta sei hilabetekoak, berriz,  Txekun Lopez de Aberasturi, Jasone Manterola, Floren Aoiz, Juanpe Plaza, Antton Morcillo, Santi Kiroga eta Jon Gorrotxategiren aurka. Jaitsi egin ditu beraz zigor eskaerak.

Guztien absoluzioa eskatu du, ordea, defentsak; gizartearen sektore handi bat sistema politikotik baztertu dela salatu dute abokatuek.

36 euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa egiten ari dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iazko urriaren 17an ekin zioten epaiketari. Sumarioa abiatu eta 11 urtera deklaratu dute urte luzez sumarioan nahastuta eduki dituzten lagunek. Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatzen dute epaimahaia.

Herenegun egin zuten agerraldia auzipetu guztien izenean. Nabarmendu zuten ez dela "frogatu" haien aurkako akusazioak egiteko oinarririk. "Ez da inputazio penal zehatzik egin, eta ez da akusazio elementu pertsonalizatu bakar bat ere aurkeztu", ohartarazi zuen Karmelo Landa auzipetuak akusatuen aulkian kide duen Sabin del Badorekin egindako agerraldian. Hortaz, epaituak zigortu nahi izatea konponbidearen eta demokraziaren aurka egin nahi izatea besterik ez litzatekeela esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.