Bederatzi baimen eskari, Araban gasa erauzi ahal izateko

Enara 3 putzuan zundaketak egiteko, ingurumen eraginari buruzko txostena beharko du Jaurlaritzak

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bederatzi baimen eskatu dizkio dagoeneko Espainiako Gobernuari, Araban gasa fracking edo haustura hidraulikoz atera daitekeen ikusteko. Jaurlaritzak baieztatu du Kuartangoko Enara 3 putzukoak ingurumen eraginari buruzko txostena beharko duela. «Bagenekien hori, baina, hala ere, eskatzea erabaki dugu. Gardentasun osoz egin nahi ditugu gauzak», adierazi zuen atzo Xabier Garmendia Industria sailburuordeak. Gaineratu zuen «ingurumenari, ekonomiari eta teknikari» lotutako irizpideen arabera egingo duela aurrera proiektuak.

Datorren astean fracking-ari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen. Atzo egin zen aurkezpena, eta bertan izan zen Garmendia, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariekin batera. «Proiektuaren inguruan jendeak izan ditzakeen zalantzak argitzea izango da jardunaldien xede nagusia, informazioa zabalduz eta froga zientifikoak emanez». Ameriketako Estatu Batuetan eta Frantzian izandako hainbat esperientziaren berri emango dute. Proiektuaren aurka dauden gizarte taldeetako ordezkariek ere parte hartuko dute jardunaldietan.

Agerraldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Energia eta Mehatzeetako zuzendari Jorge Letamendia ere. Hark emandako datuen arabera, oraindik erauzketa bakar batek ere ez ditu baimen guztiak lortu. Enara 1 eta 2 putzuetako (Gasteiz) izapideak daude aurreratuen. Ingurumen eraginari buruzko txostenik ez dute behar, eta Espainiako Industria Ministerioak zundaketak egiteko oniritzia eman du. Dena den, hirigintza arazo batzuen ondorioz, aldaketak egin behar izan dituzte. Horrek, Letamendiak azaldutakoaren arabera, atzeratu egin ditu tramiteak. Gasteizko Enara 4 putzuan zundaketak egiteko baimena ere laster lortzea espero du Jaurlaritzak.

Natura 2000 sarearen barruan dago, ordea, Kuartangoko Enara 3 putzua. Horrenbestean, Espainiako Gobernuak ingurumen eraginari buruzko baimena eman beharko dio. Zundaketek 25 milioi euroko kostua dute.

Protesta, bihar

Kuartango da, hain zuzen, bere burua fracking gabeko gune izendatu duen udalerrietako bat. Arabako Fracking Ez plataformak bultzatu zuen asmoa, eta jadanik hamabi udalerrik egin dute horretarako urratsa.

Bihar bertan, fracking-aren aurkako martxa egingo dute. Kuartangoko Luna aparkalekutik abiatuko da, 10:00etan. Hiru ordu iraungo du. Amaitutakoan hamaiketakoa eta musika izango dira.

Haustura hidraulikoz gasa erauztearen «arriskuez» ohartarazi nahi dute. «Osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria da. Gainera, Kuartangoko paisaiak aldaketa nabarmena izango du», esan dute antolatzaileek. Arabako Fracking Ez plataformak berak ehunka alegazio jarri ditu gasa erauzteko proiektu horien aurka.

Eusko Legebiltzarrak ere zuhurtziaz jokatzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta planaren ingurumen azterketa egitea galdegin zion. Alderdi guztiek babestu zuten hori, PSE-EEk izan ezik. Jaurlaritzak defendatu du hainbat herrialdetan sistema hori erabiltzen dutela gasa ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.