Lan gatazka konpontze aldera, beste proposamen bat aurkeztu dio zuzendaritzari Bilboko Metroko langile batzordeak. Lantaldea bederatzi beharginetan handitzea nahi dute. Hala, bost gidari eta lau ikuskatzaile gehiago izateko eskatu dute. «Horrela, metroa Basaurira iritsita ere, zerbitzuaren kalitateari eta segurtasunari eutsi egingo litzaioke. Hori da guk dugun lehentasun nagusia», adierazi zuen atzo egindako agerraldian batzordeko presidente Rafael Valenciak.
Azaroan inauguratuko dute Basauriko (Bizkaia) geltokia, eta ordurako gutxienez 167 gidari eta 182 gainbegiratzaile egon behar dutela uste dute langile batzordean ordezkaritza duten ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Gainera, gogorarazi dute hori zela 2009an Etxebarriko geltokia abian jarri zenean lan bitartekariak ezarritako langile kopurua. «Baina ez da bete». Hala, oharra egin diote zuzendaritzari: «Ez dugu inolako konfiantzarik zuzendaritzak arazoa konpontzeko duen borondate onean. Beraz, ez dugu sinatuko lantaldea zenbatekoa izango den azaltzen ez duen akordiorik. Argi azaldu beharko da, gainera, langile berriak noiz hasiko diren lanean».
Dagoeneko zazpi egunetan egin dituzte lanuzteak gatazkaren ondorioz. Zuzendaritzak lantaldearen osaketaren inguruan adostuta zeuden akordioak bete ez izanari egotzi diote egoera. «2009an hasi zen lanean zuzendaritza berria, eta ordutik 746tik 731ra jaitsi da langile kopurua metroan».
Orain, zuzendaritzaren esku jarriko dute proposamena. Onartu ezean protestekin eta lanuzteekin jarraituko dutela berretsi dute sindikatuek. Hala, iragarri dutenez, lanuzte partzialak egiten jarraitzeko asmo dute Aste Nagusira bitarte.
Bederatzi langile gehiago eskatu dituzte Metroko sindikatuek
Zuzendaritzarekin akordiorik lortu ezean, udan ere lanuzteekin jarraitzeko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu