Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta uztail erdialdean epaitu zituen bederatzi ondarrutarretatik bost absolbitu egin ditu. Lagun bat «osasun publikoaren kontrako delitua» egitea egotzita zigortu dute, beste bi ETAko kide direlakoan, eta bat hari laguntza eman ziolakoan.
Kargurik gabe aske utzi dituen lagunetatik bi, Zunbeltz Bedialauneta eta Igor Martin, preso eduki dituzte 2010eko urtarrilean atxilotu zituztenetik. Bi urte eta erdi baino gehiago egin dituzte preso ETAko kide izatea leporatuta. 17na urteko kartzela eskaerak zituztela eraman zituzten epaiketara. Epaimahaiaren absoluzioa jasota, bi presoak berehala askatzeko agindu zuen atzo epaiak.
Jon Iñaki Esnaolari eta Xeber Uriberi ETA laguntzea egotzi zien Fiskaltzak, eta zazpina urteko kartzela zigor eskaerak zituztela epaitu zituzten. Zigortzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi du epaimahaiak, eta absolbitu egin ditu. Olaitz Lema ere erakunde armatuari laguntza ematea egotzita epaitu zuten. Bost urteko espetxe zigor eskaera zuela joan zen epaiketara, baina, ahozko saioaren azken egunean, fiskalak erretiratu egin zuen akusazioa.
Jabier Zubizarretarentzat hamar urteko zigorra eskatu zuen fiskalak: zazpi urtekoa ETAri laguntza ematea egotzita, eta hirukoa «osasun publikoaren kontrako delitua» egitea egotzita. Erakunde armatuarekin loturarik ez zuela ebatzi du auzitegiak, eta hiru urteko zigorra jarri dio etxean drogak atzeman zizkiotelako.
Urtza Alkortarentzat 17 urteko kartzela eskatu zuen fiskalak ETAko kide izan eta armak gordetzea leporatuta. Bost urteko zigorra jarri dio auzitegiak, erakunde armatua laguntzea egotzita.
Ibon Iparragirreri eta Asier Badiolari hamar urteko kartzela zigorra ezarri diete, ETAko kide izanik «kalte terroristak» eragin zituztelakoan. 27na urtez preso izateko eskatzen zuen fiskalak.
Inkomunikazioko baldintzak
Akusazioen eta epaiaren arteko alde handiaz gain, tratu txarrei buruzko aipamena ere deigarria da Auzitegi Nazionalaren epaian. Ertzaintzaren eskuetan inkomunikazio egoeran atxilotuta egon zirenean tortura eta tratu txarrak jasan zituztela salatu dute behin eta berriz akusatuek, eta torturapean jasotako deklarazioak ezin direla aintzat hartu ohartarazi abokatuek.
Ertzainek atxilotuak torturatu zituztenik ez du esan epaimahaiak, baina jasan zuten tratuari buruzko zalantzak agerian utzi ditu. Hala, epailearen aurrean baieztatu gabeko deklaraziorik ez du aintzat hartu, eta atxilotuak inkomunikatuta egonik haien eskubideak babesteko neurririk hartu ez izana kritikatu du.
Atxilotuen abokatuek epaileari torturak saihesteko hainbat neurri hartzeko eskatu ziotela gogoratu du auzitegiak: senideei atxilotuak non eta nola zeuden jakinarazteko, konfiantzazko medikuei atxilotuak ikusteko aukera emateko eta atxiloaldia bideoz grabatzeko eskatu zutela. Eskaera horiek «arrazoizkoak» zirela dio epaiak, eta «inkomunikazioaren gainean benetako kontrola izateko» gauzatu behar zirela.
Bederatzi ondarrutarretatik bost absolbitu eta lau zigortu dituzte
Auzitegi Nazionalak absolbitu dituen bi lagun bi urtez eduki dituzte preso ETAko kide izatea leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu