Giza trafikoa

Bederatzi pertsona atxilotu dituzte Bilbon eta bat Tuteran, giza trafikoan aritzea egotzita

Atxilotuek prostituitzera derrigortzen zituzten hamabi emakume nigeriar "askatu" dituzte operazio berean.

Bilbon eginiko beste operazio bateko irudiak. BERRIA
2018ko urtarrilaren 26a
13:19
Entzun

Emakumeak engainatuta ateratzen zituzten sorterritik, eta ondoren 30.000 euro eskatzen zizkieten bidaiaren truke. Ordainketetan atzeratzen baziren 5.000 euro gehitzen zioten ordaindu beharreko kopuruari. Dirua ordaindu ahal izateko prostituitzera derrigortzen zituzten.

Orotara, hamabi emakume zeuden sarean harrapatuta. Bilbon eta Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak) egindako operazioan aurkitu dituzte. Denera, hamalau pertsona atxilotu dituzte giza trafikoan aritzea egotzita; horietatik bederatzi Bilbon, eta bat Tuteran (Nafarroa).

Belgikako Poliziak 2015ean abiatu zuen ikerketa giza trafikoaren biktima izandako emakume nigeriar baten salaketaren ondotik. Espainiako Poliziarekin elkarlanean jakin zuten sarea lau taldetan banatua zegoela eta kontaktuak zituela Nigerian, Marokon, Libian, Italian, Nergikan, Norvegian eta Espainiako Estatuan.

Hasiera batean Marokotik sartzen zituzten emakumeak Espainiako Estatura. Baina azken hilabeteetan Libiatik Italiarako bidea erabiltzen hasi ziren. Horretarako, emakumeek hainbat eguneko bidaia egin behar zuten oinez basamortuan zehar, Tripolitik gertu dauden kanpalekuetara iritsi arte, eta handik txalupaz Italiara. Bidean bortxaketak eta tratu txarrak jasan behar izan zituzten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.