Tortura

Bedoureten lekukotasunean oinarrituta torturak "bizirik" segitzen duela salatu du TATek

Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) Sebastien Bedouret frantziar kazetariak salatu dituen torturen berri eman du gaur. Izaskun Gonzalez TATeko abokatua atzo Soto del Real (Espainia) espetxean egon zen Bedouretekin eta zuzenean jaso zuen tortura testigantza. Gonzalezek esan duenez, orain arte TATen jaso diren tortura testigantzen "antzekoa" da Bedoureten salaketa. "Beraz, egoerak orain arte bezala jarraitzen du. Hau da, tortura bizirik dago".

2007ko urtarrilaren 18a
15:13
Entzun
Frantziarra, Parisko Txapalarta Irratiko kazetaria, eta urtarrilaren 6an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Hernanin (Gipuzkoa). Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostian Anoetako belodromoan antolatu zuen ekitaldira joatekoa zen Bedouret. Nazioarteko ordezkaritzarekin batera autobusean zela Guardia Zibilak kontrol batean geratu eta gero, Bedouret atxilotu egin zuten. Haren eserlekuaren parean ETAren Zutabe aldizkariaren ale bat zegoela esan zuen Guardia Zibilak. Hiru egun inkomunikatuta egin ostean, espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

TATek hedabideei Bedoureten testigantza banatu die. "'Intxaurrondon zaude. Ezagutzen al duzu hemengo historia? Testigantza asko irakurtzeko aukera izango zenuen, baina hemendik irtetean zeurea idazteko aukera izango duzu'", dio kazetariak testigantzan Guardia Zibilak euren kuartelera eraman zuen uneaz. Intxaurrondoko galdeketan, presio handia jasotzeaz gain, besteak beste maiz "buruan jo" zutela salatu du. "Baina ofiziko abokatua etorri zenean, ez nituen salatu tratu txarrak, beldurragatik". Guardia zibilek prestatutako deklarazioa buruz ikastera "behartu" zuten.

Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria ere egon da gaurko agerraldian (2003an Egunkaria-ren kontrako operazioan torturak jaso izana salatu zuen). Tortura, sistema batek osatzen duela esan du, eta torturaren sekuentzia osoa aurretik "planifikatuta" egoten dela.

Inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu du Otamendik. "Gainera, badaukagu orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrak ildo horretan egindako adierazpen bat. Inkomunikaziopean ireki eta aurrera eramandako prozedura guztiak bertan behera utzi behar direla eskatzen du adierazpenak, eta inkomunikazioan egindako adierazpenean oinarritutako auzi judizialak indarrik gabe utzi behar direla. Uste dut badela garaia Eusko Legebiltzarrari esateko berak egindako adierazpen hori betetzeko eta zeozer egiteko euskal herritar baten alde. Gainera, Bedoureten atxiloketa Euskal Herrian eman zen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.