Erretina konpontzeko ebakuntza egin ostean perfluoroktono botikarekin artatu zituzten 13 lagunek ikusmena galdu dutela baieztatu du gaur Donostiako Ospitaleak. Hala ere, ekainaz geroztik botika ez dutela erabiltzen eta beraz ez dutela kasu berririk espero zehaztu dute.
Donostiako Ospitalean ebakuntza egin zieten zortzi gaixok, Gurutzetako batek eta ospitale pribatu bateko beste lauk galdu dute ikusmena. Ekainaren lehen hamabostaldian atzeman zuten ebakuntza egin ostean gaixo horiek ez zutela behar bezala aurrera egiten. Ekainaren 23an Osakidetzari jakinarazi zioten, eta badaezpada, botika ez erabiltzea erabaki zuten.
Osakidetzako iturriek azpimarratu dute botika horrek aurrez ez duela inolako arazorik eman. Hipotesietako bat da botika sorta bat kalteturik zegoela.