Igande honetan izango dira Kilometroak, Azpeitian, Ikasberri Ikastolak antolatuta, eta jendearen babesa eskatu dute gaurko agerraldian, ikastolak behar berriak dituela argudiatuta. Izan ere, Ikasberriren arabera, matrikulazioa goraka doa eta azpiegiturak handitu beharrean dira.
“Ikastola laguntza beharrean da. Iraganeko, gaurko eta etorkizuneko diru beharrei erantzun behar dio. Matrikulazioan dugun goranzko joera dela eta, administrazioaren finantza planak motz eta zaharkitu gelditu zaizkigu. Ikasturtea administrazioaren aldetik finantzatu gabeko lau gelarekin hasi du ikastolak”, esan du Aitor Unanue Azpeitiko Ikastolako lehendakariak gaur, Donostian.
Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkartea 1995ean sortu zuten. Gaur egun 500 ikasle ditu ikastolak, eta haur hezkuntzatik batxilergora arteko mailak eskaintzen ditu.
Aurtengo festan sarrera guneetan dirua uzten duenari eskumuturrekoa jarriko diote, laguntza eman duela azpimarratzeko. Horrekin adierazi nahi dute Kilometroak ez direla festa soilik. Laguntzaileek ikastolan idatzizko testigantza uzteko aukera edukiko dute.
Klik! lelopean izango da Gipuzkoako ikastolen aldeko aurtengo jaia. Sei kilometro izango ditu ibilbideak, eta bost gune: ikastola, Loiola-Loiolatxo, Goena, Garmendipe eta Azpeitiko plaza —azken hau ibilbidetik kanpo—.
9:30ean irekiko dute zirkuitua, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi izango da: musika (Anje Duhalde, Ken Zazpi, Betagarri, Ze Esatek!, Egurra ta kitto!, Des-kontrol, Pantxoa eta Peio, Kupela...), umeentzako ikuskizunak (jolasak, puzgarriak, pailazoak...), rokodromoa, zezensuzkoa, dantzariak...
Jan-edanik ere ez da faltako, eta hiru menu bereziko eskaintza izango da: sagardotegikoa, Kilometroetakoa eta Kirurikoa. Beste daturik: 26.000 otarteko, 120.000 edalontzi berrerabilgarri, 2.000 kilo solomo...
1.300 boluntario ariko dira lanean.
Halakoetan ohikoa den bezala, Azpeitira iristeko garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Azpeitiko aparkaleku bereziak betetzean, herritik kanpoko aparkaleku bereziak erabiliko dituzte, eta horietatik zirkuitura joateko eta itzultzeko autobusak egongo dira. Guztira, 14.000 autorentzako aparkalekuak eta 300en bat autobusentzako tokia prestatuko dute iganderako.
Igandean bertan Reala-Athletic Espainiako Lehen Mailako derbia izango dela-eta 12:00etan, Kilometroetako arduradunak ibilidean pantaila erraldoiak jartzea aztertzen ari dira.
1979an eta 2000an ere Azpeitian izan ziren Kilometroak.
Urriaren 16an Nafarroa Oinez izango da, Tafallan.