independentzia

"Behar izango balitz, Konstituzioa betearazi" egingo luke Raxoik

Espainiako gobernuburuak katalanei "erantzukizuna" izateko eskatu die, eta itun fiskala baztertu egin du, hau ez delakoan garai egokia hori aldarrikatzeko. Pere Macias CiUko diputatuak katalanen erabaki eskubidea aldarrikatu du.

2012ko irailaren 19a
15:15
Entzun

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak katalanen independentzia aldarriari mezua bidali zion atzo, "ameskeriak" alboratzeko eskatuz, eta gaur Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuaren txanda izan da, Kongresuan Rosa Diez UPDko parlamentariak eraginda. "Behar izango balitz Konstituzioa betearazi" egingo lukeela esan du Raxoik.

Lehengo astean Katalunian independentziaren aldeko Diada historikoa egin zuten.

Diezek iradoki dio hor dagoela 155. artikulua Espainiako Konstituzioan; hau da, autonomia desegiteko aukera. Presidenteak, bere erantzunean, ez du zehazki halakorik aipatu.

Pere Macias CiUko diputatuak Vicente del Bosque Espainiako futbol hautatzaileak lehengo astean Ser irrati katean esandako bat gogoratu du bere hitzaldian: "Herri bakoitzak bere etorkizuna erabakitzeko askatasuna izan behar du". Diadako manifestazioan izan ziren "milioi eta erdi lagunek" horixe eskatzen dutela esan du CiUkoak.

Maciasen arabera, "Katalunia ez doa inoren kontra", eta, aldiz, Kataluniak arlo ekonomikoan ez du tratu egokia jasotzen. CiUkoak esan du katalan gehienak ez daudela ados egoera horrekin.

Raxoi-Mas bilera bihar zerga sistemaz

Raxoik eta Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak bihar bilera egingo dute, Masen itun fiskalaren proposamenari buruz. Raxoik aurreratu du ez dagoela ados proposamenarekin, eta, gainera, azaldu du hau ez dela garai egokia hori eskatzeko. "Erantzukizuna" izatea galdegin du.

Felip Puig Generalitateko Barne sailburuak azaldu du Raxoi-Mas bilerak "Kataluniaren burujabetza fiskalean" aurrera egiteko balio beharko lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.