Atzo joan ziren Mendigorriako guraso talde bat euren sei haurrak herriko ikastetxean matrikulatzera, baina eskaera ez zen kontuan hartu. «Aurrematrikulekin gertatu bezala, matrikulak ez hartzeko agindua dute. Matrikulatzeko ahalegina egin dugun frogagiria dugu», azaldu du Iñigo Lerga gurasoetako batek. Aurrematrikulen kasuan, Nafarroako Arartekoaren bidez azalpenak eskatu arren, Nafarroako Hezkuntza Departamenduak ez die ezer esan. «Ez dugu ez ezezkorik, ez baiezkorik. Familiak asko sufritzen ari gara».
Horregatik, gaur goizean Nafarroako Hezkuntza departamendura jo dute, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin bilera eskatzeko asmoz. Agurne Gaubeka Behatokiko ordezkariaren hitzetan, haur horiek «linboan» daude. Gaubekaren arabera, errekurtsoari erantzuteko hiru hilabeteko epea dago, eta tarte horretan gobernuaren azalpen politikoak ere entzun nahi dituzte. Erantzun egokirik eman ezean, epaitegietara jotzeko borondatea adierazi dute.
Salatu dutenez, gobernuak ez dio erantzun Mendigorriko guraso taldeak D eredua zabaltzeko eta herriko ikastetxean euskaraz eskolak emateko eskaerari. Urteotan, gurasoek haurrak Garesera eraman behar izaten dituzte, eta horrek haurrentzat zein gurasoentzat dakartzan ondorioez ohartarazi dute: istripua izateko arriskua, haurrak eremu sozialetik ateratzea, kontziliazio arazoak... «Beraien haurrek euskaraz ikastea nahi duten familiak aukera horri muzin egitera behatzen ditu Nafarroako Gobernuak», kritikatu du Gaubekak.
Irtenbide faltaren aurrean, Behatokiak galdetzen du zenbat guraso egon daitezkeen beste hezkuntza aukeren alde egiten dutenak, euren nahiari bide ematen ez zaiolako. «Nekez jakin genezake zenbat diren, jartzen zaizkien oztopo guztiak ikusita. Non geratzen dira datu horiek, Gimeno jauna? Zein dira baldintza zehatzak ikastetxe batean D eredua ireki ahal izateko?», galdetu du Gaubekak.
Haren ustez, «egunaren eta interesaren arabera» aldatzen dira erantzunak eta irizpideak. Salatu dute euren errealitatea dela azkenean Mendigorrian urte hauetan guztietan D ereduan matrikulatu nahi izan duten gurasoek ezin izan dutela egin; aldiz, «G ereduan matrikulatu nahi izan duen haur bakarrak ez du inongo oztoporik izan».
Euren esanetan, landa eremuko eskolen iraupenerako funtsezkoa da herri horiei etorkizuna ematea eta bertan lan egiteko eta ikasteko aukera berdintasuna ahalbidetzea. Espero dute oraingo honetan Nafarroako Gobernuak erantzun egokia emango diela euren eskaerei. Bestela, epaitegietara joko dute.