Euskara

Behatokia: "Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ustez, euskararen ezagutza lanerako gaitasun plusa da"

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako azken ebazpena "ontzat" eman du, epaileak egin duen azalpenaren arabera, "euskararen ezagutzak ez du lanerako gaitasun eskasagoa eragiten, aitzitik plusa da". Behatokiaren arabera, 372/2000 Foru Dekretuko artikulu batek hizkuntz eskubideak urratzen zituen, Nafarroako Gobernuak langile elebiduna izatea gutxietsi eta zigortu egiten zuelako. Azkenean, epaileek Behatokiari arrazoia eman diote.

2003ko azaroaren 26a
16:58
Entzun
Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetutako artikuluaren arabera, euskarazko lanpostuak eskuratzen zituztenek, aurrerantzean, euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan soilik parte hartu ahalko zuten. Zeharka bada ere, auzitegiak 372/2000 Foru Dekretuaren edukiari eutsi dio lehenbiziko aldiz. Gogoratu behar da 2002ko ekainean baliogabetu egin zuela aipatu Foru Dekretua forma akatsengatik.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, artikulu horrek ere hizkuntz eskubideak urratzen zituen, Nafarroako Gobernuak langile elebiduna izatea gutxietsi eta zigortu egiten zuelako. Azkenean, epaileek Behatokiari arrazoia eman diote.

Behatokiko zuzendariak, Juan Inazio Hartsuagak, eta Kontseiluko Ildo politiko-instituzionalaren arduradunak, Iñaki Lasak, azpimarratu dutenez, oso inportantea da epaileak egiten duen azalpena, hots, euskararen ezagutzak ez du lanerako gaitasun eskasagoa eragiten, aitzitik plusa da. "Berezko hizkuntza baten ezagutza ezin da erabili beste lanpostu batzuk eskuratzeko ezaugarri murriztaile gisa, izan ere, zigorra dela dirudi. Gainera, epaile honi normala iruditzen zaio batzuetan euskararen ezagutza derrigorrezkoa izatea", adierazi du Hartsuagak.

Nafarroako Gobernuarentzat hizkuntza aniztasuna arriskutsua da

Behatokiko eta Kontseiluko ordezkarien arabera, hizkuntz aniztasuna zerbait positiboa eta aberatsa izan beharrean, Nafarroako Gobernuarentzat arriskutsua da. "Hizkuntz aniztasuna eta, gure kasuan, euskararen normalizazioa sustatzea eta bultzatzea kohesio sozialaren alde aritzea da", esan du. Nafarroako Gobernuak, euskal hiztunak zokoratu nahi dituela salatu dute, "ghettoak sortu nahi ditu, horrelako politikak ustez gaindituak zeuden garaietan".

Beste aldetik, Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute. "Europan hizkuntz aniztasunaren aldeko neurriak aztertzen ari diren bitartean, Nafarroako Gobernuak beste bide bati ekin dio, bertako hizkuntzaren normalizazioaren kontrako neurriak hartuz", azpimarratu dute Behatokiko kideek.

Halaber, Nafarroako Gobernuari dei egin diote hizkuntz normalizazioa epaileen esku utz ez dezan eta hizkuntz eskubideak zein euskararen normalizazioa bermatuko dituen politika eraginkorra lehenbailehen abia dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.