Euskaldunen hizkuntza eskubideen egoerak, oro har, gutxi egin du hobera. Hala ondorioztatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Atzo aurkeztu zuen iazko urteari dagokion Hizkuntza eskubideen egoera Euskal Herrian txostena. Ondorioak 2013ko txostenean azaldutako igualtsuak dira. Osasun alorrean, familia medikua eta pediatra euskaldunak lortzeko zailtasunak ez dira konpondu. Segurtasun indarrekin harremana euskaraz edukitzeak nekeza izaten jarraitzen du. Justizian, egiturazko arazoek bere horretan segitzen dute. Hezkuntzan, itxaropen zantzu bakarra 2014an Nafarroan Euskararen Legea aldatzeko egindako lehen pausuan baino ez dute ikusi. Horregatik, mezu ezkorretik aldendu eta baikorra zabaldu nahi izan dute aurten, eta lorpen txikiek duten garrantzia nabarmendu dute.
«Txikiak eta apalak izanagatik ere, garrantzitsuak dira, zabaldu egiten dituztelako herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten aukerak», azpimarratu du Garbiñe Petriatik, Behatokiko zuzendariak. «Aldaketa, zalantzarik gabe, ez da bat-batekoa eta orokorra izango. Aldaketa txiki bakoitzak ekarriko du egoera orokorraren hobetze bat». Horregatik iruditzen zaio «garrantzitsua eta eskertzekoa» herritarrek egiten duten ahalegina.
Euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak goraipatu ditu. Gero eta gehiago direla nabarmendu du, gainera. Eta horiek dira Behatokira laguntza eta aholku eske jotzen duten herritarrak. «Euskaraz bizitzeko duten nahi hori gauzatzerakoan, zailtasunak aurkitzen dituzte, arazo handiak. Gaur egungo errealitateak ez die uzten beren hautu hori aurrera eramaten edo praktikan errealitate egiten». Frustrazioa eta amorrua sentitzen dituztela azaldu du, eta sentimendu horiek bultzatzen dituztela egoera hori aldatzeko ahalegina egitera. Horren harira, aurtengo Korrikari egin dio aipamen: «Zabaldu zaigun leloa, gure artean nagusitu duen mezua, bere egiten ari da herritarra: boteretzen edo ahalduntzen ari dela esan dezakegu».
Batzuetan, euskaraz bizitzeko arazoa pertsonala izaten da, norbanakoari eragiten diona; konponbidea ere harentzat da mesedegarri. Beste batzuetan, ostera, euskaldun guztientzat izaten da lorpena. «Herritar batek kexa agertu duelako webgune bat euskaraz ere egon dadin lortzea denontzat da ona». Edozein kasutan, Petriatirentzat denak dira garrantzitsuak euskararentzat.
Deia erantzuleei
Behatokiko langile Edurne Arrizibitak iazko lorpen batzuen adibideak eman zituen agerraldian. Bereziki, Alzheimer gaitzak jotako andre gipuzkoar baten kasua aipatu zuen. Afagi elkarteak antolatutako psikoestimulazio tailerretan parte hartu nahi zuen, baina gaztelaniaz baino ez ziren eskaintzen. «Euskaraz hobeki moldatzen dela zioen, euskara bere ama hizkuntza zela eta tailerra euskaraz egin nahi zuela. Bildu ginen elkarteko kideekin, oso harrera abegitsua egin ziguten, eta, azkenean, euskaraz egin ahal izan zuen tailerra. Onura beretzat izan zen, baina euskararentzat pauso garrantzitsua da». Beste adibide bi ere aipatu ditu: Bilboko El Corte Ingles ordainagiriak ele bitan ematen hastea eta hiriburu bereko Metropolitan gimnasioak bozgorailuetatik mezuak euskaraz ere zabaltzea. «Deitu gintuen herritarrak mezua bidali zigun, pozik, lehenengoz bozgorailuetatik euskara entzun zuenean».
Jendeak oztopo horiek jasan behar izatearen atzean horren erantzukizuna duten pertsonak daudela ohartarazi du Petriatik. Eskubideak bermatu behar dituztenek askotan «uzkur» jokatzen dutela salatu du. Iruditzen zaio sor daitezkeen arazoak ez direla aurreikusten; ez direla saihesteko neurriak hartzen. Urraketa horien arduradunak, administrazioetako politikariak ez ezik, arlo pribatukoak ere badirela onartu du. Baina, bereziki, sektore publikoa aipatu du. «Agintariek utzikeriaz jokatzen dute, eta, herritarrak ahalegin bat egiten duen arte, eroso sentitzen dira». Euskaraz bizitzeko nahia bermatzea haien lana dela gogorarazi die, herritarren eskubidea delako.
Administrazio eta entitate pribatuek eskubide horrekiko konplizitatea bilatu behar dutela adierazi du. «Ezinbestekoa da bakoitzak, dagokion mailan, bere ekarpena egitea». Aldi berean, herritarrei orain arteko bidetik jarraitzeko deia egin die, baina «intentsitate gehiagorekin eta presio handiagoa eginda».