Aste Santu berezia izango da aurtengoa. Bidaiak izugarri ugaritzen diren garaian, bidaiarik ez, itxialdia. Izan ere, osasun krisiak bere horretan jarraitzen du. Hildakoen kopuruak berriro egin du gora. Beste 56 hildako zenbatu dira gaur, bezperan baino hiru gehiago. Hildako gehienak Bizkaian izan dira (25), eta, gero, Araban (17), Gipuzkoan (10), eta Nafarroan (4). Nafarroan izan ezik, lurralde guztietan pertsona gehiago hil dira bezperan baino. Guztira, 846 hildako, gaur arte. Positiboen kopuruak ere gora egin du: 543 positibo berri zenbatu dira, aurreko eguna baino 208 gehiago. Ospitaleratuenak, berriz, behera: 203 pertsona gutxiago. Ospitaletik sendatuta ateratzen direnak sartzen direnak baino gehiago dira.
Krisiari aurre egiteko ahaleginei dagokienez, Europatik datoz kezka seinaleak. Eurotaldea ez da gai izan oraingoz akordio bat egiteko. Europako Batasunak zatituta jarraitzen du iparraldeko eta hegoaldeko estatuen artean. Horrez gain, Mauro Ferrari Europako Ikerketa Batzordeko buruak kargua utzi du. Koronabirusaren krisiari aurre egiteko proposatu zituen neurriei Bruselak traba burokratikoak jarri dizkiola argudiatu du.
Bien bitartean, Wuhanen amaitu dute urtarrilean hasitako berrogeialdia. Azken asteetan soilik bi kasu agertu dira; astelehenetik hildakorik ez. Normaltasuneranzko lehen urratsak egiten hasi dira, baina normaltasunetik urrun oraindik, Zigor Aldamaren kronikaren arabera.
Hezkuntza arloko bi albiste aipagarri izan dira gaur. Batetik, Nafarroaren bide beretik, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu hezkuntzako lan deialdiak. Ez du zehaztu noiz egingo diren. Bestetik, EHUk, Mondragon eta Deustuko Unibertsitateak online amaituko dute ikasturtea. NUPek eta Nafarroako Unibertsitateak joan den astean hartu zuten erabaki bera.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka
Agian honek ere merezi du
Insomnioa. Salbuespen egoeretan insomnioa areagotzen ohi da. Pantaila bati begira egoteak eta ordutegi zehatzik ez izateak lo egiteko arazoak handitzen dituzte. Gai horri heldu dio Rafael Tellez medikuak, June Prietok eginiko elkarrizketan.
Inkisidoreak. Jokabide inkisidoreak ere azaleratu ditu konfinamenduak. Motiboak jakin gabe kalean oinez edo bizikletaz doazenak salatzea, edo Poliziaren gehigikeriak txalotzea. Jon Orzaiz kazetariak lekukotza batzuk bildu ditu.