Behin-behineko agiri bat eman nahi diete sexua aldatzen ari direnei

Jaurlaritzak lege egitasmo bat egin du transexualei eskubideak aitortzeko eta «arreta integral egokia» emateko

Gay, lesbiana eta transexualen nazioarteko egunean, Bilbon egindako manifestazio bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Pertsona transexualek sexua aldatzeko tratamendua hasten dutenetik nortasun agiria aldatzen dieten arte bi urte baino gehiago igarotzen dira gaur egun. Irudi fisikoa eta nortasun agiriko datuak bat ez etortzeak diskriminazioa eragiten du, eta, hori saihesteko, EAEko administrazioek behin-behineko agiriak ematea proposatu du Eusko Jaurlaritzak, transexualei eskubideak aitortzeko lege egitasmoaren barruan.

Behin-behineko nortasun agiri hori jaso nahi duten pertsonak bi baldintza bete beharko ditu, Jaurlaritzak atzoko gobernu bileran onartutako lege egitasmoaren arabera. Alde batetik, psikologo edo mediku baten txostenaren bitartez egiaztatu beharko du sexu biologikoaren eta berezkotzat sentitzen duen genero identitatearen artean gutxienez sei hilabetez «disonantzia egonkorra eta iraunkorra» egon dela. Bestetik, berezkotzat sentitzen duen generoa nortasun nahasmendu baten ondorioa ez dela frogatu beharko du, eta borondate «zalantzarik gabekoa eta iraunkorra» azaldu.

Neurri horren berri eman zuen Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak, pertsona transexualei eskubideak aitortzeko lege egitasmoa onartu ondoren. Gainontzeko herritarren moduko «arreta integral egokia» jasotzeko eskubidea bermatzeko helburua du ekimenak. Osasunaz gain, eskubide berdintasun hori arlo juridikoan edota lan arloan bermatu nahi du Jaurlaritzak. Ildo horretan egin dute lege egitasmoa, transexualitatearen definizioa zehazteaz gain, erroldan sexua eta izena aldatzeko baldintzak erraztea Espainiako legearekiko.

Osasun arloan sexua aldatzeko tratamenduak legez aldarrikatu ahal izango dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pertsona transexualek, tratamendua zein ebakuntzak eskubide bihurtu nahi baititu Eusko Jaurlaritzak. «Gaur egun martxan dauden zenbait politika eskubide bihurtu nahi ditugu», nabarmendu du Zabaletak. Neurri horrek tratamenduak jasotzeko aukeretan eragin handirik izango ez duen arren,Gurutzetako ospitalean (Bizkaia) dagoen Genero Unitatearen berrindartzea ekarriko du

Berdindu zerbitzua mantentzea ere bermatu nahi du Jaurlaritzak lege egitasmoaren bitartez. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzako zein horien senideei kasu egiteko eta aholku emateko zerbitzua da, eta 662 pertsona artatu zituen iaz.

Gobernu bileran onartu ostean, Eusko Legebiltzarrera bidali dute lege egitasmoa. Lege bihurtzeko bidea hasiko du bertan, eta, ezustekorik ezean, ez dute onartuko urte bukaerara arte edo datorren urtera arte.

Adingabekoen arreta

Errespetuz, pertsona transexualen integraziorako eta defentsarako elkartea, baikor agertu da Eusko Jaurlaritzak onartutako testuarekin. «Ekarpenak eskatu zizkigutenean lege egitasmo bat bidali genien, eta bertan egindako ekarpen gehienak aintzat hartu dituzte», azaldu du Sarai Montes Errespetuz-eko presidenteak.

Egunerokotasunean gertatzen diren diskriminazio egoerak saiheste aldera behin-behineko nortasun agiria helaraztearen garrantzia nabarmendu du. Hain zuzen ere, lana bilatzerakoan nortasun agiriaren eta benetako irudiaren artean ezberdintasunak egoteak transexualei ate asko ixten dizkiela gogorarazi du Montesek.

Adingabeen arreta ere nabarmendu du, eta atzo onartutako lege egitasmoak kontuan hartu duela aurreratu du. «Adingabeen tratamendua funtsezkoa da,etorkizuneko arazo asko saihets ditzakeelako». Adibide bat jarri du Errespetuz-eko presidenteak: mutil sentitzen den neska bati bularren garapena eteteak ahalbidetuko du nagusi denean ebakuntza egin beharrik ez izatea. «Adingabeen Legeak gazteen babesa bermatzen du, baina, transexualen kasuan, epe luzera eragozpenak sortzen dira, tratamendua ukatu egiten baitzaio».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren transexual atzerritarren egoeraz ohartarazi du Zuriñe Martinez Baztanek, Las Trans elkarteko kideak. «Asko eta asko inolako agiririk gabe bizi dira hemen», gogorarazi du. Lege egitasmoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsonak aipatzen ditu, baina beste ezer ez du zehazten. Martinez Baztanek dio lege egitasmoak argitu beharko lukeela seme-alabak izateko aukera ere, gaur egun aukera horiek ukatzen dituztelako legeek.

Legearen erdigunea «asistentzia» dela gogorarazi du Las Trans elkarteko ordezkariak, eta aldaketa sakonagoak behar direla nabarmendu du: «Bizimodu duina aldarrikatzen dugu gizartearen barruan, baina errazagoa da %1 aldatzea testuingurua aldatzea baino; gizarteak ez gaitu onartzen, eta hori aldatzea zaila da». Ordea, aldaketa hori lortzea zailagoa dela aitortu arren, gizartearentzat «aberatsagoa» litzatekeela gaineratu du Martinez Baztanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.