Homeopatia

Behin betiko arautu nahian

Hego Euskal Herriko farmazietan aspalditik saltzen dituzte produktu homeopatikoak; Espainiako Osasun Ministerioak behin betiko arautu nahi du arlo hori.

Sendabidea ala iruzurra? Auzitan jartzen den homeopatia arautu nahi du Espainiako Osasun Ministerioak.
gotzon hermosilla
2014ko urtarrilaren 5a
09:01
Entzun

Espainiako Gobernuak iragarri du produktu homeopatikoak homologatzeko eta arautzeko bideak aztertzen ari dela, eta Osasun Ministerioak agindu bat plazaratuko duela laster helburu horrekin. Agindu horretan zehaztuko dira produktu horiek nolako baldintzak bete beharko dituzten ministerioaren oniritzia jaso ahal izateko.

Albisteak ertz bat baino gehiago dauka. Alde batetik, Ana Mato buru duen ministerioak egoera arautzeko agindua plazaratzen badu, Ministerioak berak ezarritako baldintzak betetzen dituzten produktu homeopatikoak farmazietan saldu ahal izango dira, botika arruntak bezala. Praktikan, oraingo egoera normalizatzea ekarriko luke horrek, jada hainbat eta hainbat produktu homeopatiko salgai baitaude farmazietan. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak behin-behineko agindua eman zuen 1994an zenbait produktu homeopatiko, 19.000 orotara, farmazietan saldu ahal izateko, eta geroztik, produktu horiek saldu izan dituzte arazorik gabe. Behin-behineko neurria izan zen hori, behin betiko arautzea iritsi bitartean auziari irtenbide bat ematearren, baina geroztik ia hogei urte igaro dira arlo horretan pausorik eman gabe.

Ministerioaren erabakia ez da hutsetik sortu. Europako Batasunak aspaldi eman zuen produktu homeopatikoen inguruko arauak bateratzeko agindua, eta, orain, agindu hori estatu bakoitzaren legerian txertatu behar da. Betebehar horri erantzun nahi dio Espainiako Osasun Ministerioaren erabakiak.

Bete beharreko baldintzena da beste puntu korapilatsu bat. Proiektuaren zirriborroan agertzen denez, modu industrialean ekoitzitako botika arruntek betetzen dituzten baldintzak bete beharko lituzkete produktu homeopatikoek ere, hots, laborategiek txosten bat aurkeztu beharko dute produktu horien kalitateaz, segurtasunaz eta eraginkortasunaz.

Izaera homeopatikoa

Hala ere, zirriborroan aurreratzen da produktu horien izaera homeopatikoa hartuko dela kontuan eta, hortaz, balorazioa produktu horien erabilpen tradizionalean oinarrituko dela, eta ez, botika arruntekin gertatzen den bezala, laborategietan egindako probetan. Azken oniritzia Osasun Ministerioaren menpeko den agentzia batek eman beharko du, AEMPS Botika eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak.

Beste ondorio garrantzitsu bat ekarriko du produktu homeopatikoen arautzeak, zenbaiten ustez ministerioaren erabakia ulertzen lagun dezakeena: enpresek zergak ordaindu beharko dituzte, 390 bat euro gaixotasun zehatz bat sendatzeko sorturiko produktu mota bakoitzarengatik, eta 90 bat euro askotariko erabilerak dituzten produktuengatik. Diru iturri polita, inondik ere, osasun arloan murrizketak eta pribatizazioak ugaritzen ari diren garaiotan. Beste aldetik, produktu horien publizitatea egin ahal izango dute enpresek, errezetarik gabe saltzen diren botikekin gertatzen den bezala.

Espainiako Osasun Ministerioaren aginduak Hego Euskal Herriari eragingo dio. Ipar Euskal Herrian, aldiz, egoera oso bestelakoa da. Frantziako Estatuak osasun zerbitzu publikoetan sartzen du homeopatia, diruz laguntzen ditu produktu homeopatikoak eta nahiko tratamendu mota hedatua da: zenbait iturriren arabera, herritarren %40k erabiltzen dituzte horrelako produktuak. Onarpen eta laguntza publiko horien ondorioz, produktu homeopatikoak merkeago eta aiseago lor daitezke Ipar Euskal Herriko saltokietan: Hego Euskal Herriko herritar askok horietara jo ohi dute, topatzen ez duten produkturen bat eskuratzeko edo Hego Euskal Herriko farmazietan salgai daudenak merkeago erosteko.

Josean Garin Illarramendi mediku homeopata da, eta Bilboko Medikuntza Akademia Homeopatiko Unizistako kidea. Normalizazioaz baino, nahiago du "gaurkotzeaz" hitz egin Espainiako Osasun Ministerioaren asmoak aipatzean: "Azken finean, Europak agindu du gaia araututa ez dagoen herrialdeetan arautu egin behar dela, eta araututa dagoenetan, berriz, produktuen zerrendak gaurkotu behar dituztela. Azken hori da Espainiako Estatuaren kasua, badagoelako 1990eko hamarkadatik produktu homeopatikoen zerrenda bat, eta orain gaurkotu egin beharko da".

Zuhur agertu da Garin Espainiako Osasun Ministerioaren aginduaren inguruan, "oraindik ez baitira ezagutzen horren nondik norakoak. Txostenak eskatu dizkiete produktu homeopatikoak ekoizten dituzten enpresei, eta bi elkarteri ere iritzia eskatu diete, SEMH Medikuntza Homeopatikoko Espainiako Elkarteari eta FEMH Mediku Homeopaten Espainiako Federazioari. Oraindik zabalik dago ekarpenak egiteko epea [aste honetan amaitzen zen]. Beraz, oraingoz ez dago ezer finkorik eta ezin da horren inguruko baloraziorik egin. Ikusiko dugu".

Egoera argitzea berez "positiboa" dela deritzo Garinek, batez ere produktuen eskuragarritasunari begira: horretan lan egiten duten profesionalek produktu jakin batzuen zerrenda erabili ahal izatea eta produktu horiek eskuratu ahal izango dituztela bermatuta egotea. Elkarteei iritzia eskatu izana ere positibotzat jotzen du Garinek: "Elkarte gehiago ere badaude, baina garrantzitsuenekin behintzat mintzatu dira, eta hori positiboa da".

Dena dela, Garinek aurreikusten du produktu homeopatikoei ezarriko dizkieten zerga berrien auzia korapilatsuagoa izan daitekeela: "Aukera guztiak daude zabalik, baina gaurkotzeak, seguru asko, zergak handitzea ekarriko du, merkatua asko zabaldu delako, eta zerga horiek oso handiak badira gerta daiteke laborategi batzuek zenbait produktu egin nahi ez izatea. Jada, laborategi batzuek nahiko murriztu dute produktuen eskaintza".

Baina hori, Garinek dioen moduan, «laborategien kontua» da. Arlo horretan lan egiten dutenak beste kontu batek kezkatzen ditu: "Gure aldetik, produktuen eskuragarritasuna eskatzen dugu, hau da, paziente bati botikaren bat errezetatzen diogunean, produktu hori aurkitzeko aukera egotea. Espero dezagun oraingo gaurkotze horrek hori bermatzea".

Polemikaren hautsak

Espainiako Gobernuaren iragarpenak berriro ekarri du hizpidera homeopatiaren inguruko eztabaida. Ostera ere harrotu dira produktu homeopatikoen eta, oro har, homeopatiaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duten iritzien hautsak, hedabideetan zein sare sozialetan.

Horietan deigarriena edo arrakasta handiena biltzen ari dena, beharbada, No Sin Evidencia (ez ebidentziarik gabe) izeneko ekinbidea da, izen bereko adierazpenarekin abiatu zena eta orain atxikimenduak jasotzen ari dena Espainiako Gobernuak iragarri duen arautzearen kontra. Haien eskaria argia da: "Entsegu kliniko bidez gutxienez plazeboak baino eraginkortasun eta segurtasun maila handiagoak frogatu ez dituen tratamendurik ez onartzea".

Garinek uste du kritika horiek "alde ilunetik" datozela, eta "aukeratzeko eskubidea" lehenesten du horrelako jarreren aurrean: "Norbaitek ohiko medikuntza aukeratzen badu bere burua sendatzeko, niri bikain iruditzen zait. Baina beste bide bat bilatzea aukeratzen duena errespetatu beharko genuke. Jendeak hautatzeko aukera izan beharko luke".

Iritzi kritikoen arabera, produktu homeopatikoen eraginkortasuna ez dago laborategietan frogaturik, eta kasu batzuetan sor dezaketen onura plazebo efektua deritzonaren ondorio da. Berezko gaitasun sendagarririk ez duten substantziak dira plazeboak, eta plazebo efektua, berriz, garunaren sugestioa, ustez onurak dakartzan produktu bat kontsumitzean onura horiek sentitzea eragiten duena.

Garinek azaltzen duenez, produktu homeopatikoak, medikuntzan ez ezik, albaitaritzan eta nekazaritzan ere erabiltzen dira, eta horietan bazterturik dago plazebo efektuaren eraginik: "Ezjakintasuna baino ez da. Plazebo efektuak ez du azaltzen zergatik lortzen diren ondorio positiboak animalia eta landareetan".

Arlo horretan lan egiten dutenen profesionaltasuna defendatzen du Garinek: "Medikuntzan lizentziatuak gara, lau urteko ikasketak egiten ditugu lanean aritu ahal izateko, homeopatian hiru urteko gutxieneko prestakuntza izaten dugu, eta eskarmentu horrekin, homeopatia tresna terapeutiko gisa erabiltzea erabakitzen dugu. Nire lankideen artean badaude medikuntzaren adar ia guztietan adituak, medikuntzan doktore direnak ere bai. Eta, hala ere, zenbait hedabidetan ergelak bagina bezala hitz egiten dute gutaz".

Homeopatiaren "balioa eta eraginkortasuna" agerian jarri nahi ditu Garinek. Berak ez ditu homeopatia eta medikuntza ofiziala elkarren kontrakotzat ikusten, eta ez du uste homeopatiaren zeregina ohiko medikuntza ordeztea denik. Aitzitik, "lankidetza" hobesten du: "Medikuntza ofizialak baditu bere arloak eta bere metodoak, guk gureak ditugu, eta badago elkarrekin lan egiteko aukera. Berez, hala izaten da: ginekologo edo pediatra batzuek, esaterako, paziente batzuk bidaltzen dizkigute ikusten dutenean euren sendabideek ez dutela ondoriorik izaten".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.