Euskaldunon Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak biharko Madrilen (10:00), ustezko irregulartasun ekonomikoei buruzko auziaren barruan eta, hori dela-eta, Egunkariaren Alde elkarteak "behingoz, bidegabekeri hau buka dadila" eskatu du gaur Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean emandako prentsaurrekoan.
Ainhoa Albisu, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena Egunkaria-ko administrazioko langile ohiak dira Del Olmok inputatu dituenak, eta gaurko agerraldian Albisu eta Zubelzu izan dira, Joan Mari Torrealdai Egunkaria SAko administrazio kontseiluko lehendakari izandakoa eta Iñaki Uria kontseilari ohiarekin batera (Furundarena lanean zegoen).
Auzitegi Nazionalean Egunkaria-ri buruzko bi auzi daude zabalik: sumario nagusia (itxierari buruzkoa; 2003ko otsailean izan zen operazioa) eta sumario ekonomikoa (ustezko irregulartasunei buruzkoa; 2003ko urrian izan zen operazioa). Lehengo auziari dagokionez, fiskalak, defentsak bezala, epaiketarik ez egiteko eta auzia artxibatzeko eskatua du. "Horretaz gain, fiskalak esan zuen bigarren sumarioa ez dela Auzitegi Nazionalaren eskuduntza, eta EAEn dagokion auzitegiak hartu beharko lukeela. Hori dela-eta, Del Olmok zergatik deitu ditu bigarren sumariorako hiru langile orain?", galdetu du Torrealdaik.
Elkartearen ustez, "PP eta ondokoak ahalegin guztiak egiten ari dira Egunkaria-ren kontrako auzi hau ez ixteko. Muntaia hutsa da baina ez dute nahi jendeak hori ikustea. Nahikoa da! Ez du zentzurik. Giroa txartzeko asmoa dute. Itxi ditzatela sumario denak".
Auzi ekonomikoa, itxierarena ez bezala, oraindik instrukzio fasean dago eta, beraz, Del Olmo epaile instruktorearen esku jarraitzen du. Dena dela, 2003ko operaziotik ia mugimendurik ez da izan.
Albisu, Zubelzu eta Furundarenarekin, 25 lagun izango dira auzi hau dela-eta epailearen aurrean deklaratu dutenak.
Elkarretaratzea bihar Andoainen
Bihar, 11:00etan, Egunkaria-ko hiru langile ohiak inputatu izana salatzeko, elkarretaratzea egingo dute, Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Egunkariaren Alde elkarteak deitu du.
Egunkaria auzia
"Behingoz, buka dadila 'Egunkaria'-ren kontrako bidegabekeria"
Ainhoa Albisu, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena langile ohiek Juan del Olmo epailearen aurrean deklaratu beharko dute bihar, ustezko irregulartasun ekonomikoei buruz, eta Egunkariaren Alde elkarteak salatu egin du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu