Euskara batuaren 50. urteurrena

"Belaunaldi berrien esku jarri behar dugu euskara batua"

Amaitu da Euskaltzaindiaren biltzarra. Euskara batuaren aldeko adierazpen bat aurkeztu dute, eta dozenaka erakundek eta eragile sozialek sinatu dute, tartean BERRIA Taldeak. Euskara batuari buruzko iritzi ezkorrekin kezka agertu dute adierazpenean, eta transmisioari begira jarri: "Belaunaldi berriei dagokie euskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea".

jarraia157736.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urriaren 6a
15:25
Entzun

Hiru eguneko jardunaren ondoren, amaitu da Arantzazuko biltzarra. 1968an euskara batua sortzeko egindako biltzarretik 50 urte joan direlarik, Euskaltzaindiak Arantzazun egin du kongresua. Euskara batua izan dute ardatz, batez ere haren etorkizuna. Biltzarra ixteko, Euskara batuaren adierazpena aurkeztu du Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituak, eta dozenaka eragilek sinatu dute.

Ordezkaritza instituzional eta sozial handia bildu da Arantzazun. Erakundeetatik, adibidez, bertan izan dira Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Bizkaiko Euskara zuzendari Ana de Castro eta Arabako Euskara zuzendari Joseba Perez de Heredia. Alderdi politikoetako ordezkariak ere bai: EAJkoak, EH Bildukoak eta PSE-EEkoak, adibidez. Euskalgintzako partaideak ere bai: Kontseilua, BERRIA Taldea, Topagunea, AEK, Ikastolen Elkartea, Elhuyar, UZEI... Arantzazuko frantziskotarren arduradunak ere izan dira ekitaldian.

Hamar puntuko agiria da biltzarraren amaierakoa. Batuaren garrantzia nabarmendu dute testuan, eta hori sortzen aritu zirenak goraipatu: "Euskaltzaindiak aho batean aitortzen du prozesu honetan parte hartu duten hainbaten lana, horiek ahalbidetu baitute, beren ekarpenekin, euskara batua moldatzea, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik". Propio aipatu dituzte 1968ko biltzarraren aurretik egindako urratsak; besteak beste, Baionan 1964an egindakoa.

Euskara batuak gizartean duen irudiarekin agertu du kezka akademiak, "estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolderekin". Batuak euskarari eta euskaldunei egindako ekarpena nabarmendu dute: "Euskaldun oso izateko modua ekarri digu euskara batuak". Transmisioan jarri dute begia, "belaunaldi berriek" euskara batua berena egitean: "Belaunaldi berriei dagokie eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea".

Torrealdaik aurkeztu du adierazpena Gandiaga topagunean, eta ondoren 36 eragileetako ordezkariek izenpetu dute. Esanahia eman diote horri: Luis Villasante euskaltzainburu zenak erabiltzen zuen mahai batean sinatu dute adierazpena, alboan Jorge Oteizaren Misterioa eskultura zutela. Ondoren, familia argazkia atera dute Arantzazuko santutegiaren atarian.

[youtube]https://youtu.be/lG6Cs7dHgGI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.