Genero indarkeria ez dela soilik fisikoa, emakumeen aurkako bortxa «lausoa» izan daitekeela eta aldaera gehiago badituela ohartaraziko die aurten Beldur Barik kanpainak gazteei. Kanpainak 12 eta 26 urte bitartekoak izango ditu jomuga. Izan ere, haien artean errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako harremanak sustatuz, genero indarkeria amaiaraziko dutela uste du Berdinsareak.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da ostiral hau, hilak 25, eta, egun horren karietara, Beldur Barik kanpaina aurkeztu zuten atzo, Donostian. Eudeleko Berdinsarea elkarteak antolatu du kanpaina, eta hirugarren aldia izango da aurtengoa. Ibone Bengoetxea Eudeleko presidenteak aurkeztu zuen kanpaina, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendari Mariola Serrano, Emakundeko zuzendari Maria Silvestre eta Arabako eta Bizkaiko aldundietako gizarte zerbitzuetako ordezkari Paloma Unceta eta Pilar Ardanza lagun zituela.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izandako genero indarkeriaren biktimen %36k 30 urte baino gutxiago dituztela oroitarazi du Bengoetxeak. Haren iritziz, datu horrek argi adierazten du gazteengan eragiteko beharra: «Indarkeria sexista prebentzioaren bidez amaiarazi behar da». Larunbatean jaialdia egingo dute Donostian, eta emakume gazteek hainbat talde feministen esperientziak ezagutuko dituzte. Horrez gain, tailer ugari, musika kontzertuak eta kalejira bat egingo dituzte, besteak beste.
Lehiaketak, «arrakasta»
Kanpainaren harira, indarkeria sexista ardatz duten lanak egin dituzte hainbat gaztek, eta horiekin lehiaketa antolatu dute. Bigarren aldia izan da, eta 260 lan aurkeztu dituzte; bideo grabaketak gehienak. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariaren arabera, «izugarrizko arrakasta» izan du lehiaketak, eta kanpainarako martxan jarri duten www.beldurbarik.org webguneak 40.000 bisita baino gehiago jaso dituela nabarmendu du.
Azaroaren 25a. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Beldur Barik kanpainak bortxa sexista «lausoei» erreparatuko die
Berdinsarearen arabera, gazteen artean genero indarkeria adierazpen orori aurrea hartzea ezinbestekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu