Beldurra izan zuten ahotan atzo jeltzaleek; besteek sustatutako beldurra, erretiratuen eta alargunen gorputzetan sartutakoa, «gezurretan» oinarritutakoa. Halako «manipulazioen» kontrako mezu irmoa eman zuen Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Getxon (Bizkaia): «EAJk bermatzen du pentsioak kobratuko direla. Eskubide bat direlako». Gizarte Segurantza kudeatzeko ahalmena Gernikako Estatutuan ageri dela ekarri zuen gogora, baina salatu zuen hura betetzeko oztopoak baino ez dizkietela jarri: «Arazoa da badakitela transferentzia horrek estatuago bihurtzen duela Euskadi». Eta hori da, hain justu, alderdiaren konpromisoetako bat: «Gure herriarentzat egokitzapen politiko berri bat aurkitzea».
Kanpainaren lehenengo astean beste alderdiek esandakoarekin «harrituta» heldu zen Urkullu ekuadorrera, baina «polemika antzuak alde batera» uzteko asmoz. Ordea, diskurtso hutsei egozten zaien gaia izan zuen hizpide nagusiki: pentsioak, batez beste 50eko adina gainditzen zuen entzuleriaren aurrean. Lasai hasi zen, baina berotzen joan zen mitinean, ahotsa urratzeraino: «Ez da EAJ izan Gizarte Segurantzaren baliabideak ahuldu dituena! Ez da nazionalismoa izan! Ez da Euskadi izan!».
Jeltzaleen eredua aldarrikatu zuen, «ondo gobernatzen duen gobernuarena», baina parte hartzearekin kezka agertu zuen. Eskari zuzena egin zien han bildutakoei: «EAJk goberna dezan nahi dutenei, adierazi zein garrantzitsua den bozkatzea. Esaiezue ez dagoela ezer eginda, euren botoa ezinbestekoa dela».
Konpromisoa galdegin zuen, EAJrentzat gotorleku baten antza duten Bizkaian eta Getxon. Itxura hori berretsi zuen atzo alderdiak, ordezkari andana bidali baitzuen arratsaldeko ekitaldira: Getxoko alkate Imanol Landa eta udal taldeko hainbat kide; Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu ia guztiak, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia buru zutela; Madrildik heldutako Josu Erkoreka eta Iñaki Anasagasti. Eta gotorleku ezezik, abiapuntu ere badela nabarmendu zuen Andoni Ortuzar Bizkaiko zerrendaburuak, Sabino Aranaren hitzak gogora ekarrita: «Alderdia Bizkaia, eta Bizkaia Euskadirentzat».
Umoretsu jardun zen Ortuzar kanpaina erdiko balantzea egitean. Lehiakideen leloek euren gabeziak uzten dituzte agerian, haren ustez: «EH Bilduk konponbideak proposatu dizkigu; lehenik eurena konpondu behar dute, eta gero etor daitezela herri honentzako konponbideekin». Maltzurrago PSE-EEri eta Patxi Lopezi buruz: «Guk, gure bidea, orain? ETAren adierazpenak milaka kilometrotara tren batean harrapatu zuen eta! Lopez beti dabil berandu».
EAJk bozak irabaziko dituela sinetsita dago Ortuzar, gehiengoak «fundamentuz gobernatuko» duen taldea nahi duelakoan. Horren seinale jo zuen atzo Falangek Bilbon egindako protesta: «Gaur fatxak izan ditugu bisitan. Sabin Etxea aukeratu dute manifestatzeko; fatxak dira, baina ez tentelak, ez baitira joan herriko taberna batera. Gurera etorri dira, badakitelako hor dagoela arazoa. Haien Espainia bakar, handi eta askera itzultzeko duten desioa geldiaraziko duen indarra gara».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
Beldur mezuak uxatu, eta pentsioak bermatuko dituela agindu du Urkulluk
Estatutuan ezarritako ahalmenak eskuratu, eta «Euskadi gero eta estatuago» nahi du lehendakarigaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu