INDARKERIA MATXISTA

Beldurrari, aurrez aurre

Espazio publikoan, gauez eta festan beldurrik gabe ibiltzeko eta erasoei emakumeek nahi duten moduan erantzuteko eskubidea biltzen ditu ‘Beldurra aldez aldatuko dugu’ dinamikak. Horren inguruan gogoeta egiteko, jardunaldiak egin ditu aste honetan Donostiako Emakumeen Etxeak.

Farrukas taldeko Maddi Lasa eta Maite Arraiza eta Medeak taldeko Kattalin Miner izan ziren hizlari asteartean, Donostiako Emakumeen Etxean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2016ko azaroaren 11
14:11
Entzun

Otsaila. Inauteriak, Tolosan. Gizon bat atxilotu zuten, neska bati ukituak egiteagatik. Ekaina, Ibarrako Gazte Festak. Bi neskak salatu zuten drogatu eta eraso egin zietela. Ekaina. Sanmartzialak Irunen. Lau neskak aurkeztu zuten salaketa, arrazoi beragatik. Uztaila. Madalenak, Errenterian. Neska bati etxerako bidean eraso egin zion gizonezko bat geldiarazi zuten bizilagunek, Lezon, neskaren oihuak entzun ondoren. Abuztua. Donostiako Aste Nagusia. Eraso matxista bat geldiarazi zuen kalean lekuko batek. Adibideak baino ez dira, zerrenda amaigabea baita.

Espazio publikoa, gaua eta festak ez dira neskentzat. “Baina, nahikoa da, nazkatuta gaude. Ez gara geldirik eta isilik geldituko, eraso bakoitzari erantzungo diogu, banako moduan eta talde moduan erantzungo dugu; baditugulako tresnak, badugulako zilegitasuna, eskubidea eta beharra eraso bati nahi dugun moduan erantzuteko”. Farrukas taldeko kide Maite Arraizaren hitzak dira.

Nazkatuta zeudelako, eraso gehiago onartzeko prest ez zeudelako, festetan eta gauez lasai eta beldurrik gabe ibili nahi zutelako, eta erasoei nahi zuten moduan eta amorruz erantzuteko eskubidea zutela sinisten zutelako, beste borroka molde bat jarri zuen mahai gainean Farrukas taldeak, 2014ko sanferminetan. Autodefentsa feministaren bidetik, Beldurra aldez aldatuko dugu leloari eutsita, beltzez jantzita, buruak kaputxarekin estalita eta isiltasuna hautsiz ateratzen dira kalera. “Baina gure mezuak eta gure aldarrikapenek hautsi egin dituzte Iruñeko mugak, Euskal Herri osoan zabaldu dira, eta kanpora ere iritsi dira, Madrilera esaterako”, azaldu du Arraizak.

Aste honetan, Donostiako Emakumeen Etxeak antolatutako jardunaldietan hizlari izan da Arraiza, Farrukas taldeko Maddi Lasarekin eta Medeak taldeko Kattalin Minerrekin batera. Beldurra eta lotsa aldez alda daitezen izenburupean egin dituzte jardunaldiok. Helburua: “Estrategia zehatz honetan sakontzea eta potentzia eta oihartzun handiko fenomeno hau ikertu eta eztabaidatzea”.

Medeak taldeari 2014an egin zioten deia Farrukasek antolatutako manifestazioan parte hartzeko. “Apustu arriskatua iruditu zitzaigun hasieratik, baina zalantzarik gabe parte hartu genuen. Medeak-en gogoeta asko egin dugu gai honen inguruan, eta argi dago indarkeria estruktural bat badagoela, baina baita ere ikusten genuen emakumeoi erasoei erantzuteko gaitasuna eta eskubidea erauzi egin digutela sarri”, dio Minerrek.

Beharretik sortua

Ildo horretan, “eraso matxistei sendo, tinko eta beste modu batera erantzuteko beharretik” sortutako dinamika izan zela zehaztu du Arraizak. Farrukasen lehen bileretan bota zuen norbaitek “beldurra aldez aldatuko dugu” esaldia, eta hortik abiatuta diseinatu zen gainerako dinamika. “Espazio publikoa, kalea eta jaiak beste modu batera okupatzen hasi ginen, eta hiru urtetan atera gara kalera, sanferminen testuinguruan, gure amorrua erakutsiz, beldurrik gabe eta eraso guztiei erantzungo diegula esanez”.

Minerrek esandakoaren arabera, halako manifestazio eta agerraldiekin “abisu bat” ematen da: “Gu hemen gaude, eta, tamalez, badakigunez eraso gehiago egongo direla, hemen aurrean izango gaituzue beti. Ez gaude prest datozen egunak beldurrez bizitzeko, eta aurrean izango gaituzue, erantzun egingo dugu”. Emakumeen ahalduntzerako “sekulako tresna” dela gaineratu du Medeak-eko kideak. “Izan ere, guk urteak daramatzagu feminismoan militatzen, eta ehunka manifestazio eta aldarrikapen egin ditugu, baina nik uste dut manifestazio hauetan parte hartu duten emakumeek zerbait berezia sentitu dutela. Gutako bakoitzak sentitu duena oso potentea izan da; aurpegia estaltzeak, indar horrek, amorrua ateratzeko beste modu horrek, indar handia ematen du”. Horren eragina indibidualki zein kolektiboki nabaritzen dela uste du Minerrek. “Jaiak beste jarrera batekin hasteko indarra ematen du, beldurra alde batera utzita, erasoak geldiarazteko intentzioarekin”.

Zabalpena

Iruñean sortutako dinamikak zabalpena izan du hiru urteotan, eta Euskal Herriko hiri, herri zein auzoetako festetan, “bakoitzak bere modura eta tokiko ezaugarriak kontuan hartuta”, tankera bereko dinamikak gauzatu dira. Horren adierazle dira, adibidez, uda honetan herriko festa askotan talde feministen elkarlanetik sortutako brigada moreak.

Minerrek “zabalpen azkarreko birus baten moduan” ikusten du Beldurra aldez aldatuko dugu leloarekin gertatutakoa. “Eta honek erakusten diguna da, Iruñean eta sanferminen testuinguruan sortutako dinamika bat izan arren, behar hori Euskal Herri osoan zegoela, bazegoela nazkatuta egotearen sentipen orokor bat. Polemikak polemika, fenomeno hau modu autonomoan eta espontaneoki joan da zabaltzen, eta leku askotan funtzionatu du”.

Farrukasekoak “oso-oso-oso pozik” daude dinamikak izandako zabalpenarekin. “Gaiak eztabaida sortu du, bazterrak nahastu ditu eta, gainera, Euskal Herri osoan zabaldu da. Guretzat hori oso polita izan da”, esan du Arraizak. Emakume eta feminista ugari batu dituen dinamika izan dela azpimarratu du, halaber, eta “aliantza eta elkartasun hori” etorkizunean aurrera egiteko gakoa izango delakoan dago. “Izan ere, hau ideia bat izan da, tresna oso indartsua, eta funtzionatu egin du; baina, gehiegi ustiatuz gero, bere esanahia eta indar subertsiboa galtzeko arriskua dago. Eta, egoera horretan, denon artean, beste bide bat asmatu beharko dugu. Zorionez, mugimendu feministak ezaugarri bat baldin badu, asmatzeko gaitasuna eta irudimena du”.

Beldurra aldez aldatuko dugu dinamikaren arrakastarekin ez itsutzeko beharra ere nabarmendu dute Minerrek eta Arraizak. “Eraso matxisten kontrako diskurtsoa ari da gizartean pixkanaka indarra hartzen, baina askotan diskurtso mailan bakarrik gelditzen da. Bai, jendea erasoen kontra agertzen da, baina betiere emakumeak biktima moduan agertzen bagara, gauden tokian gelditzen bagara. Dinamika honekin, autodefentsa feministaren gaia mahai gainean jartzen dugu, erasoei guk nahi dugun bezala erantzuteko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta hori jada ez dago hain onartua. Gizarteak ez du irentsi oraindik emakumeok nahi dugun bezala erantzuteko zilegitasuna dugula, eta bide hori ere egin beharra dago. Hor lan handia daukagu”.

“Nik uste dut zintzoak izan behar dugula, eta onartu behar dugula hau kolpe bat izan dela, kolpe bisual indartsua jo dugula, baina ez dugu lortu, inondik inora ere, beldurra aldez aldatzea. Beldurrak alde berean jarraitzen du, eta erasoek jarraitu egingo dute”, gaineratu du Minerrek. Indarkeria matxista estrukturala dela, eta indarkeria horri dituen aldagai guztietatik eutsi behar zaiola ere nabarmendu du. Festak eta gaua da horietako bat, baina beste asko ere badirela: arraza, jatorria, familia, presoak… “Indarkeria matxistaren aurpegi guztiak azaleratu behar ditugu, ez bakarrik gaueko erasoak”.

Gauaren bueltan izaten diren erasoen gaia agendan jartzea bera garrantzitsutzat du, hala ere, Medeak taldeko kideak. “Erasoak beti egon dira, baina inoiz ez dira intereseko zerbait izan. Orain, eraso horiek hedabideetan agertzen hasi dira, eta mugimendu feministaren egitekoa da gaiari beste buelta bat ematea. Alegia, erasoak gero eta ikusgarriago ari dira egiten, baina agian badaude beste gauza batzuk notizia izan beharko luketenak: adibidez, emakume batek bortxaketa saihestea lortu duela, edo autodefentsa feministan ikasitakoak aplikatuz erasotzaileari aurre egin diola… Horiek, askotan, ez dira notizia izaten, salatu ere ez dira egiten maiz, baina agian hori ere ikusi beharko litzateke, ikusarazi behar dugu badaudela estrategiak beldurrari aurre egiteko, badaudela tresnak… Eta, emakumeari begira ere, halako erasoek duten estigma kendu beharko litzateke, eta hori landu”.

Belaunaldi berriak

Dinamika honetan neska gazteek eta belaunaldi berriek izandako pisuaz ere bat datoz bi hizlariak. “Nik uste dut mugimendu feminista, gazteei dagokienez, inoiz baino indartsuago dagoela. Aste honetan, Tolosan, topaketa batzuk izan ditugu, eta 100 neska gazte inguru elkartu dira, 16 eta 20 urte bitartekoak. Hori oso inportantea da, eta, gainera, ikusten da gazteek gauzak oso argi dauzkatela, marra gorriak ondo zehaztuta dauzkatela. Dinamika horrekin, gainera, landu da haiei zuzen-zuzenean eragiten dien gai bat. Bestalde, borroka modua ere izan da faktore bat gazteak erakartzeko; bazegoen kalea hartzeko gogo bat, amorrua ateratzeko beste modu baten beharra”.

Iruñeari dagokionez, urte askotan mugimendu feministan neska gazteen halako hutsune bat izan dela aitortu du, bestalde, Arraizak. “Aldaketa abortuaren legearen kontuarekin eta erasoen gaiarekin ikusi genuen. Bi gai horiek jendea mugiarazi dute, eta horien inguruan mugimendu feminista nahiko modu azkarrean ari da indartzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.