Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Beldurrik ez kongresuko lehoiei

Ezker abertzalearen, EAren, Alternatibaren eta Aralarren Amaiur koalizioa izango da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako berrikuntza nagusia, baina ez bakarra.

jokin sagarzazu
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hasi da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako atzera kontua, baita Hego Euskal Herrian ere. Hauteskundeen aurrerapenaren iragarpena udan jakinarazi bazuen ere, bozetara deitzeko eta Espainiako Gorteak desegiteko erabakia astelehenean berretsi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, eta asteartean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean. 51 egun barru egingo dira hauteskundeak, azaroaren 20an.

Hauteskunde hauetako berrikuntza nagusietako bat izango da Hego Euskal Herrian aurkeztuko den ezkerreko koalizio subiranista berria, Amaiur. Emaitzak ikusteko badaude ere, litekeena da ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek osatutako aliantzak Espainiako Gorteetako argazkia aldatzea, Hego Euskal Herriari dagozkion eserlekuen banaketari dagokionez, bereziki.

Hego Euskal Herrian 23 eserleku daude jokoan, eta koalizio berriaren erronka da legebiltzar taldea osatzea. Lurralde bakoitzean gutxienez botoen %15 lortu beharko ditu, Espainiako Diputatuen Kongresuan legebiltzar taldea osatzeko beharrezkoak diren bost eserlekuak lortzeko.

Hauteskundeetara aurkeztu nahi duten alderdiek zehaztuta daukate jarraitu beharreko egutegia. Urriaren 7rako Hauteskunde Batzordeari jakinarazi beharko diote bozetara aurkezteko asmoa dutela; bai bakarka aurkeztu behar badute, eta bai koalizioan egin behar badute ere.

Hauteskunde Batzordeari bozetara aurkezteko nahia agertu dieten alderdiek urriaren 12tik 17ra bitarteko epea izango dute hautagaitzak aurkezteko, eta urriaren 25ean jakingo da onartutakoen zerrenda. Hortik aurrera, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak, beharrezkoa ikusten badute, bi eguneko epea izango dute hautagaitzak inpugnatzeko. Azaroaren 4an abiatuko da hauteskunde kanpaina, eta horren aurretik eman beharko lukete auzitegiek erabakiaren berri.

Ikusteko dago Sortuk hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango duen. Sorturen abokatuek joan den astean aurkeztu zuten Auzitegi Konstituzionalean Auzitegi Gorenaren debekuaren aurkako babes helegitea. Sortuk koalizio batean parte hartuz aurkeztu nahi izango balu, urriaren 7a baino lehen legeztatuta egon beharko luke.

Sinadurak, botoen aurretik

Azaroaren 20an egingo dira bozak, eta Espainiako Gorteak abenduaren 13an osatuko dira. Egun horretan, Franco diktadorea hil ondorengo XI. legealdiari ekingo diote bozetan aukeratutako diputatuek eta senatariek.

Aurtengo hauteskundeetan hainbat berrikuntza izango dira, PSOEk eta PPk urtarrilean hitzartu zuten Hauteskunde Legearen erreforma dela eta. Alderdien kanpainari eta alderdi berri edo Espainiako Gorteetan ordezkaritzarik ez duten alderdi zein koalizioen parte hartzeari eragingo die lege aldaketa horrek.

Azken legealdian Espainiako Gorteetan ordezkaririk izan ez duten alderdi edo koalizioek, euren zerrendekin batera, hauteskunde barruti bakoitzean erroldatuta dauden boto-emaileen %0,1en sinadurak aurkeztu beharko dituzte. Hauteskunde Legearen erreformaren aurretik, sinadurak biltzeko beharra hautesleen elkarteek zuten soilik —hauteskunde guztietan aurkeztu behar zituzten hauteskunde barruti bakoitzeko boto-emaileen %1en sinadurak—.

Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek osatutako koalizioari eragingo dio neurriak. Lehenengo hiru indar politikoek Hego Euskal Herrian zinegotzi gehien duen koalizioaren (Bildu) kide dira, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala gidatzen dute, besteak beste, baina derrigortuta daude sinadurak biltzera, koalizioa osatzen duen alderdi bakar batek ez duelako ordezkaritzarik Espainiako Gorteetan.

EAk eta Aralarrek diputatu bat izan dute azken legealdian Espainiako Kongresuan, Uxue Barkos, Nafarroa Bairen izenean. Aurten koalizio berri batean aurkeztuko dira bi indar horiek, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekinbatera, eta, beraz, sinadurak bildu beharko dituzte.

Gauza bera gertatzen zaie Zabaltzen elkarteak, EAJk eta Atarrabia Bai hautesle elkarteak Nafarroan aurkeztuko duten koalizioari. Uxue Barkos izango dute zerrendaburu, baina ez dira NaBairen izenean aurkeztuko. Gainera, koalizio hura osatzen zutenparte hartzaileak aldatu egin dira.

Legeak zehaztutako zifraren arabera, alderdi eta koalizio berriek 489 sinadura aurkeztu beharko dituzte Nafarroako hauteskunde batzordean, 251 Arabakoan, 576 Gipuzkoakoan eta 950 Bizkaikoan. Hego Euskal Herri osoan aurkeztu nahi duten alderdi edo koalizioek 2.266 sinadura bildu beharko dituzte.

Sinadurek ez dute notario baten oniritzia beharko. Hauteskunde Batzordeak irailaren 15ean kaleratutako ohar batean zehazten duenez, alderdiari edo koalizioari babesa eman dioten herritarren izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia —fotokopiarik ez da behar—, jaioteguna eta sinadura —elektronikoa izan daiteke— aurkeztu behar dituzte alderdiek hautagaien zerrendekin batera herrialdeetako hauteskunde batzordeetan. Zerrendak eta sinadurak aurkezteko epea urriaren 17an amaituko da.

2008ko hauteskundeetan aurkeztu ziren alderdiak kontuan hartuta, orduko hauteskundeetan parte hartu zuten 98 alderdietatik 86k aurkeztu beharko lituzkete sinadurak. Guztira, 772.000 herritarrek eman zieten botoa alderdi horiei.

Erabaki horrekin kritiko azaldu da Equo alderdi sortu berria. «Alderdi txikien parte hartzea mugatu nahi da handien mesedean. Bestelako hauteskunde erreforma bat eskatzen ari dira kalean, baina alderdi handiek badirudi ez dituztela eskaera horiek entzuten, edo ez dituztela entzun nahi», adierazi du Juan Lopez Uralde Equoko buruak aste honetan, sinadurak biltzeko Espainiako Kongresuaren atarian eginiko ekitaldi batean.

Hauteskunde barruti guztietan aurkezteko asmoa du Espainiako Greenpeaceko presidente ohiak gidatzen duen alderdiak. Horretarako, baina, 35.000 sinadura inguru bildu beharko ditu, hogei eguneko epean. Hala ere, kopuru horretara «erraz» iritsiko direlakoan daude. «Tartea oso txikia bada ere, badaukagu helburu horretara iristeko estrategia bat zehaztuta», azaldu du Uraldek.

Sinadura bilketa errazteko, teknologia berriak erabiltzen ari dira alderdi txikiak. Abian jarritako ekimenen artean, Kataluniako Alderdi Piratarena nabarmendu daiteke. Yoavalo.org atariaren bidez hogei alderdik aurre-sinadurak jaso ahal dituzte. «Sinadura birtuala» jaso ondoren alderdietako kideak sinatzaileekin jartzen dira harremanetan benetako sinadura jasotzeko.

«Sinadura emateak ez du esan nahi alderdi horri botoa eman behar diozunik; hauteskunde parte hartzaileagoak eta demokratikoagoak izatea defendatzen ari zara», azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. Atarian botoa eskatzen duten alderdien artean, besteak beste eskuin muturreko Falange eta gisako alderdiak daudela dioten kritiken inguruan, atariaren sustatzaileek argi dute zein den proiketuaren helburua. «Gure asmoa da hauteskundeetan parte hartu nahi duten aukera guztiak zeintzuk diren ezagutaraztea. Herritar guztiek dute hori jakiteko eskubidea». «Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Aldarrikapenaren aurka egiten duten alderdiek ez dute lekurik gure atarian», nabarmendu dute.

Kanpaina eta hedabideak

Hauteskunde Legearen erreformak baditu beste berrikuntza batzuk. Horietako batzuek alderdien komunikazio estrategiei eragingo diete. Hauteskundeak iragarri eta egin arte, debekatuta daukate «modu zuzenean edo zeharka diru publikoarekin finantzatutako ekitaldiak egitea». Azpiegiturak inauguratzea eta komunikabideen bidez propaganda instituzionala egitea, besteak beste. Neurri horren bidez galarazi nahi da instituzioetan egindako lana alderdiek euren mesedetan erabiltzea.

Komunikabideei ere eragingo die lege aldaketak, eta ez soilik publikoei. Legeak dio komunikabide pribatuek ere «aniztasun politikoa eta soziala errespetatu» behar dutela eta hauteskunde kanpainako elkarrizketa, informazio eta eztabaidetan «berdintasuna, proportzionaltasuna eta neutraltasuna» lehenetsi behar dutela. Era berean, legeak eztabaida publikoak lehenesteko eskatzen die komunikabideei, propagandarako espazioak murriztuz. Hauteskunde Batzorde Zentralari dagokio, baina, hauteskunde prozesu bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, legeak dioena zehaztea.

23 eserleku 350etik

Hauteskunde erroldaren arabera —oraindik ez dago itxita—, 2.263.684 herritarrek dute botoa emateko eskubidea Hego Euskal Herrian. Haiek aukeratuko dituzte Espainiako Gorteetako diputatuak eta senatariak.

Hego Euskal Herritik 23 parlamentari aukeratzen dira Espainiako Diputatuen Kongresurako, eta guztira 350ek osatzen dute ganbera. Probintzia da hauteskunde barrutia, eta erroldatuen kopuruaren arabera diputatu kopuru zehatz bat egokitzen zaio herrialde bakoitzari. Hori hala, boto-emaileek lau diputatu aukeratzen dituzte Araban, zortzi Bizkaian, sei Gipuzkoan eta bost Nafarroan. Kongresuaren kasuan,zerrenda itxiak aurkezten dituzte alderdiek, hauteskunde barruti bakoitzeko hautagaiekin. Hautagai horien artean boto-emaileek ezin dute aukeraketarik egin.

Senatuaren kasuan, aldiz, zerrendak irekiak dira. Herrialdeko lau hautagai aukeratzen dira, eta boto-emaileek alderdi guztietatik hiru hautagai aukeratzen dituzte —ez dute zertan alderdi berekoak izan—. Boto gehien lortzen duten lau hautagaiek lortuko dute senatuko aulkia. Halaber, autonomia erkidegoek senatariak izendatzen dituzte, bat Nafarroan eta hiru Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Guzira 262 pertsonak osatzen dute Senatua.

2008ko hauteskundeetan EAJk sei eserleku eskuratu zituen Kongresuan, eta Nafarroa Baik bat. PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak Hego Euskal Herrian, 11 eserlekurekin, eta PP-UPN koalizioak bost lortu zituen.

Eusko Alkartasunak 2004-2008 legealdian zuen eserlekua galdu zuen, eta, Espainiako Justiziak legez kanporaturik, ezker abertzaleak abstentziorako deia egin zuen. %33 izan zen abstentzioa Hego Euskal Herrian, 2004ko hauteskundeetan baino ia bederatzi puntu handiagoa. Hauteskunde horietan eragin nabaria izan zuen ezker abertzalearen hautagaitzak debekatu izanak eta ETAk kanpainaren azken egunean Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi izandakoa hil izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.