Belfasteko Auzitegiko epaileak gaur jakinarazi du ez duela onartu Arturo Villanuevaren (Iruñea, 32 urte) aurkako euroagindua, ez duelako horretarako "nahikoa informazio". Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zuen Villanueva Espainiaratzeko eskaera, Irlanda iparraldeko epaileak euroagindu prozeduraz informazio gehiago eskatu zion Espainiako auzitegiari, baina honek ez du informazio gehiago bidali.
Fiskalak zazpi egun ditu helegitea aurkezteko; bestela, epaia behin betikoa izango da.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 1994 eta 2000. urte artean Jarrai gazte erakundeko kide izatea egozten dio Villanuevari, baina Jarrai ez zuten terroristatzat jo 2007ra arte. Hori da Villanuevaren defentsak euroaginduaren aurka darabilen argudio nagusia.
Haika-Segi auzia-gatik bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua zela-eta, apirilaren 22an Villanueva atxilotu zuen Irlandako Poliziak. Thomas Burgess epailearen aurrean deklaratu ondoren, baldintzapean aske gelditu zen, 5.600 euroko bermea ordainduta. Gauetan etxean egon behar du, eta egunero sinatu behar du epaitegian.
Belfasten bizi da, han lan egiten du, kanpotarrei borroka errepublikanoaren eta Irlandako gatazkaren nondik norakoak azaltzen.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio "pozgtekoa" dela erabakia. "Gogora ekarri nahi dugu Espainiako Estatuan lan politikoa egitea espetxearekin gogor zigortua dagoela. Gainera, Espainiako Gobernua aspalditik ari da euskal iheslari politikoen aurkako sorgin ehizan nazioartean". AAMk nazioarteko gobernuei dei egin die Espainiak bultzatu nahi dituen "aliantza errepresiboak baztertu eta euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenean ez kolaboratzeko".
Belfasteko Auzitegiak berak aurki hartuko du erabakia Iñaki de Juana euskal preso ohiaren euroagindu eskaeraz.
politika
Belfasteko epaileak ez du onartu Arturo Villanuevaren aurkako euroagindua
Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zuen eskaera, hura 1994-2000 artean Jarraiko kide izan zela egotzita, baina ez zuen euroaginduaz "nahikoa informazio" eman, Irlanda iparraldeko epailearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu