auzitegiak

Belgikak Ventura Tome Espainiaratzea erabaki du

Bruselako Auzitegiak duela aste batzuk kontrako erabakia hartu zuen. Defentsak helegitea jarriko du. Urriaren bukaeran atxilotu zuten Tome, Bruselan, ETArekin lotuta.

2011ko azaroaren 24a
16:45
Entzun

Bruselako Gora Jotzeko Auzitegiak Ventura Tome Quiroga (Pasaia, 58 urte) Espainiara estraditatzea erabaki du gaur. Duela aste batzuk kontrako erabakia hartu zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaeran akatsak zeudela eta. Bruselako Fiskaltza Tome Espainiaratzearen alde azaldu zen astelehenean.

Paul Beckaert defentsa abokatuak aurreratu du Belgikako Kasazio Auzitegian helegitea jarriko duela. Bi aste ditu horretarako.

Urriaren 28an atxilotu zuten Tome, Bruselan, ETArekin lotuta. Belgikako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean egin zuen atxiloketa. Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindu eskaera egina zuen. Berri agentziek zabaldu zutenez, Tomek "nahikotxo urte" zeramatzan nortasun agiri faltsuekin Belgikan bizitzen.

Azkenean Espainiaratzen badute, Tomek hamazazpi urteko kartzela zigorra bete beharko luke. Espainian 2000n kondenatu zuten, ETAko kidea zelakoan. 1985. urtean Nafarroan Guardia Zibilari eraso egiteko lehergailuak jarri izana egotzi zioten. Frantzian sei hilabete egin zituen preso; lehen aldiz 1992an atxilotu zuten, eta 1996an berriro.

Tome zegoen etxe berean beste lagun bat ere atxilotu zuten: Xabier Agirre Ibañez. Behin-behineko atxiloaldian daukate harrezkero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.