Eusko Legebiltzarreko saioan Ertzaintzaren euskalduntzeaz polemika bat sortu ondotik, Bakartxo Tejeria mahaiko presidenteak aretotik kanporatu du Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea. Rebeka Uberak (EH Bildu) Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari leporatu dio euskaraz ez jakitea legebiltzarreko sarrerako ertzain batzuek. "Hizkuntz eskubideak urratu egiten dira Eusko Legebiltzarrean", esan du Uberak. Haren arabera, ez da ari betetzen Ertzaintzaren euskararen erabilera plana. Duela gutxi Lekeitioko (Bizkaia) institutu bateko ikasleek eta irakasleek kexa bat aurkeztu zuten, legebiltzarreko sarrerako ertzain batzuek gazteleraz mintzatzeko eskatu zietelako.
Beltran de Herediak aitortu du zailtasunak dituztela ertzain denak euskalduntzeko, baina adierazi du ETAren indarkeria garaiengatik "ulertu" behar dela nahikoa euskara ez dakitenen ertzainen egoera. "ETAk atentatuak egiten zituenean, orain dela ez asko, ertzainek ez zuten askatasunik euren ordu libreetan euskaltegira joateko. Gazteei azaldu beharko litzaieke nondik gatozen eta zenbat ari garen irabazten bakearekin. Ertzain asko ahalegin handia egiten ari dira [euskara ikasteko]; lehen ezin izan zuten".
Urruzunori "lotsagarria" iruditu zaio Segurtasun sailburuaren azalpena. Bere aulkian zela, batzuetan agertu du kexua EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Tejeriak isiltzeko eskatu dio, errespetua izateko hitz egiten ari denari, esaten ari dena gustatzen ez bazaio ere. Urruzunok protestekin jarraitu du, eta legebiltzarreko presidenteak aretotik bidali du. Kanpora zihoala, Beltran de Herediari esan dio bere esplikazioa "euskaldunentzat umiliagarria" izan dela. Lotsagarria eta onartezina dela "gabezia guztiak estaltzeko ETAren komodina" erabiltzea: "Horixe da zuen gobernuaren maila".
"Euskaraz bizi nahi dugunoi, errespetua" eskatu dio Uberak Segurtasun sailburuari.