Cabacas auziaren inguruan galdetu diote gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen oldarraldia "akats larria eta konponezina" dela esan du, eta azaldu auzi penal bat abiatuta zegoela bertan behera gelditu zela barne ikerketa, iritzita ez direla bateragarriak: "Ikerketa judiziala izango da gertakariak argituko dituena, eta hortik aurrera zorroztasun osoarekin jokatuko dugu".
2012ko apirileko oldarraldiaz apenas egin duen baloraziorik Beltran de Herediak: "Ezin ukatu akatsen bat egon zela". Hura Segurtasun sailburu denetik hartu dituzten neurriez jardun du, ordea. Nabarmendu ditu ordutik hartutako neurriak; esaterako, 2012ko urriaren 31z geroztik, identifikazio zenbakia bularraldean eraman behar dute ertzainek. Azaldu du zirkulazioko uniforme batzuetan oraindik ez dutela zenbakia jartzerik izan, baina hori konponbidean dutela.
Pilotak jaurtitzeko eskopeten inguruko neurriak ere aipatu ditu sailburuak; jaurtitzaile zaharrak "soilik agente kualifikatuenen esku" daudela adierazi du, "soilik salbuespen egoeretan" erabiltzeko.
Bestalde, EH Bildu kritikatu du, Gara egunkariak auziaren inguruan argitaratutako informazioa auzitan ez jartzeagatik eta "alderdikeriaz" jokatzeagatik. Gainera, Ertzaintzaren barnean "presioak" daudela ukatu du.
Auzi penala eta barne ikerketa, bateragarriak
"Alderdikeriaz" jokatu izana ukatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta herritarrek informazioa izateko eskubidea eta interesa dutela ohartarazi du: "Noski, hobe grabazio guztiak ezagutaraztea, eta hobe bide ofizialetatik", esan du.
Ertzaintzaren Legeak hala jasotzen duela aipatuta, Arzuagak Beltran de Herediari esan dio auzi penala eta Ertzaintza barnean diziplina txostenak irekitzea bateragarriak direla.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiak hitz egin du hurrena, eta Ertzaintzaren alde jardun du: ”Gerta daiteke Ertzaintzak akatsak egitea, baina ez du istilurik sortzen. Gure agenteetako batek ere ez du kontzienteki minik eragiten”. Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideari egotzi dio Ertzaintzaren aurkako kanpaina egitea. Harekin "ehiza politikoa" egin nahi izan dutela uste du Aresek.
Aresen ustez, ”arduragabekeria” izango litzateke auzi penala argitu baino lehen Ertzaintzako agintari batzuk kargutik kentzea, hori eginda ”erantzule” gisa seinalatuko lituzkeelako.