Justizia eta bakea ez dira bateragarriak, Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri ministro ohiaren esanetan. Ez, behintzat, bere osotasunean: erabateko justiziarekin ez da benetako bakerik egongo, haren hitzetan. Hori onartzea gogorra den arren barneratu beharra dagoela adierazi du, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarrean. Muga hori onartu eta aukera egin behar dela ohartarazi du: erdi-justizia edo erdi-bakea.
Indarkeriazko gatazkak bizi izan dituzten gizarteentzat horixe barneratzea izaten da «zailena eta gogorrena», Palestinarekin bake negoziazioetan jardun izan duen ministro ohi israeldarraren esanetan; «onartzea bake iraunkorra lortu nahi bada ez dela erabateko justiziarik egongo».
Eta hausnarketa plazaratu du: «Dilema krudela da». «Baina erabateko justiziak ez du trantsiziorik ahalbidetzen; iraganeko biktimak asebeteko lituzke, baina ez lituzke etorkizuneko biktimak eragotziko».
Hortaz, ohartarazi du justizia ez dela osoa; gatazkaren alde bakoitzarentzat «erlatiboa» dela, eta, beraz, testuingurura egokitu behar dela, «justiziaren eta bakearen arteko erdibidea aurkitzeko». Erabateko justiziak eragindako gabezia «justizia moralarekin» ordaintzea gomendatu du. Egindako mina onartuta eta instituzioek zein buruzagi politikoek egindako «keinuekin» orekatu behar dela hutsunea.
Astelehen iluntzean plazaratu zuen hausnarketa Ben Amik, EITBren egoitza nagusiko aretoan. Atzo, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, tesiaren azalpenetan sakondu zuen.
«Ez dago bake perfekturik»
«Gatazka batean ez dago bake perfekturik», azaldu du. Gauzak horrela, alde guztientzat «inperfektua edo erlatiboa» izango den bakea bilatzea proposatu du. Argia da israeldarraren tesiaren abiapuntua: «Ez dago bake perfekturik; hala izatekotan, alde batentzat izango delako perfektua, baina ez bestearentzat». Horregatik dio erdi-perfektua izan behar duela bakeak; «erlatiboki perfektua edo inperfektua guztientzat».
Egoera horrek «buruzagi eskuzabalak» eskatzen dituela ohartarazi du, eta nahi horixe azaldu du, «badaudelako egitea oso gutxi kostatzen diren gauzak baina oso eragin garrantzitsua izan dezaketenak». Buruzagi politikoen adierazpenei buruz ari da; aitortzei buruz. Bere esperientziara jo du bere ustez izan beharko lukeenari buruz mintzatzeko: «Palestinarren tragedia aitortu behar da, eta Israelek tragedia horren erantzukizunaren zati bat baduela onartu behar du». Ben Amiren esanetan, premiazkoa da hori egitea eta «ez da asko kostatzen», gainera. «Ezin baduzu ordainsari materialik eman, eman ezazu sari morala gutxienez», arrazoitu du. «Aitortza hori oso garrantzitsua da».
Palestinarrei ere alde horretatik jokatzeko deia egin die: «Buruzagi palestinar batek israeldarren bihotzera iritsiko diren gauzak esan ditzake. Lider batek egindako adierazpen batek eragin handia izan dezake».
BERRIA eta 'Gara' faltan
Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarraren atzoko saio nagusia hedabideei buruzkoa izan zen. Komunikabideak, memoria eta elkarbizitza izenburupean egindako mahai inguruan aritu ziren Alberto Surio EITBko zuzendaria, Juan Carlos Martinez El Correo-koa, Josean Izarra El Mundo-ren Euskal Herriko erredakzioko zuzendaria, Bingen Zupiria Deia-koa eta Juan Mari Gastaca El País-ek Euskal Herrian duen zuzendaria. BERRIAko eta Gara-ko zuzendariak ez dituzte jardunaldira gonbidatu, eta horrexen falta sumatu dute batzuek.
El País-eko zuzendariak espresuki aipatu ditu falta diren bi egunkarien izenak. Deia-koak «herri honetan garrantzitsuak diren hainbat hedabide» egon ez izana salatu du.
Ben Amiren ustez, erabateko justiziak ez du benetako bakerik ekarriko
Israelgo ministro ohiak dio ez dagoela denentzat «perfektua» den bakerik, eta denentzat erdi perfektua proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu