Erlijioa. Gazteen Munduko Jardunaldiak

Benedikto XVI.aren gerizpera

Hegoaldeko elizbarrutiek ia 11.000 gazteri harrera egingo diete egunotan, katolikoek Madrilen egingo duten bilkuraren atariko«Presio laizista» saihestuz parte hartzera deitu du Munillak. Kritikak ere hasi dira

arantxa iraola
Donostia
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Katolizismoaren festa bihurtu nahi dute Hego Euskal Herria. Benedikto XVI. aita santuaren gerizpean Madrilen datorren astean gazte katolikoek egingo dituzten Gazteen Munduko Jardunaldien atariko, milaka gazteei harrera egingo diete datozen egunetan Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko elizbarrutiek. Ia 11.000 gazte izango direla jakinarazi dute eliz iturriek. Kopuru aldetik, Gipuzkoa izango da oparoena. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak harro aurkeztu zituen atzo datuak: 5.635 gazte hartuko dituzte. 454 laguni familietan egingo diete harrera, eta gainerakoek, kiroldegi, eskola eta antzekoetan ostatu hartuko dute. 3.500 inguru izango dira Nafarroan, eta 800na Bizkai eta Araban. Latinoamerikatik eta Europako hainbat herrialdetatik etorritako gazteak izango dira gehienak. Hilaren 15a arte egongo dira Euskal Herrian, eta denek batera Madrilerako bidea hartuko dute ondoren.

Gotzain guztiek plazaratu dituzte topaketaren aldeko laudorioak. «Dohainen trukaketa zoragarri bat da beti harrera». Jose Ignacio Munillak, atzoko agerraldian, gazteei harrera egiteko ekintzetan parte hartzeko dei berezia egin zuen. «Gazte katolikoentzat konplexuak kentzeko egundoko aukera ematen du honek guztiak», azaldu zuen. «Izan ere, argi dago gazte katolikoek nolabaiteko presio laizista jasaten dutela». Donostiako gotzainarentzat «haize freskoa» ekarriko du gazteen topaketak.

Gazte gehientsuenak bihar helduko dira. Zenbait dagoeneko Euskal Herrian dira, ordea. Horietako bat da, esaterako, Dani Calderon (Chiloe, Txile, 1986). Uztailaren amaieratik da Euskal Herrian. Txileko gazteen ordezkaritza aski zabala izango da Gipuzkoan —1.378 lagun— eta horien guztien bisitaren nondik norakoak antolatzeko etorri zen aurretik. Pozarren dabil Donostian. «Hiri zoragarria da». Zentzuz beteriko bidaia dela dio. «Gure herriaren testigantza eman nahi dugu, eta han gure taldeetan egiten dugun lanaren testigantza ere bai».

Egunotan Euskal Herriko hainbat bazter ezagutzeko aukera izango dutela dio, eta gainerako gazte fededunekin dituzten esperientzietan sinesmenean hazten jarraitzeko xedea dutela. «Horixe da helburua, irmo jarraitzea gure fedean». Hainbat parrokiatan ibili dira, propio, gazteei harrera egiteko ekimenak antolatzen. Ekimen ludikoak eta erlijiosoak tartekatuko dituzte. Hilaren 15ean, esate baterako, mezak egingo dituzte hiriburu denetan, eta Madrilerako bidea abiatuko dute guztiek.

Elizbarrutietako jarduna sendotzeko eta biziberritzeko aukera eman du lan horrek guztiak, Jose Ignacio Munillaren arabera. «Parrokia, artzapez barruti eta boluntarioen artean sareko lana sortu da, benetan ederra», azaldu du. «Gauzak ateratzen diren moduan ateratzen direla ere, aurreko prestakuntza ahaleginek mesede handia egin dute».

Ongietorririk ez

Topaketaren inguruko iritzi guztiak ez dira, nolanahi ere, hain abegikorrak. Nafarroan, esaterako, hainbat taldek, Iruñean batuko diren gazteen harira, mezu kritikoa agerian uzten duten kartelak banatu dituzte. Zabaltzeko deia egin dute. Ez zarete ongietorriak diote, hiru hizkuntzatan; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eliza katolikoaren «pribilegioak» amaitzeko deia egin nahi dute mezu horrekin.

Gipuzkoako Bilgune Feministak ere mezu kritikoa plazaratu du. «Emakumeon eskubideen urratzaile den eliza katoliko apostoliko erromatarraren jarraitzailerik ez! Ez Euskal Herrian eta ez inon!» , nabarmendu du. Era berean, gazteen topaketa finantzatu duten erakunde publikoen jarrera kritikatu du. «Ez dugu beraien egonaldia geure poltsikoetatik ordaindu nahi. Noiz eta instituzio publiko politiko berberak krisi ekonomikoaren aitzakiapean zerbitzu sozialen murrizketa ematen ari direnean».Testuinguru horretan, biharko deia egin dute. Donostiako epaitegi aurrean elkartuko dira eta salaketa aurkeztuko dute Benedikto XVI.aren aurka hainbat «krimen» leporatuta. Sexu abusuak ezkutatzea eta homofobia sustatzea egozten diote, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.