EAEko osasun alorreko sindikatu profesionalen arabera—Sindikatu Medikua, Satse erizainen sindikatua eta Euskadiko Erietxeetako Medikuen Federazioa— gehiegizkoa izan da Rafael Bengoa Osasun sailburuak beraiek egindako kritikei emandako erantzuna, eta atzera egiteko eskatu diote. «Oso adierazpen desegokiak egin ditu guri buruz. Ez da egokia, eta ezta bidezkoa ere, gure jokabidea arduragabea eta zentzugabea izan dela esatea; are gutxiago, salaketekin mehatxu egitea. Tamalgarria da argudio horiek erabiltzea defendatzeko». Gainera, beren kritikak aski frogatuta daudela defendatu dute.
Osakidetza «gainbeheran» dagoela salatu zuten orain astebete sindikatu profesionalek, eta kalitatea bermatzeaz baino gehiago, «hedabideetan agertzeaz» arduratzea egotzi zioten Bengoaren taldeari. Materiala lortzeko orduan izandako murrizketak salatu zituzten, besteen artean. Horrek biziki haserretu zuen Bengoa, eta hurrengo egunean salaketa horiek «faltsuak» zirela esan zuen, eta epaitegietara jotzeko mehatxua egin zuen.
Protestei eusten diete
Egindako kritikak aski frogatuta daudela defendatu dute sindikatuek. Materialei lotutako murrizketak jarri dituzte horren adibide. «Osakidetzak berak egindako planean jasotzen da hori». Gainera, gogorarazi dute materialari lotutakoaz gain beste kritika batzuk egin zituztela, eta arazo kopuru luzea zerrendatu zutela. Horien aurrean, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak osasun profesionalekin benetako elkarlan bat sustatzeko borondaterik ez duela salatu dute.
Bestalde, atzo bildu ziren etengabeko arretarako guneetako langileen ordezkariak Osakidetzako buruekin.Langileak «pozik» daude Osakidetzaknegoziatzeko borondatea erakutsi duelako. «Baina egin dituzten beste proposamenak eskasak dira». Hala, egiten ari ziren itxialdia utzi arren, iragarritako protestei eusten diete. Greba egingo dute martxoaren 5etik 11ra eta 19tik 25era, eta apirilaren 2tik 8ra.
Bengoari eginiko kritikak aski frogatuta daudela diote sindikatuek
Osasun sailburuaren erantzuna salatu dute sindikatu profesionalek, eta atzera egiteko eskatu diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu