Suteak

Berangoko sutea "kontrol fasean" dagoela zehaztu dute suhiltzaileek

Ertzaintzak Unbeko Gainean errepidea moztu behar izan du goizean. Hala ere, dagoeneko baretu da egoera. Nafarroan, kontrolpean hartu dute Arantzako sutea.

Suhiltzaileak, Berangon lanean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
2015eko abenduaren 28a
07:24
Entzun

Igande iluntzean piztu zen sua Sustatxa Bidean (Sopela eta Berango artean), eta haize zakarraren ondorioz, denbora gutxiak nabarmen indartu zen. Uneotan suhiltzaileek sua kontrolpean hartzeko lanean jarraitzen dute. Bart gauetik lanean ari diren bederatzi kamioi, 12 lur-orotako eta ehun suhiltzaileei bi hidrohegazkin batu zaizkie. Dagoeneko 120 hektarea inguru erre dira.

“Sua itzali, baina berehala pizten da”. Labur azaldu du arazoa Iñigo Basagurenek. Berangoko etxetik atera, sua ikusi, eta suhiltzaileak laguntzera joan da beste hainbat herritarrekin batera. Handik erantzun ditu BERRIAren galderak. “Herrian ez da igartzen, baina goian haize handia dago, eta nahiko kontrolatuta dago sua, baina pizten da ostera bere”. Mangerekin dabiltza lanean. Goizetik lanean aritu diren hidrohegazkinak lagungarri izan direla dio, baina haizea da arazoa. Horregatik berpizten da sua. Suhiltzaileek zehaztu dutenez, “kontrol fasean” dago sutea, baina erabat itzali arte ordu franko beharko dituztela azaldu dute.

Ertzaintzak Sopela inguruko hainbat etxebizitza hustu ditu gauean, segurtasun neurriak medio. Goizean, berriz, industriagunean aritu dira, batez ere lanean, oso gertu izan baitute sua eta haize indartsuak asko zaildu ditu hura itzaltzeko lanak. Segurtasun neurriak hartu dituzte kiroldegiaren inguruan ere. "Momentuz etxebizitzak ez daude arriskuan", nabarmendu du goizean Maria Isabel Landa alkateak.

Sopela eta Berangokoak ez dira izan igandean piztutako sute bakarrak. Karrantzan ere berpiztu egin da suhiltzaileek atzo itzalitzat emandako sutea, eta bertara itzuli behar izan dute. Leioan, Ispasterren eta Ereñan ere suak hainbat metro koadro erre zituen, nahiz eta ordu gutxian itzaltzea lortu zuten.

Haizea etsai

Nafarroan, berriz, sutea piztu da goizean Arantza inguruan, eta iturri ofizialek zabaldu dutenez, Artikutzaraino heldu da sua. Baina hainbat orduz haren aurkako lanetan aritu ostean, kontrolpean hartzea lortu dute. Juan Miguel Almandoz alkateak azaldu duenez, Donostiako suhiltzaileak gerturatu dira Nafarroakoei laguntzera. "Atzo dagoeneko su txikiak bakarrik geratzen ziren, baina gaueko haize zakarraren ondorioz handitu egin dira goizean".

Funesen, berriz, bi pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, euren etxean sua piztu ostean. Sua dagoeneko itzalita dago.

Gipuzkoan ere izan zen ezustekorik atzo. Izan ere, Deban su hartu zuen baserri batek, eta bi lagun erietxera eraman behar izan zituzten.

Alerta laranja

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta ezarri zuen atzo haizeagatik eta sute arriskuagatik. Batetik, haizeak gogor joko zuela iragarri zuen. Gaur baliteke 120ko muga gainditzea. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere alerta laranja ezarri du Nafarroako iparraldean, haizeagatik. Bestetik, Segurtasun Sailak sute alerta ere ezarri du; gogorarazi du hego haize bortitzak, hezetasun urriak eta tenperatura altuek areagotu egiten dutela suteak pizteko arriskua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.