Berdea, grisaren lagun berria

Golf zelaien ondoan 6.000 etxebizitza baino gehiago egiteko egitasmoak daude Euskal Herrian. Golf zelaien proiektuak etxebizitzei uztartuta egin dira, baina proiektu batzuk kolokan daude.

Jon Rejado.
GASTEIZ
2007ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Berdea eta grisa. Belarra eta porlana. Nahasketa hori indartu da azken urteetan Hego Euskal Herrian. Egun, aurrera bidean dauden hamar egitasmoetatik seik etxebizitzak izango dituzte ondoan. 6.000 etxebizitza berri baino gehiago guztira. Golf zelaiak «bideragarri» izan daitezen hartu beharreko neurria dela diote egitasmo horiek dituzten udaletako agintariek. Ingurua sustatzeko baliagarria izango dela diote batzuek. Etxebizitza horiek ingurumenean eta azpiegituretan eragin bortitza eragingo dutela diote beste hainbatek.

Azken asteetan Arabako Errioxa bihurtu da zalaparta horren iturri garrantzitsuenetako bat. Zinegotzi baten botoa erosteko ahalegina Guardian, golf zelaiaren kontra dagoen alkateari herriko bozeramaile izateko eskubidea kendu Bastidan... Arabako Errioxako bi egitasmoak oso ezberdinak dira elkarren artean. Guardiakoak golf zelai handia eta etxebizitza gutxi ditu - milioi bat metro koadro zelaia eta 100 etxebizitza -, Bastidakoan, aldiz, kontrakoa gertatzen da - milioi erdi metro koadroko zelaia eta 750 etxebizitza -; baina oinarrian arazo berari egin behar diote aurre, berdea eta grisaren arteko loturari.

Etxebizitzarik gabe ez dago zelairik. Guardiakoan Eusko Jaurlaritzak egitasmoko 350 etxebizitzak ehunera mugatu zituen, eta, ordutik, egitasmoa egin nahi duen enpresarik ez da agertu. Horiek horrela, egitasmoa bertan behera uztea aztertzen ari da Udala.

Bastidan gauza bera gerta liteke, batez ere EAEko Lurralde Antolamenduko Batzordeak atzo erabaki zuena kontuan hartuta. «Erabakia garrantzitsua da, baina ez da erabakigarria», esan zion BERRIAri Rafa Tavera Torrolate plataformako kideak aurreko astean, bilera egin aurretik.

Lurralde Antolamenduko Batzordeak proiektuak aurrera egiteko Hiri Antolaketarako plan orokor berri bat egiteko eskatu dio Bastidako Udalari, interes komunitarioko eremu bat hartzen baitu. Batzordeak Udalari bueltan bidali dio txostena. Golf zelaiak hartuko lukeen eremuaren %70i ezin zaio izaera aldatu, hau da, eremuaren bi herenek ez dute balio golf zelaia egiteko. Hala, egitasmoa kolokan geldituko litzateke, lanak egin behar dituen enpresak jakinarazi baitzuen aurreko urtean aldaketarik egonez gero ez zituela lanak egingo.

Higinio Arinas alkateak bileraren amaieran esan zuen «zaila» dela murrizketa guztiekin golf zelaia egitea. Ignacio Gil PPko zinegotziak, berriz, gehitu zuen golf zelaia legezkoa dela eta proposatutako aldaketak egingo dituztela.



HIRU 'HERRI' BERRI NAFARROAN. Nafarroako hainbat herritako ikuspegia ere errotik aldatuko da. Vianan 1.498 etxebizitzako auzunea eraikiko dute golf zelai baten ondoan, Fontellasen, 1.157koa, eta Tuteran, zehazteke dagoen arren, 900 etxebizitza eraiki nahi dituzte. «Auzuneak herrietan bertan ez dauden arren, oso gertu daude, eta ezin da jakin auzune horiek golf zelairik gabe ere egingo ote dituzten», deritzo Jose Antonio Marsen Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariak.

Egitasmo horiek «kosta ahala kosta» egin nahi izan dituztela deritzo Toño Murillas Gurelur talde ekologistako kideak. Nekazaritza produktibitate handiko lurretan egingo da egitasmoa, izendapen hori duten lurretan golf zelaia egitea legez kanpokoa den arren. Gurelurrek alegazio hori egin arren, egitasmoak aurrera jarraitu zuen. «Nafarroako Gobernuak nahi beste prebarikatzen du».

1.277.248 metro koadroko eremua hartuko du Fontellasko egitasmoak, eta 2014. urterako bukatu nahi dute. 1.157 etxebizitzetatik 300 babes ofizialekoak izango dira eta beste 237 salneurri mugatukoak. 1.482 tokiko aparkalekua ere izango du, bestelako azpiegiturez gain: kaleko argiak, errepideak, telefono sarea, ura banatzeko hoditeria... Ura da, hain zuzen ere, egitasmo horien arazo nagusietako bat, baina ez bakarrik auzuneak eta golf zelaiak behar luketen kopuruagatik. Nafarroako araztegien enpresa arduraduna Nilsak auzune horrek Tuterako araztegia «kolapsatu» egingo duela deritzo.

Tuteratik lau kilometrora ere Eco City delakoa eraiki nahi dute, udal golf zelaia izango duen auzunea. 2010erako egin nahi dute. Proiektuari lotutako etxebizitza kopurua aldatuz joan da, baina 700 eta 900 artean egongo dira. Azken auzune hori, ECO-City izenekoa, «hirigintza plangintza iraunkorrean» oinarrituta dagoela diote egitasmo horren bultzatzaileek. Dena den, garapen ereduaren gainetik, egitasmo horiek Nafarroako estepa eremua nabarmen murriztuko dutela kritikatzen du Munillasek. «Interes ekonomikoa eta politikoa tartean dagoenean, egitasmoak arauen aurretik doaz».



BAKIO, EGITASMO ERRALDOIA. Bost golf zelai daude gaur egun Bizkaian eta etorkizunean beste hiru gehiago egon daitezke. Urduñan eta Derion egitasmoaren nondik norakoak zehazten ari dira. Bakion egoera oso bestelakoa da, ordea: 1.994 etxebizitza eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du Doneperai baselizaren, biotopoaren eta herriaren arteko gunean.

Bakioren kasuan golf zelaiaren etorkizuna zein izan daitekeen ikusteke dago. BakioSOS elkartearen ustez azken hilabetetan golfa alde batera uzteko pausuak eman ditu Udalak, azken hilabeteetan horien inguruan egondako zalaparta eta hori gauzatzeko dituzten zailtasunak direla eta. Golf zelaiak ingurumen eraginari buruzko azterketa behar duela azpimarratzen dute BakioSOSeko kideek, eta, Udalak hauteskunde garaian azterketaren emaitzak jakinarazi behar zituen arren, oraindik ez dago horren berririk.

«Oraindik ukitu gabe dago golf zelaia hartuko duen eremua; ez dute ezer jakinarazi, baina azken erabakiak golf zelaia etxebizitzen egitasmotik aldentzeko asmoa dutela ematen du», dio BakioSOSeko Joane Boyrak. Udalaren eraikitzeko irrika horrek zentzurik ez duela deritzote. Elkarte horrek jaso dituen azken datuen arabera, Bakioko etxebizitzen %80 hutsik daude.



OIANGU PARKEA, MUGATUTA. Bestelako egoera bizi da Ordizian (Gipuzkoa): golf egitasmoak auzunerik ez duen arren, Oiangu parke publikoaren erabilera errotik mugatu dezake, eta. 2005. urtean onartu zuen Ordiziako Udalak parkearen ustiapena 40 urtez Ikena S.L. enpresari ematea. Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformaren ustez irregulartasun asko gertatu da 2005etik. «Idatzi zuten Plan Berezia oso zabala da, ez du jartzen inolako baldintza zorrotzik», deritzo Julen Agirre Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformako kideak.

Udalak Oiangu kudeaketa enpresa pribatu bati emanda parkearen etorkizuna kolokan jartzen duela deritzo plataformak. «Eraikitze enpresa bat da eta eraikitzen duen unetik irabaziak izango ditu; golf zelaiak porrot egiten badu, Udalak egin beharko dio aurre egoera horri, ordea». Eremu bat baino ez lukete utziko izaera publikoarekin, eta besteetara sartu ahal izateko ordaindu beharko litzateke.

Oianguko egitasmoa eliteko turismoa erakartzeko tresna izan daitekeela esan da publikoki, baina plataformatik galdera batekin erantzuten diote. «Toki ikusgarria da Oiangu, natur balio handia duena. Goierrik eskaini behar duena golfa al da?».





############

 

Golfa ulertzeko



beste modua
Arabako Mendialdea sustatzeko eta suspertzeko helburuarekin jaio zen Izki Golf orain dela hamahiru urte. Hego Euskal Herrikogolf zelai publiko bakarra da Urturikoa.
J. REJADO

Urturi

Elitista. Garestia. Pribatua. Itxia. Adjektibo asko izan ditu golfak. Poliki-poliki aldatu da ikuspegi hori azken urteetan, eta geroz eta euskal herritar gehiagok golfean egiten dute. Araba da kasurik adierazgarriena. Mila biztanleko 16,8 federatu dago, Hego Euskal Herriko gainerako probintzietan baino askoz gehiago. Urturi (Araba) ondoan dagoen Izki golf zelaiak zerikusi zuzena du datu horretan, kudeaketa publikoa duen golf zelai publiko bakarra da-eta Hego Euskal Herrian.

Golfa eta hirigintza. Hirigintza eta golfa. Zaila da bi hitz horiek bereiztea gaur egungo egitasmoetan. «Golf zelai soil bat defizitarioa dela jakina da, eta hainbat bide dago hori horrela izan ez dadin: hirigintzarekin lotu eta kudeaketa pribatua egitea eta bazkide sari altuak jartzea, besteak beste». Horrela laburbildu du Santiago Merino Naturgolf elkarte publikoko zuzendari gerenteak. Elkarte publiko hori da Izkiko zelaia kudeatzeaz arduratzen dena, baina ezohiko bideari jarraitzea erabaki dute.

Arabako Mendialdea suspertzeko egitasmo gisa jaio zen Izki golf. Gaixotasun bat zela-eta patata landatzeko balio ez zuten lurrei beste erabilera bat ematea erabaki zen, eta golfa aukera egokia izan zitekeela ondorioztatu zuten. 1994an ireki zenetik gaur egunera arte zituen helburu batzuk bete ditu; landa turismoko etxeak sortu dira inguruan, baita bestelako enpresa txikiak ere.

Azken kudeatzaileen lana gainditu eta jatorrizko asmoari eutsiko diotela dio Merinok. Horretarako 2.008-2.011 Plan Estrategikoan Arabako Mendialdean egin daitezkeen ekintzen bilgunea bihurtu nahi dute Izkiko golf zelaia, golfari uko egin gabe. Mendiko bizikletako bideak zabaldu dituzte orain dela hainbat hilabete, eta horiek indartu nahi dituzte bizikletak alokatuz eta bestelako ekimenen bitartez. Ibilbide ekologikoak, atletismo lasterketak edo ornitologiarekin eta arrantzarekin lotutako ekimenak egin nahi dituzte etorkizunean.

Euskarari ere orain arte izan ez duen garrantzia emango diotela azpimarratu du Merinok. «Ezin dugu onartu Erresuma Batuko norbait hona etortzea eta non dagoen ere ez jakitea; hemen duguna saldu behar dugu, eta Euskal Herriko probintzietako gune turistikoen berri eman behar dugu beldurrik gabe». Hori guztia «kudeaketa garden» baten bitartez. Datozen urteetan kudeaketarekin eta ingurumenaren babesarekin lotutako ISO arauak betetzeko erronka finkatu dute, besteak beste.



HAZTEN ARI DEN KIROLA. Golfean egingo duten pertsonen kopuruak gora egingo duela deritzo Santiago Merinok. «70 urterekin ere egin daitekeen kirola da eta biztanleriaren piramidea ikusita...». Eugenio Remiro Miranda de Ebroko bizilaguna (Burgos, Espainia) eta Antonio Cabrerizo gasteiztarra egoera horretan daude. «Heldu xamar ginenean hasi ginen jokatzen», dio Antonio Cabrerizok. Orain dela zortzi urte inguru hasi zirela gogoratzen dute, eta lehen pausu horietan elkar ezagutu zuten, adiskide egin ziren eta bertan biltzen jarraitzen dute.

Esaten den bezain kirol garestia ez dela deritzote. Garai bateko izaera elitista galtzen ari dela, poliki-poliki. «18 zuloak egiteak 32 euro balio du bazkide ez den batentzat aste barruan , eta bost ordu inguru ematen da inguru harrigarri batean. Zatiketa egin eta ordua sei euro inguru ateratzen da... ez da garestia, nire ustez», dio Eugenio Remirok. «Izkiren moduko zelai publikoak lagungarriak dira horretarako, pribatuetan garestiagoa baita dena».

Udan, oporretan, Espainiako zelaietan jokatzen dutela diote. Hori dela eta, Euskal Herrian egun dauden egitasmo erraldoiek ez dituzte askorik harritzen. «Toki guztietan ikusten da hori: Sojuelan (Errioxa, Espainia) ikusi dut nik gauzarik harrigarriena, ezer ez zegoen tokian etxebizitzak eta golf zelaia egin baitituzte», dio Antonio Cabrerizok.

Golfean egitea gustuko duten beste batzuek zalantza gehiago dituzte horren inguruan. «Golfa utziko nuke horretan jarduteko sarraskiak egin behar badituzte ingurumenean; dena den, ez dut uste golfa eta etxebizitza uztartzen dituzten egitasmoetan golfak lehentasuna duenik», dio Jesus Martinezek.





############



«Golf zelai soil bat defizitarioa dela jakina da, eta hainbat bide daude horrela izan ez dadin»

«Golfean aritzen direnen kopuruak gora egingo du.70 urterekin ere egin daitekeen kirola da»

santiago merino
Naturgolf elkarte publikoko zuzendaria



############



Vianan 1.498 etxe eraikiko dituzte golf zelai baten ondoan, Fontellasen 1.157 eta Tuteran 900 inguru





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.