Eusko Legebiltzarraren eraketa

Berdinketa hautsi ezinda, ostegunean errepikatuko dute Mahaiko lehendakaria aukeratzeko saioa; EHAK-k 'EAJ-PNV' bozkatu du

Espero bezala, 33na boto jaso dituzte gaurko hiru bozketetan Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai biek —Juan Mari Atutxa (EAJ) eta Miguel Buen (PSE)—. Hala ere, ezustekoa izan da: EHAK-ko bederatzi legebiltzarkideek boto zuria eman ordez, 'EAJ-PNV' jartzen duen txartelak sartu dituzte hautestontzian, Atutxa ez den Legebiltzarreko presidente jeltzale bat nahi dutela adierazteko. Boto horiek baliogabetu egin dituzte. Ostegunean osoko bilkura egingo dute berriro, Legebiltzarreko lehendakaria aukeratzeko. Ordu arteko epea dute alderdiek negoziatzeko.

2005eko maiatzaren 17a
18:00
Entzun
Adineko Mahaiak hala erabakita, atzoko prozedura bera erabili dute gaur ere Eusko Legebiltzarreko lehendakaria aukeratzeko: hiru bozketa egingo dituzte. Lehen bietan gehiengo osoa behar zuten hautagaiek aukeratuak izateko; hirugarrenean, sinplea nahikoa. Maria Jose Lafuente (PP) Adineko Mahaiko presidenteak erabaki du hala izatea, besteak beste, hautagai berriak aurkezteko aukera ematen zuelako. Mahai horretako EAJko bi kideak (Jose Antonio Rubalkaba eta Juan Mari Atutxa), ordea, atzoko hautagai bien arten bozketa bakarra egitearen aldekoak ziren.

Bozketa hiru aldiz errepikatu arren, atzoko berdinketa bera errepikatu da: Atutxak 33 boto (EAJ, EA, EB eta Aralar) eta Buenek beste hainbeste (PSE eta PP). EHAK-ko bederatzi legebiltzarkideek zuri bozkatu zuten atzo; gaur, ordea, 'EAJ-PNV' jartzen zuten txartelekin. Keinu horren bidez Eusko Legebiltzarreko presidentea jeltzalea izatearen aldekoak direla adierazi nahi izan dute, baina Atutxa ez dutela onartzen. Bederatzi boto horiek baliogabetu egin dituzte hautagaien izenik jartzen ez zutelako.

Araudian aurreikuspenik ez

Eusko Legebiltzarreko araudian ez da aurreikusten halako berdinketa egoera batean zein irizpide erabili korapiloa askatzeko: bozketa behin eta berriz errepikatzea baino ez, harik eta hautagaietako batek besteak baino babes handiagoa jaso arte. Hori dela eta, ostegunean saioa berriro errepikatzea erabaki du Adineko Mahaiak. Ordu arteko epea izango dute alderdiek negoziatzeko eta irtenbide bat topatzeko.

PSEk eta EHAK-k diote Eusko Legebiltzarreko lehendakaritza EAJko kide bati emateko prest daudela, baina ez, ordea, Atutxari. Hautagaiaren inguruan adostasua lortzeko biderik ez urratzea leporatzen diote EAJri.

Jeltzaleek, berriz, Atutxari "bet politiko pertsonala" ezarri diotela salatu dute, eta hori ez dela zilegi demokrazian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.