«Berdintasun ilusioa» tratu txarren zio dela salatu dute

Nafarroako Indarkeria Sexistaren aurkako emakumeen plataformak ostegunerako deia egin du; manifestazioa egingo dute Iruñean

Iruñea
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Genero indarkeriaren arrazoiak saldu nahi diguten berdintasun ilusioaren atzean mozorroturik daude», adierazi du Miren Condek, Nafarroako Indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformako kideak. Oinarrian «gizarte patriarkala eta sasi-berdintasuna» daudela dio. Azaroaren 25ean, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, manifestazioa egingo dute Ez utzi iruzur egiten! lelopean, 20:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta.

Genero indarkeriaren adierazpen «latzena eta hunkigarriena» hilketak direla gogorarazi du, eta 2010ean, hain justu, Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz sei emakume hil direla. Hilketa horiek guztiak «sasi-berdintasun gizartearen» ondorio direla salatu du. Emakumeen eta gizonen berdintasunezko gizartea sortu beharrean, «ilusioz» beteriko gizartea sustatzeari egozten dio errua.

Aski motibo ikusten dituzte ostegunean kalera irteteko. 2010eko urriaren 30era arte 1.046 emakumek jarri dituzte bikotekideen aurkako salaketak Nafarroan. 2009an baino 89 salaketa gutxiago jarri direla jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Teresa Zabaldegi plataformako kideak adierazi duenez, ez dakite ziur zeintzuk izan daitezkeen jaitsiera txiki horren zioak. Emakumeek bikotekidea salatzeko duten «beldurra» aipatu du, hala ere, eta salaketek maiz ondoriorik ez dutela izaten. «Iaz jarri zituzten salaketetatik 270ek lortu zuten urruntze agindua. Gainerakoak epaitegietatik sartu ziren bezalaxe atera ziren».

Salaketa jartzeko orduan emakumeek duten beldurra bukatzeko, laguntza psikologikoa eta emakumeentzako harrera zentroakeskatu dituzte. «Prozesu luzeak izan ohi dira, eta emakumeek laguntza behar dute». Laguntza ekonomikoa oso garrantzitsua dela nabarmendu du.«Bikotekidea ez uzteko arrazoi nagusia izan ohi da».

Nafarroako indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformak genero indarkeria bukatzeko «ezinbesteko» neurriak eskatu ditu. Aurten, eskariak berraztertu ditu emakumeek egindako salaketak aztertuz. «Informazioa eta hezkuntza» dira neurri garrantzitsuenak: arazoa zein den aztertu eta konpontzeko tresnak bilatu behar dira. Gizarteko «estamentu» guztiek parte hartu behar dutela adierazi dute.

Gizartean sortzen diren «ilusioek» emakumeen autoestimua «iraintzen» dutela adierazi du Condek. Bide horretan, hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, haurrentzako ipuinetatik hasi eta testu liburuetaraino estereotipoak irakasten dituztela adierazi du. Emakumeen lanaldi bikoitzak eta soldatak%30 murritzagoak izateak, halaber, desberdintasunak areagotzen dituztela azaldu du.

Gasteizen, gazteak kezka

Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek jakitera eman dutenez, iaz genero indarkeriagatik lehen aldiz artatu zituen emakumeen%60,10ek 14 eta 35 urteen artean zituzten. Udalak atzo aurkeztu zituen ostegunera begira antolatu dituen ekitaldiak, protestak eta ekimenak, eta bertan jakinarazi zuen aurtengo ekimenetan arreta eta indar berezia jarriko dutela gazteek kontzientzia har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.