Emakundek martxoaren 8ko kanpaina lan munduaren inguruan egin du aurten. Landu berdintasuna lelopean, enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak sustatzeko eskatuko du zenbait euskarriren bitartez. Hain zuzen ere, politika horiek emakumeen gaitasunak aprobetxatzeko tresnak direla gogorarazi du. Horretaz gain, krisi ekonomikoari aurre egingo dion eredu sozioekonomiko «justuago eta eraginkorrago bat» bat sortzen laguntzen dutela azaldu du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak.
Silvestrek ohartarazi du krisialdiaren eragin gogorrena lan merkatuan sumatu dela, eta emakumeen artean izan duen eragina datuekin islatu du. 25 eta 35 urte arteko emakumeen artean dago langabe gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horretaz gain, kontraturik gabe lan egiten duten pertsonen %88 emakumeak dira, baita familia eta lana bateratzeko neurriak baliatzen dituztenen %90 ere. «Jakin badakigu emakumeak ondo prestatuta daudela; ordaindutako lanik ez badute, ez da prestaketa faltagatik».
Enpresetan berdintasun politikek emaitza onak izaten dituztela gogorarazi du Silvestrek. Azaldu du politika horiek egungo egoerari aurre egiteko balio duen eredu sozioekonomiko «egokiago» baten alde egiten dutela, eta, aldi berean, enpresaren produkzioa ere hobetzen dutela. «Berdintasun neurri horiek ekonomia iraunkorrarekin lot daitezke, baina bideragarriak izateko, luzera begira ezarri behar dira».
Berdintasun planak edo diagnosiak hasi dituzten EAEko enpresen erregistrorik ez dago gaur egun. Ordea, 50 enpresak eskuratu dute Emakunderen berdintasun aitorpena. «Gugana jo zuten lehen enpresak zerbitzuekin lotuta zeuden funtsean, baina poliki-poliki gizonei lotuagoak egon diren sektoreetako enpresak ere sartu dira, baita teknologia berrietakoak ere».
Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpaina gaurtik martxoaren 13ra arte egingo dute, prentsa, Internet, irrati eta autobus geltokietan, baita Euskotrenen eta Bilboko metroan ere.
Kontratazio gida
Martxoaren 8ko kanpainarekin batera, Emakundek lan merkatuan baztertutako pertsonak lanmunduan sartzea errazteko gida bat prestatu du. Emakunderen webgunean eskura daiteke gida hori; kontratazio moduak kontuan hartuta egituratu dute, eta egungo araudian dauden laguntza guztiak biltzen ditu, baita kontratu eredu batzuk ere, besteak beste.
Espainiako Gobernuak aurkeztu duen lan erreformaren ostean gidan zenbait «aldaketa txiki» egin beharko dituztela aurreratu du Silvestrek, aldaketa horrek laguntza batzuk bertan behera utzi dituelako. «Lan erreformak ez du berdintasuna baliatzen hazkunde ekonomikoa sustatzeko, ezberdintasuna baizik».
Adingabe bat zaintzeko baimena eskatu zuten emakumeen laneratzea errazteko eta kontratu mugagabeak sustatzeko laguntza kendu dute, besteak beste. Laguntza batzuk eteteaz gain, Espainiako Gobernuak langileen aurka joan daitekeen malgutasuna onartu duela gogorarazi du.
Martxoaren 8. Emakumeen Eguna
Berdintasun politikak, krisiari aurre egiteko tresna
Berdintasuna aldarrikatuko du Emakundek bere kanpainan, beste eredu sozioekonomiko baten sustatzaile izan daitekeen aldetikSilvestrek dio Espainiako lan erreformak «desberdintasuna» baliatu nahi duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu