"Berdintasun ezak ondorio latzak dakartza maila pertsonalean, baina baita ere alor sozialean eta ekonomikoan, besteak beste. Berdintasuna, beraz, positiboa da ez bakarrik banakoen garapenerako, baizik eta gizarte osoaren aurrerapenerako ere". Mezu hori zabaldu nahi du Emakundek, aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan. Kanpainaren leloa honakoa da: "=+ Berdin gehiago da. Berdintasuna: gizarte osoari mesede egiten dion giza eskubidea".
Ostiralean Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Eta Emakundek hilaren 12a bitartean 5.000 kartel banatuko ditu erakunde, ikastetxe, liburu eta erakundeetan. Kanpaina autobus, tren eta metroko geltokietan izango da ikusgai, baita komunikabideetan ere.
Berdintasunaren bidetik, Emakundek uste du emakumeek nahiz gizonek beren gaitasuna erabat garatzeko modua izan dezaketela: "Berdintasunak aukera ematen digu den-denoi buruaski izateko bai gurekiko bai gizartearekiko; berdintasunak norbera eta albokoa zaintzeko lana denen artean banatzen laguntzen du; berdintasunak lankidetzan oinarritutako harremanak sortzen ditu, inor goian edo behean ez dagoen harreman afektiboak ekartzen dituelako, aniztasuna errespetatuz, eta demokrazia sendotzen".
Kanpainaren aurkezpenean, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak esan du erakundearen aurrekontua %20 txikituko dela.
Euskal Herriko hiriburuetako koordinadora feministek, bestetik, agerraldia egin dute gaur goizean Martxoaren 8aren harira, "borroka feministak aurrera jarraitzen duela" aldarrikatzeko. "Sistema kapitalista eta patriarkala, bizirik mantentzeko emakumeen esplotazioan oinarritzen da", salatu dute feministek. "Horretarako, gure parte-hartze, erabaki-hartze eta lanbiderako sarbidea mugatzen dizkigu; baita ere, zaintza lanak gutxietsi edo kultura zein historia mailan gure ahotsak isilarazi... Feministok badakigu eredu honek desberdintasuna baino ez duela pizten, eta horregatik, heriotza dakarren sistema honen aurrean, pertsonen bizitza eta ongizatea helburu gisa duen eredu berria proposatuko dugu".
Feminista taldeek honakoa aldarrikatu dute: "Emakumeok erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatzea exijitzen dugu. Bizitzaren alde, eta ez merkatuen zerbitzuan, dagoen ekonomia bultzatuko dugu!". Elizari, bestetik, exijitzen diote emakumeen bizitzetan, eskubide sexual eta ugalketa eskubideetan "muturra sartzeari" uzteko. Halaber, "bortizkeriarik gabeko bizitza" exijitu nahi dute: "Erantzunik gabeko eraso gehiagorik ez". Ostiralerako manifestazioak deitu dituzte Euskal Herriko hiriburuetan: Baionan 18:30ean Herriko Etxearen aitzinean; Donostian 19:30ean Bulebarrean; Bilbon 19:30ean Arriagan; Gasteizen 20:00etan San Antonen; eta Iruñean 20:00etan Gazteluko plazan.