Babes handia jaso zuen, ezbairik gabe, gizonen eta emakumeen berdintasunerako lege proiektuak. Joan den astean bozkatu zen Frantziako Asanblea Nazionalean, eta 359 boto alde izan zituen, 24 soilik kontra, eta 174 abstentzio. Azken horietatik gehienak, 161, UMPko diputatuenak ziren, baina eskuineko alderdiko 11 diputatuk ere proiektuaren aldeko botoa eman zuten. Ez da emaitza makala, are gutxiago ikusita ondorengo egunetan genero berdintasunaren eta estereotipoen aurkako irakaskuntzak nolako sua piztu duen Hexagonoan.
Beste mota bateko berdintasunetan ez bezala, Frantzian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko adostasuna zabala dela erakusten du Najat Vallaud-Belkacem Emakumeen Eskubideen ministroak bultzatutako proiektuak orain arte jasotako babesak. "Bai, ezkerretik eskuinera, ez dago ahotsik gaitzetsiko duenik desberdintasun iraunkorren kontra ministroak egindako esfortzuen beharra eta baliagarritasuna", esan du gaiaz Michelle Zancarini-Fournelek, Emakumeen eta Generoaren Historiako irakasle emerituak. Emakumeen eskubideen aldeko mugimenduen aspaldiko eskaera zen halako lege transbertsal bat.
Ildo horretan, alde eta iritzi gehienek aurrerapausotzat jo dute hainbat alorretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeriaren eta sexismoaren kontrako borroka bultzatzen dituen legea. Batzuentzat, hala ere, lehendik bazeuden arauen bilduma moduko bat baino ez da, eta aurrera bidean oraindik ere akatsak edo kontuan hartu ez diren gauza asko ditu. Beldur dira errepikatuko ote den orain arte arlo honetan hartutako neurriekin gertatu dena, hots, neurriak egon badaudela, baina ez direla aplikatzen modu eraginkorrean. Lan arloan, adibidez, Emakumeen Eskubideen Aldeko Kolektibo Nazionalak azaldu du neurririk ez dela jaso lanaldi laburrak eta kontratu prekarioak gehiegi erabiltzeari aurre egiteko, nahiz eta horrek zuzenean eragiten dien gizon eta emakumeen arteko desberdintasun profesionalei.
Eztabaida sortu da legeak jasotzen dituen beste zenbait neurriren inguruan ere. Erantzunik handiena, eskuinetik batez ere, abortatzeko eskubidea babesten duten neurriek jaso dute; emakumearen larritasun egoeraren baldintza ezabatzeak, zehazki. Baina ika-mika piztu du kazetaritza eskoletan genero berdintasuna erakustea ezartzen duen neurriak ere.
Hauek dira udaberrian Senatuak bozkatuko duen lege proiektuaren puntu nagusiak.
Abortatzeko eskubidea babestea
Larritasun baldintza desagertzea izan da lege proiektu horren puntu polemikoenetakoa, are gehiago kontuan izanik Espainian abortuaren legea erreformatzeko asmoak gaia puri-purian jarri duela Europa osoan. UMPko zenbait diputatuk eta Familiaren Aldeko Elkarteko kideek zuzenketa aurkeztu zuten, emakumearen larritasun egoeraren baldintza mantentzeko, abortatzeko eskubidearen salbuespen izaerari eusteko, baina ez zen onartu.
• 1975eko legeak baldintza gisa finkatu zuen emakumeen larritasun egoera. Baldintza hori desagertu egingo da, eta epeak izango dira irizpide nagusia.
• Abortuaren aurka aritzen diren taldeen kontrako zigorrak handitu egingo dira; delitu izango da abortuari buruzko informazio bila ospitale, planifikazio zentro eta halakoetara doazen emakumeen kontra presio moral eta psikologikoak, larderia eta mehatxuak erabiltzea.
Berdintasuna bermatzea lantokietan eta etxean
Emakumeen Eskubideen Ministerioaren arabera, emakumeak lan merkatuan gero eta gehiago sartzeak ez du aurrerakuntza nabarmenik ekarri etxeko lanak era bidezkoan banatzeko orduan. Horri gehitu behar zaio emakumezkoek batez beste gizonezkoek baino laurden bat gutxiago irabazten dutela enpresa pribatuetan, —%18 gutxiago arlo publikoan—. Hori bakarrik ez: oraindik ere emakumezkoek betetzen dituzte gehienbat lanaldi laburrak eta gutxi ordaindutako lanbideak. Eta beste lanpostuetan emakumeek gora egiteko oztopoen oinarrian daude etxeko eta lanbideko denbora antolatzeko zailtasunak.
Alor horretan berdintasunaren bila, haurrak zaintzeko amatasun eta aitatasun baimenen erreforma proposatu dute legean. Dena den, oraindik ere bada horretan zalantzarik. Le Monde egunkarian Emakumeen Eskubideen Aldeko Kolektibo Nazionaleko kideek eurek galdetzen zuten: "Zer gizonezkok etengo du bere karrera hilean 600 euro irabazteko? Emakumeek euren kalkuluak egiten dituzte: gutxiago irabazten dute; zaintzailea ordaindu beharko lukete, garraio kostuak gehituta, azkenean miseria bat poltsikoratzeko". Baina horrek ordaina du, diotenez, eta hori berresten dute Gobernuaren datuek: "Haur bat izateagatik lana urtebetez eteteak urteko soldataren %10 jaistea ekartzen du itzuleran, eta murrizketa erretretan ere igartzen da". 2011. urtean amen %25 baino gehiago izan ziren Frantzian haur bat izateagatik lana etetea erabaki zutenak; aitak %3 izan ziren.
• Aitatasun baimenen erreforma: haur bat duen bikotean, bigarren gurasoarentzat —aitarentzat gehienetan— sei hilabeteko baimena aurreikusten da, bikotekideak aurretik hartutakoaren osagarri. Bi haur dituzten bikoteentzat, baimena orotara haurrak 3 urte izan arte luza daiteke, baldin eta horietatik sei hilabete bigarren gurasoak hartzen baditu; aitak ez badu baimena hartzen, sei hilabete horiek desagertu egiten dira. Baimen hori hartzen duten aitentzako babes epe bat aurreikusten da, lanetik kaleratu ez ditzaten. Erreformak ez die eragiten guraso bakarreko familiei. Baimen laburragoak izan daitezke, baina ordainsari handiagoekin.
• Lanbide jakin batzuetan, autonomo moduan, aritzen diren gurasoentzat, bai haurdunarentzat eta bai baimena hartu nahi duen aitarentzat, kontratua aldi baterako eteteko aukera izango da, dagokien amatasun-aitatasun baimena bete bitartean. Gero, babes gisa, zortzi asteko epean, ezin izango da kontratua hautsi.
• Aitatasun eta amatasun baimenak hartzen dituztenentzat, enplegura itzultzeko laguntza eskubidea ezarriko da, prestakuntzarekin, esperientziaren aitortzarekin, karreren plangintzarekin...
• Hiru urteko epean haurtzaindegietan 275.000 toki gehiago sortzeko helburua hartu du Gobernuak.
• Desberdintasun profesionalen eta soldata desberdintasunaren kontrako neurriak hartuko dituzte. Urteroko negoziazioan soldata desberdintasunak ezabatzeko neurriak hartu beharko dira, eta bost urteroko sailkapen negoziazioetan diskriminazioa eragozteko neurriak hartu beharko dira.
• 50 langiletik gorako enpresetan, berdintasun legea betetzen ez duten konpainiei itxi egingo zaie lan publikoengatik lehiatzeko bidea. Baldintzak betetzeko bidean aholkularitza eskainiko zaie enpresei.
• Administrazio kontseiluetan emakumeak gutxienez %40 izateko 2017rako betebeharra zabaldu egiten da. Burtsan dauden konpainiek eta enpresa publikoek ez ezik, 250 langiletik gorako enpresek eta 50 milioi eurotik gorako negozio bolumena dutenek ere bete beharko dute.
Elikadura pentsioak ziurtatzea
Ministerioaren datuen arabera, oso maiz gertatzen da banandutako bikotekideak ez ordaintzea elikadura pentsioa haurren kargu dagoen bikotekide ohiari, edota ordainketa erabat aleatorioa egitea, hilabete batean bai, hurrengo bietan ez... Kalkulatzen da elikadura pentsioen %40 inguru gelditzen direla ordaindu gabe, edo zati bat ordainduta soilik.
• Banandutako gurasoek berme bat izango dute ordaindu gabeko elikadura pentsioen kontra. Neurri hori proban izango da hainbat tokitan, Frantzia osoan 2016rako ezartzeko asmoarekin. Banandutako amak gutxieneko elikadura pentsio baterako eskubidea izango du haur bakoitzeko. Gaur egun, hilabeteko eta haurreko 90 euro da; 2017rako 120 euro izatea aurreikusten da. Aldi berean, pentsioa behar bezala ordaintzen ez duen aitari bai soldata eta bai familia prestazioak konfiskatu ahalko zaizkio.
• Alde horretatik, egoeratik kanpo kontzeptua argitu beharra dagoela uste du gobernuak. Familien Sostengurako Diru Laguntzen txostenen herenetan, pentsiorik ez da finkatzen edo zorduna egoeratik kanpo dagoela ebazten da. Kontzeptu lausoa denez, aitak halako aitzakiak balia ditzake bere kaudimen gabezia edo pentsioa ez ordaintzea ez erabakitzeko, eta hori saihestu nahi da. Izan ere, orain, adibidez, bortizkeria erabili duen zordunari egoeratik kanpo estatusa ematen zaio, eta ez da inolako prozedurarik abiatzen zorra kitatzeko; berdin dio haren diru iturriak zein diren.
• Banantzeak modu baketsuagoan eramateko bitartekaritza moduak abiatuko dira, proban. Besteak beste, pentsioen gaurkotzea errazteko, diru sarreren informazio zuzena izateko, eta ezer baino gehiago, oso garestiak diren prozedura judizialak saihesteko.
Emakumeen kontrako bortizkeria
Bikote barruko bortizkeriaren biktima da hamar emakumetatik bat. Emakumeen %16k aitortu dute noizbait behartutako sexu harremanak izan edo horretarako saioak nozitu dituztela.
• Bikote barruko bortizkeriaren biktimak edo ezkontzera behartuak izateko pertsonen babeserako aginduak indartu egingo dira. Bikotekide bortitza etxetik botatzea baimenduko die aginduak epaileei, urgentziaz eta kondena edo zigorrik izan gabe ere. Babeserako aginduak bizkorrago emango dira. Eta lau hilabetetik seira luzatuko dira neurriak.
• Bikotekidearen bortizkeria kasuetan jada ez da biderik izango bitartekaritza penalarentzat, biktima eta erasotzailea berdintasunean jartzen dituelako.
• Orokortu egingo da orain arte proban erabili diren biktimentzako arrisku handiko telefonoen erabilera.
• Bortizkeria sexistagatik zigortutako gizonezkoek berdintasun ikastaroak egin beharko dituzte, euren sakelatik ordainduta.
Emakumeen irudia babestea
• Komunikabideetan emakumeen bidezko presentzia ziurtatuko dute, baita aurreiritzi sexistak eta emakumeen kontrako bortizkeria borrokatu ere telebistan. Eta eduki sexista eta homofoboei ere jazarriko zaizkie Interneten.
• Kazetaritza eskoletan gizon eta emakumeen berdintasuna erakutsiko da, baita estereotipoen, aurreiritzi sexisten eta irudi apalgarrien kontrako borroka ere.
• Haurren hipersexualizazioa borrokatuko dute. Debekatuta egongo dira 13 urtera arteko haurren mini miss lehiaketak, eta 13-16ra bitarteko haurren lehiaketek baimen berezi bat beharko dute.
Parekotasuna orokortzea
• Legegintzarako hauteskundeetan parekotasuna betetzen ez duten alderdi politikoei bikoiztu egingo zaizkie isunak.
• Kirol erakundeetan, emakumezkoak federatutako kideen %25etik gora diren kasuetan, zuzendaritzetan emakumeek gutxienez %40 izan beharko dute 2020. urterako. Gainerakoetan, emakumeak kideen %25 baino gutxiago direnean, zuzendaritzetan gutxienez %25 izan beharko dute 2020rako.
• Lanbide elkargoetan gizonezkoen eta emakumezkoen oreka bilatuko da ordezkaritzetan.
• Parekotasunean hobetu beharko dute merkataritza eta industria ganberek, baita lurralde kontseiluek, estatuari lotutako erakundeek eta agintaritza administratibo independenteek ere.