Berdintasunean, bide erdia

Parekotasun legeari esker emazte anitz sartu da udaletxeetan, baina goi karguak oraino ere gizonen esku gelditzen dira.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Emazteak oraino ez dira arras gizonen pare politikan. «Emazteek gizonen gaitasun berak dituzte, baina nola gai publikoak, arrazoi kulturalengatik, beti gizonen esku izan diren, ez daukate tokirik». Colette Capdevielle alderdi sozialistak Baionan duen zinegotzia da. Martxoko udal hauteskundeetara ere aurkeztuko da, PSren zerrendako bigarren postuan. Emazteek bizi publikoan eta politikoan tokia lortzeko, «legeak behar» direla uste du. «Ez dut sinisten intentzio onen adierazpenetan».

Legea zorroztu du Frantziako Gobernuak. Duela zazpi urteko udal hauteskundeetan, 3.500 biztanlez gorako herrietako zerrendetan aurkezten zirenen erdiak emazteak izan behar ziren. Orain ere proportzio hori bera da, baina legeak zehazten duena da emazteak eta gizonak postuz postu txandakatu behar direla. «Pena da lege bat behar izatea emazteak existi daitezen politikan», dio Patricia Arribas Donibane Lohizuneko auzapezordeak. 1995ean sartu zen herriko kontseiluan. «Baina bestetik, ontsa da legea izan dadin».

«Legea baliagarria da alderdi politikoetako gizonak behartzen dituelako emaztez inguratzera», uste du Beatrice Peyruck Baiona Berria zerrenda abertzaleko zinegotzi eta hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburuak. Legeak denei «indarra eginarazten» diela dio Battitt Ameztoi Uztaritzeko zerrenda abertzaleko zerrendaburuak. Gizon bezainbat emazte aurkitzeko zenbait zailtasun ukan dituztela aitortu du. Hala ere, zerrenda osatzea lortu dute. «Naturala da emazteak zerrenda batean izatea, nahiz eta orain arte emazte gutxi izan den zerrendetan». Legea «laguntza on bat» dela uste du, emazte kopuru bat bermatzeko. «Emazteek badute ikusmolde bat, gizonok ez duguna, biziari begira». Ikusmolde horrek herriko bizia aberasten duela pentsatuz, lege horren alde dago.

Zinegotzi emazteak izatea ez zaio aski Colette Capdevielle Baionako zinegotzi sozialistari. «Gizonek emazte gutxiri ematen dizkiote ardura postuak. Exekutiba gizonen eskuetan dira». Baiona Angelu Miarritze hiri elkargoa «adibide» ona dela dio. «Ez dago emazterik. Auzapez guztiak gizonak dira». Legeak ez du deus aipatzen hiri elkargoetako parekotasunaz, beraz, horrelakoetan, emazteak tokirik gabe gelditzen direla deitoratu du zinegotzi sozialistak.

Karguak ematen zaizkienean ere, «ama paperera mugatzen» dituztela ohartarazi du. «Haur txikien, adineko pertsonen eta hezkuntzaren ardura ematen diete. Oso gutxitan, ordea, herri elkargoen, hirigintzaren, bizitokiaren edota finantzen ardura. Eremu horiek gizonen esku gelditzen dira».

Lege berriak dio auzapezorde karguetan ere behar dela parekotasuna. Hiri batean zortzi auzapezorde baldin badira, horietatik lau emazteak izan beharko dira. Legeak ez du zehazten, ordea, zein ardura eman behar zaien emazteei. Capdevielle beldur da etorkizunean ere ardura banaketa bertsua izanen dela, eta ekonomia, hirigintza eta holako gizonen esku egonen direla.

Patricia Arribas eskola eta gazteria sailetako auzapezordea da Donibane Lohizunen. Baina postu horrekin gustura dago. «Kargu hori erabat lotua da nire gaitasunekin. Guztiz interesatzen nau. Egiten dudana ez banu gustukoa, ez nuke politikan jarraituko. Emazteak ez gara politikan gure burua erakusteko. Gogoa eta astia behar da. Bestela ez du balio». Astia aurkitu zuen, baina bizian «aldaketa handia» egin behar izan zuen. Oraino ez zen parekotasun legerik Donibane Lohizuneko kontseiluan sartu zenean, 1995ean. «Nire haurrek 12 eta 15 urte zituzten. Antolaketa aldatu behar izan nuen. Etxeko emaztea nintzenez, asti gehiago banuen, baina hala ere, denbora behar da. Orain, nire haurrak handituak dira eta bakoitza bere alde joan da bizitzera. Asti gehiago daukat».

Emazteek, beren lanaz gain, haurrez eta etxeko arazoez arduratu behar izaten dutela nabarmendu du Capdeviellek. «Hori da arazoa. Emazteen ordutegia oztopoz betea da». «Hiru emazte mota» baizik ez daitezke izan zinegotzi, Capdeviellen ustez. Batetik, «oso gazteak, oraindik ama ez direnak», bigarrenik, «haurrak handituak dituztenak», eta, hirugarrenik «soldata aski onak dituztenak». Laburbilduz, «soldata xumea duten eta haurrak dituzten emazteek ezin dute politikarik egin».

Etorkizunari begira nahiko baikor dago, hala ere, gazteen begira bereziki. «Ikusi behar da nondik gatozen. 1945tik hona baizik ez dugu bozkatzen. Duela gutxi arte, senarraren baimena behar genuen bankuko kontu bat irekitzeko edo lan egiteko. Orain emazte medikuak, arkitektoak, abokatuak, ingeniariak badira».



«Legea baliagarria da alderdietako gizonak behartzen dituelako emaztez inguratzera»

Beatrice peyruck
Baiona Berria-ko zinegotzia




«Naturala da emazteak zerrenda batean izatea, nahiz eta orain arte emazte gutxi izan den zerrendetan»

battit ameztoi
UztaritzekozerrENda abertzaleko kidea




Hamarretik zazpi, gizonak

Auzapez karguetan oraindik apalagoa da emazte kopurua,%14 besterik ez baitira
E. B.

Bilbo

Emazteak herriko kontseiluetan sartu badira ere, oraindik ez da orekatzerik gertatu. Euskal Herrian, hamar zinegotzitk zazpi gizonak dira. Emazteak %30 baizik ez dira. Auzapez karguetan, oraino apalagoa da emazte kopurua, %14 baizik ez baitira. Kopuru hori herrialde batetik bestera aldatzen da. Proportzioetan, emazte gehien duen herrialdea Gipuzkoa da, %37,3rekin. Ondotik datoz Bizkaia (%37rekin) eta Lapurdi (%36,5ekin). Zinegotzi emazte gutxien duen herrialdea Baxenabarre da, %20,9rekin. Zuberoa ez dabil urrun, %21,6ekin.

Baxenabarren eta Zuberoan emazte zinegotzi gutxi izateak badu esplikazioa. Hain zuzen, parekotasun legea ez da aplikatzen bi herrialde horietan, 3.500 biztanletik gorako herririk ez baitago. Legea 3.500 biztanletik gorako herrietan aplikatzen da, Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean, aldiz, ez dago horrelako bereizketarik.

Oro har, udaletxe gehienetan, emazte baino gizon gehiago dago kontseiluan. Lapurdiko ia herri guztietan gizonak dira nagusi, hiru herritan salbu, besteak beste Baionan. Baionan, 21 emazte daude eta 18 gizon. Donostian 13 emazte eta 14 gizon dira. Gainerateko hiriburuetan, emazte baino gizon gehiago dago. Emazte auzapeza duen hiriburu bakarra Iruñea da.

Parekotasun eta Berdintasun legeek emazte zinegotzi kopuruan eragin bat baldin badute ere, ez dute eraginik auzapez karguetan. Auzapez emazte gehien duen herrialdea Gipuzkoa da, baina %18,3 baizik ez dira auzapez emazteak. Baxenabarre da emazte auzapez gutxien duen herria, %7,4ekin, gero datoz Zuberoan (%8,9rekin) eta Lapurdin (%10,6rekin).

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari dagokionez, ordea, emazteak oso gutxi dira. Ipar Euskal Herrian dituen 21 kontseilari nagusietatik bi baizik ez dira emazteak. Kantonamenduko hautagai bakarrak irabazten du. Lege berriak parekotasuna ezartzera behartzen ditu hautagaiak, orain, kantonamenduko hauteskundeetan. Hautagaia eta ordezkoa aurkeztu beharko dira hemendik aitzina. Baina, ia kasu guztietan, hautagaia da gizona eta ordezkoa emaztea. Ordezkoa, ontsalaz, ez da Kontseilu Nagusiko hautetsi izanen, hautetsia bera ez bada hiltzen behintzat. Ondorioz, parekotasun legearen atal horrek ez du parekotasunik bermatuko.





Mariette Sineau Zientzia politikoetako ikerlaria

«Alderdi handiek parekotasuna errespetatu baino nahiago izan dute isunak ordaindu»

E. B.

Baiona

CNRSko ikerlaria da Mariette Sineau. Politikaren eta generoaren arteko harremana ikertzen du, zientzia politikoen arloan.

Zein da parekotasun legeaz egin duzun lehen balorazioa?

Abiadura askoko parekotasuna sortzen duen legea da. Udaletan eta eskualde kontseiluetan ia-ia berdintzen da emazte eta gizonen kopurua. Haatik, legebiltzarrean, oso urrun gaude. Joan den ekaineko legebiltzarrerako hauteskundeetatik landa, %18,5ekoa da emazte diputatuen kopurua. Senatuan %17 dira. Kontseilu Nagusiak biziki biltzar maskulinoak dira, %10 baitira emazteak. Desberdintasun horien oinarrian bozka sistema dago. Parekotasuna derrigorrezkoa da zerrendetan. Horregatik dira emaitza onak udaletan eta eskualde kontseiluetan. Baina legebiltzarrerako hauteskundeetan, parekotasuna hautazkoa da. Parekotasuna errespetatzen ez dutenek isunak ordaindu behar dituzte. Alderdi politiko handiek parekotasuna errespetatu baino nahiago izan dute isunak ordaindu. PCF eta PS alderdien hautagaien %48 emazteak ziren. UMPk, aldiz, laurdena baizik ez zuen. Baina hauteskundeak bururatzean, emazte gutxiago dago, emazte hautagaiak aitzinetik galdutako hauteskunde barrutietan ezartzen dituztelako. Hauteskunde horien logika aurretik karguan zegoena hauteskundeetan berriz aurkeztea da, edo bestela kargu asko dituzten politikariak. Bestalde, hierarkia bertikalean, gizonak dira goi karguak dituztenak, auzapez karguak edota eskualde kontseiluko lehendakari karguak. 2007ko erreformak hori zuzenduko duela pentsa daiteke.

Legerik ez dago, ordea, herri txikietan. Eta, emazte oso gutxi dago kontseiluetan. Legeak ez luke balio izan behar herri guztietarako?

Frantziako udalen %90 dira horiek. Eta Euskal Herrian ere arazo hori bada, herri txiki asko dagoelako. Hurbiletik jarraitu beharko da. Hala ere, aldaketa bat nabari da. 2001ean emazte gehixeago ezarri zuten herri txikietan. Legeak zeharkako eragina ukan du. Haatik, zinezko boterea dagoen tokian, hala nola kontseilari nagusi karguetarako, postuak gizonen esku daude.

Zergatik sartzen dira emazteak politikan nekez?

Arrazoiak politikoak dira, soziologikoak baino gehiago. Emazteei bozkatzeko eskubidea aitortu zien azken herrietariko bat da Frantzia. Beraz, denbora behar dute baliabide politikoak ikasteko, tokiko notabilismo bat lortzeko, auzapez edo kontseilari nagusi bihurtzeko. Irabazle bakarreko hauteskunde sistemak emazteen baztertzea dakar. Bozka sistema hori duen Europako herri bakarretarikoa da Frantzia. Frantziako politika biziki maskulinoa da. Frantziako Iraultzak ez zien tokirik eman emazteei. Beti erraten da emazteek ez daukatela gaitasunik eta zilegitasunik. Horrela ulertzen da Frantziako alderdiek zergatik duten halako beranta, Eskandinaviako herriekin edota hegoaldeko herriekin konparatuz. Espainian, diktaduratik atera berria, Frantzia baino aurreratuagoa da.

Bozka sistema aldatu behar litzateke?

Bai, hori da. Horrela alderdiak behartuak lirateke emazteak sartzera zerrendetan. Frantziako alderdi politikoak ez dira gai izan parekotasuna berak arautzen. Beste estatuetan, alderdi politikoek berek egin dituzte beren arauak.

Zergatik ez ditugu aise onartzen politikan?

Jainkoaren legean oinarritutako monarkiatik datorkigu hori. Botere politikoa zerbait sakratua eta jainkotiarra bezala hartua izan da. Hori oraindik gure kulturan dago. Frantzian, politikari beste botereei (adibidez ekonomikoari) baino anitzez garrantzi handiagoa ematen zaio.

Belaunaldi berriek ikuspegia aldatu dute?

Bai, parekotasunaren legeak gero eta gehiago ari baitira gizarteratzen. Naziorteko erakundeek arauak zabaltzen dituzte politikan eta ekonomian berdintasunera hel gaitezen. Uzkurrenak direnak ere onartzera behartuak dira.





LeGearen urraTsaK

Emazteak bizi politikoan sartzeko legeak indarrean daude, gaur egun, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hego Euskal Herrian. Iparraldeko emazteek 1945ean lortu zuten bozkatzeko eskubidea. Hegoaldekoek, aldiz, 1931ko urriaren 1etik daukate bozkatzeko eskubidea. Hala ere, legeak behar izan dira emazteek erakundeetan ordezkaritza bat lortu ahal izateko.

1980. Frantziak erabaki zuen udal hauteskundeen zerrendak osatzerakoan, %20 emazteak izan behar zirela.

2000. Parekotasun legea onartu zuten Frantziako diputatuek. 3.500 biztanletik gorako herrietan, udal hauteskundeetako zerrendetan, gizon eta emazte kopurua bera izan behar da, edo sexu bateko bat gehiago aurkez daiteke gehienik. Seiko multzo bakoitzean gizon eta emazte kopuru bera behar da. Adibidez, lehen sei hautagaietatik hiru emazteak izan behar dira.

2005. Euskal Autonomia Erkidegoak berdintasun legea onartu zuen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkezten diren zerrendetako hautagaien erdia emazteak izan behar dira. Seiko multzo bakoitzean gizon adina emazte aurkeztu behar da.

2007. Frantziak neurri zorrotzagoak ezarri ditu Parekotasun Legean. 3.500 biztanlez gorako herrietan, udal hauteskundeetako zerrendetan, gizonak eta emazteak alternantzian aurkeztu behar dira, hala nola emazte bat, gizon bat, emazte bat, gizon bat... Araudi hori betetzen ez duten zerrendak ezin izanen dira hauteskundeetan aurkeztu. Horrez gain, auzapezorde karguetan ere parekotasuna bermatu beharko da.

2007. Espainiak Berdintasun legea onartu du. Udal hauteskundeetako zerrendetan, %40 emazteak izan behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.