Gizartea

Bere buruaz beste egin du adingabe transexual batek Ondarroan

Chrysallis elkarteak adierazi du "eguneroko borroka" izan dela 16 urteko gaztearentzat bere identitatearen arabera bizitzeko ahalegina. "Nerabe batentzat gehiegi oraingoan". Bihar, elkarretaratzea egingo dute Ondarroan.

Ondarroa, artxiboko irudi batean. JOSEAN GIL-GARCIA
2018ko otsailaren 16a
13:23
Entzun

"Borroka hau gizarte osoak galdu dugu", nabarmendu du Chrysallisek, ohar bidez. Ekai 16 urteko gazte transexuala hilik topatu zuen haren amak, atzo, Ondarroan (Bizkaia).

Adingabearentzat "gehiegizkoa" izan da bere identitatea aitortua izateko eta garatzeko egin behar izan duen ahalegina, Chrysallisen esanetan. "Erregistroan izena aldatzea lortzeko borroka, Gurutzetako genero unitatean inoiz heldu ez zen eta behar zuen hormona tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen informazio saioa ematea lortzeko borroka…".

Elkarteak elkarretaratzera deitu du biharko, 17:00etan, Ondarroako Musika plazan.

Chrysallisek gaineratu du lanean jarraituko dutela Ekairen gurasoek duten mina beste inork izan ez dezan; "direna izatea behin eta berriro ukatzen zaien ume eta gazte horiengatik guztiengatik". Hala, genero identitate eta sexu joera guztietako haurrak babestuko dituen lege bat galdegin du elkarteak, "aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu bat" lortzeko bidean.

Hiru eguneko dolua

Ondarroako Udalak hiru eguneko dolua deitu du heriotza salatzeko, eta ostadar bandera jarriko du masta erdian. Doluminak eman dizkie hildakoaren gurasoei, eta eskertu egin die "pertsona transen eskubideen alde egiten duten lana".

"Transfobiaren kontrako jarrera irmoa" azaldu du Udalak, eta "pertsona guztiak, eskubide guztiekin eta inolako diskriminaziorik gabe biziko diren herri bat eraikitzeko" lanean jarraituko duela azpimarratu du. Era betean, Chrysallisek biharko deitutako elkarretaratzera joateko deia egin du Udalak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.