Joan den ostegunetik ez da jendaurrean agertu Arantza Quiroga EAEko PPren presidentea, PPren presioei men egin eta Elkarbizitzarako lantaldea sortzeko mozioa atzera bota zuenetik. Ordutik haren etorkizunari buruzko zurrumurruak zabaldu dira, eta dimisioa emango duela esan dute hainbat iturrik. Asteazken goizerako iragarri du agerraldia, eta, ziur aski, hor amaituko dira zurrumurruak: haren dimisioarekin edo karguan jarraitzeko asmoarekin.
Gaur, EAEko PPren zuzendaritzak bilera egin du Gasteizen, baina bertara ere ez da agertu Quiroga. Nerea Llanos alderdiko idazkariak ondoren eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, Madrilen da Quiroga, baina ez du argibiderik eman zertara joan den, ezta haren etorkizuna zein izango den ere. "Ez dakit Quirogak dimisioa emango duen ala ez".
Kazetarien galderei erantzunez, Llanosek behin eta berriz azpimarratu du erabakia soilik Quirogari dagokiola, eta, nolanahi ere, alderdiaren babesa izango duela. Dena dela, EAEko PPk lanean jarraitzen duela esan du, alderdia "pertsonen gainetik dagoelako". Hori bai, Quiroga aurrerantzean ere alderdiko presidente izango den "berandu baino lehen" argituko dela esan du Llanosek.