Geroa Baik bereari eusten dio. Hasieran proposatutako egitura edukiko du Nafarroako Gobernuak. Uxue Barkos presidentearekin batera, bi presidenteordek eta bederatzi departamenduk osatuko dute gobernua. Eredu horren arabera, ez da ohiko koalizio gobernua izango, kontseilariek ezingo baitute alderdietako kargu organikorik izan ez eta parlamentari izan. Ezadostasunak badira Geroa Baik proposatutako ereduaren aurrean, baina gaurkoaren ostean argi geratuko da bide horri eutsiko diola Geroa Baik.
Bihar berriro bilduko dira, oraingoan kontseilarien izenak proposatzeko. Uxue Barkosek azken hitza eduki nahi du kontseilarien gainean, eta gaurko bileraren ostean asmo horri eusten diola esan du. EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek kritikatu egin du asmo hori: "Hori ez da kontsentsua. Beto eskubide hori baldin badago, besteok ere eduki beharko genuke". EH Bilduk esana du lehenago berez ez dela bere gustuko gobernu egitura, baina, hala ere, baiezkoa eman dio.
Ahal Dugu-ko parlamentari Laura Perezek, berriz, kontseilarien profilari eman dio garrantzia. Profil teknikoarekin batera, profil politikoa izan behar baitu haren ustez. Gobernuak gizarte gaietarako presidentzeordetza edukitzea garrantzitsu dela esan du, baina baliabideak ziurtatzea eskatu du hori aurrera eramateko.
Aurrerapausoak
Geroa Bai eta EH Bildu parlamentuan batzartu ziren atzo ordubetez, eta, amaieran, hala Uxue Barkos nola Adolfo Araiz pozik azaldu ziren. «Apustua izan behar du gobernua sendotzea eta ahalik eta egonkortasun handiena ematea. Logikoki, alde guztiak kontent geratzea izan behar du akordioaren helburua», nabarmendu zuen Barkosek. Araizen arabera, berriz, bileran aurrerapausoak eman dituzte gobernuaren organigramari begira.
Sanferminetan, hiria gelditu egiten da, eta politika ere gelditu egin da. Ekainaren 30ean akordio programatikoa hitzartu ondotik, gobernuaren osaerari buruzko elkarrizketak hasi zituzten. Azkeneko bilera uztailaren 2an egin zuten, eta hilaren 6an eztanda egin zuen festak. Atzo, sanfermin giroaz inguratuta egin zen bi alderdien arteko bilera. Parlamentu kanpoaldean, jota doinuak entzuten ziren, eta sarrerako foruzaina hura entzuten ari zen lasai-lasai. Barruan, berriz, hala bi alderdietako ordezkariak nola adierazpenak hartzera joandako kazetariak zuri-gorriz jantzita zihoazen, Araiz bera salbu.
Duela bi asteko eskaintzan, Barkosek proposatu zuen gobernuko kontseilariek alderdietako kargu organikorik ez izatea. Era berean, Geroa Baik nahi du kontseilarien izendapenean azken hitza Barkosek berak izatea. Bileraren ondotik, Araizek azpimarratu zuenez, hasierako proposamen hori berretsi zuen atzo Geroa Baik. Barkosek esan zuenez, «alderdi bakoitza pozik utziko duen presentzia» ziurtatu behar du gobernuak, eta izendapen horrek «izaera politikoa» izango du. Hala ere, Barkosek esan du bere iritziak pisua izan behar duela gobernuburu izango bada: «Lantalde bat zuzendu behar duena ezin da mugatu hitzartu gabeko izen bat onartzera». Gaineratu zuenez, kontseilari bakoitzak talde beraren parte izan behar du.
Araizen arabera, bi ikuspuntuek bere hartan jarraitzen badute ere, aurrerapausoak eman dira. Haren esanetan, Geroa Baik mahai gainean jarritako ereduaren gain «tarteak» bilatu ditu EH Bilduk, eta gobernuan alderdien ordezkaritza politikoari buruzko proposamena egin diote Barkosen lantaldeari. «Gainera, aurreratu ditugu organigrama eta antolamenduaren inguruko puntuak», aipatu zuen. Araizen aburuz, gaurko bileran alderdi bakoitzak gobernuan parte hartu nahi al duen eta gobernu ereduarekiko zer jarrera duen azaldu behar du, eta alor horretan urratsak egin.
Izen «biziki interesgarriak»
Araizi galdetu zitzaion ea izen-abizenik mahaigaineratu duten negoziazioetako partaideek. «Denok ditugu izenak buruan, eta horiek jendaurrean jakinarazteak gehiago dakar kaltea, onura baino». Araizen irudiko, «garrantzitsuagoa» da lau alderdiek bat egitea gobernuaren ereduarekin. Araizek onartu zuen EH Bilduk prestasuna duela izen-abizenak emateko eta Geroa Baik jasotzeko. «Alde horretatik, aurrerapausoa eman da». Hala ere, haren ustez, «gogor» egin beharko dute lan asteon ados jarri ahal izateko. Kontseilariez gain, departamenduetako zuzendari nagusiak ere hitzartu beharko dira.
Barkosek berak onartu zuen jada gobernuko izen-abizenak aztertzen ari direla. Haren esanetan, EH Bilduk proposamen «biziki interesgarriak» egin ditu. Garrantzitsutzat jo zuen, gainera, lau alderdiek diskrezioz jokatzea. «Ondo eramaten ari gara negoziazioak. Esan nahiko nuke lauren arteko negoziazioa ez dela erraza. Ez da erraza diskrezioari eustea». Barkosek gogorarazi duenez, «logikoki» egon daitezke esparru publikoan ardura eta oraindik konpromisoa izan gabeko hautagaiak: «Jendeari denbora eman behar zaio. Zailtasun handiagoa ematen du horrek, ez direlako soilik nahi lau alderdiekin konprometituta egon daitezkeen pertsonak».