Ekonomia

Bere kontrako auzibidea berehala ixteko exijitu du Hiruk

Garraio sindikatuak dio Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Zerbitzuak ezarritako isuna berretsiz gero, "desagertzeko arriskuan" egongo dela. Zigor eskaera "neurriz kanpokoa" dela iritzi dio.

2009ko otsailaren 3a
13:51
Entzun
Bere kontrako auzibidea berehala ixteko eta artxibatzeko exijitu du gaur Hiru garraio arloko sindikatuak. Honen iritziz, Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Zerbitzuak ezarritako isuna berretsiz gero, "desagertzeko arriskuan" egongo da. Zigor eskaera, 500.000 eurotik 10.000.000 euro artekoa, "neurriz kanpokoa" dela salatu du.

Hiruri irekitako espedienteak hark iazko urtarrilean emandako prentsaurreko batean du jatorria. Orduan sindikatuak "gomendio" bat egin zien garraiolariei, erregaien prezioak nabarmen igotzen ari zirela eta; hain zuzen ere, eskainitako zerbitzuengatik beren prezioak igo zitzaten aholkatu zieten garraiolariei, erregaien prezioen igoerari aurre egin ahal izateko.

Alabaina, Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Zerbitzuaren iritzian, Hiruk "oso delitu larria" egin zuen, Lehiakortasunaren Defentsaren Legea urratu zuela argudiatuta. Hortaz, zigorrik handiena ordain dezala eskatu dio EAEko Lehiakortasunaren Defentsako Auzitegiari: 500.000 eurotik 10.000.000 euro artekoa. Auzitegi hori Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da. Sei hilabeteko epean erabaki beharko du eskatutako isuna ezarriko duen edo ez.

Gaur goizean Hiruko eledun Estitxu Ugartek eta idazkari tekniko Esteban Muruamendiarazek Gasteizen azaldu dutenez, iazko prentsaurreko haren helburua honakoa zen: "Garraiolariek lan baldintza duinetan lan egin zezatela eskatzea". Horrexegatik, erreferentzia modura hainbat datu hartu zituzten, Espainiako Sustapen Ministeriotik eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailetik. Datu horiek salgaien garraioan izandako kostu igoerei zegozkien.

Eusko Jaurlaritzaren garraio eredua salatu dute

Ugartek bere kritiken jomuga izan du Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Zerbitzua. Haren esanetan, zerbitzuak "manipulatu" egin ditu Hiruko ordezkarien adierazpenak, "sindikatuari erasotzeko". Gogorarazi duenez, EAEko enpresaburuen elkarteak, Confebaskek, "soldaten moderazioa" gomendatzen duenean ez da "ezer gertatzen". "Aitzitik, sindikatu batek lan duina erreibindikatzen duenean eta sektoreko prekarietatea salatzen duenean, espediente bat irekitzen zaio".

Hala, "espedientea berehala artxibatzeko" exijitu du Ugartek, eta ohartarazi du haien kontrako zigorra berresten baldin bada, horrek sindikatuaren itxiera ekarriko duela, "baliabide gutxiko sindikatu batentzat ezinezkoa delako halako zigor ekonomiko bati aurre egitea".

Muruamendiarazek ohartarazi duenez, sindikatuak ezin badio zigorrari aurre egin, orduan baliteke Eusko Jaurlaritzak sindikatuko batzordeko bederatzi kideen ondasunak bahitzea. "Ondorioz, etxebizitzarik eta kamioirik gabe gera litezke bederatzi lagunak, eta hauen delitu bakarra ezeren truke garraiolari autonomoen alde urtetan lan egin izana da".

Hiruko ordezkarien aburuz, "espediente horren atzetik Eusko Jaurlaritzaren garraio eredua" dago, "hau da, merkea, prekarioa eta autonomoa kanpoan utziko duena".

Horiek hala, horren guziaren kontra protesta egiteko, EAEko lehendakariaren egoitzan, Ajuria Enean (Gasteiz) elkarretaratzea egingo dute otsailaren 9an. Lehendakariari, Juan Jose Ibarretxeri gutuna ematen saiatuko direla azaldu dute. Gutunean sindikatuaren kontrako auzibidea ixteko eska dezala exijituko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.