ingurumena

Beren iritzia kontuan ez hartzea egotzi diote natur taldeek Gipuzkoako Aldundiari

Lau gairen inguruan proposamenak aurkeztu dizkietela azaldu dute, eta ez dutela idatzizko erantzunik jaso. Aurreko foru gobernuarekiko politikak ez direla aldatu ohartarazi dute. Besteak beste, Berdeak, Eguzki eta Ekologistak Martxan kexatu dira.

Berria.info
2013ko otsailaren 26a
14:14
Entzun

Gipuzkoako hamasei natur taldek amaitutzat eman dute duela urte eta erdi Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hasitako elkarrizketa saioa. Azaldu dute hainbat gairen inguruan egin dizkiotela proposamenak. "Baina aldundiak isilik jarraitzen du. Ateak itxita dauzka guretzat. Agintari berriak izanagatik, aurrekoen ildo beretik jarraitzen dute".

Besteak beste, ondorengo gaien inguruan aurkeztu zizkioten proposamenak: basoetarako laguntzak, basoen kudeaketa, ehiza eta bioaniztasuna. "Azken gai horren inguruan ez digute ezta biltzeko aukerarik ere eman", nabarmendu dute. Hori ikusirik, eskari argia egin diote: herritarren hitza kontuan hartzea.

Orotara, hamasei talde kexatu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarreraz: Berdeak, Ekologistak Martxan, Eguzki, Erkaxo Azpeitiko Natur Taldea, Haritzalde, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Landarlan Natur Elkartea, Mutriku Natur Taldea, Okil Beltzak Natur Taldea, Ondarroa 12 milia, Arkamurka Natur Elkartea, Herrio Natur Taldea, Zumaia Natur Taldea, Katamarrua Zestoako Natur Taldea, Ugatza Ornitologia Elkartea eta Osina Natur Taldea.

Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Foru Aldudiko bozeramaileak, adierazi du "zentzuzkoak" izan daitezkeela talde horien kritikak: "Haien erritmoak eta aldundiarenak diferenteak dira". Baina baikor da: "Gauza berdinetaz hitz egiten dugu, eta gure aldetik elkarlanean aritzeko prestutasun osoa dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.