7,2 kilometroko autobidean ia bost kilometro tuneletatik egiten dira eta sei zubi-bide daude. Tunel horietako bat,Gallastegikoa, Arlabangoa egin bitartean, Euskal Herriko luzeena izango da, 2.410 metroko luzerarekin. Azpiegitura lanen arduradunek adierazi dutenez, halako lanak egiteko inguruko topografia eta ezaugarri geoteknikoak «ahalik eta gutxien hondatzen saiatu dira».Hasiera batean eta Eibar-Gasteizko beste zatiak egin bitartean ez dute uste «trafiko askorik egongo denik», erabiltzaileak Deba garai eta behereko eskualdeetako jendea izango baita. Hala ere, «Maltzagako biraguneko pilaketak eta Soraluzetik pasatzen den trafikoa arintzea» espero dute.
Tunelak eta zubi-bideak
Tuneletako segurtasuna indartzeko asmoz,neurri berriak hartu dira. Horretarako, tuneletako gertakari guztiak Bergarako Ondartza baserrian dagoen kontrol gela batetatik zainduko dira. Horretaz gain, beste neurri batzuk ere hartu dira, besteak beste, galibo kontrola, semaforoak eta tunelak ixteko langak ezarri dira. 300 metro baino luzeagoko tunelen barruko komunikazio eta larrialdi zerbitzuetarako, ebakuazio galeria, telebista zirkuitu itxia eta edozein gorabehera automatikoki detektatzeko sistemak ipini dituzte, megafonia eta komunikazio sistema batekin batera.
Zubi-bideei dagokienez, Larreategin gertatuko ezbeharra oraindik ikusgai dago. Hamar hilabete kostako da zubi berria egitea, eta urtebete barru egongo da erabiltzeko moduan. Urtarrilean, hormigoizko dobela bat hausteak eragin zuen ezbeharra. Istripuaren ondorioz, zubi-bidearen egitura eta lanak berrikusi egin behar izan dira, eta horrek lanak urtebeteko atzeratzea ekarri du. Hausturaren arrazoiak zehaztu gabe daude oraindik eta zubi berria teknika seguruagoekin egingo dutela iragarri zuten atzo. Oraingoz, hesi zurrunak jarri dituzte Larreategiko zubi-bidean eta zati horretan bide bakarra egongo da noranzko bakoitzean.
Amman: «Etorkizuna komunikabideei lotua dago»
Roman Sudupek, Gipuzkoako diputatu nagusi ohiak, moztu zuen inaugurazioko zinta eta Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak izan ziren autobidearen lehen erabiltzaileak. Atzoko aurkezpenean, Sudupez gain, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia eta Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri-lan sailburua ere han izan ziren, beste hainbat alkate eta kargudunekin batera. Ammanek adierazi zuenez, «etorkizuna ditugun komunikabideei lotuta dago», eta azpiegitura lanetan «inbertitzeko» beharra azpimarratu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoa leku estrategikoan aurkitzen baita «kontinentearen eta penintsularen artean» .Garraio sailburua, Gipuzkoako diputatu nagusiarekin bat etorri zen, lanaren garrantzia goraipatzean. Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, autobide berri honek «herri hau egituratu eta bertako harremanak indartu egiten ditu, aurrerabiderako eta ongizaterako aukerak eskaintzearekin batera». Gonzalez Txabarriren ustez, azpiegitura lan hau garapen jasangarriaren eta modernitatearen adibide garbia da», horrek «garapena eta jasangarritasuna bateragarriak izan daitezkeela» erakusten baitu.
-
Datua
7
Joxe Juan Gonzalez Txabarri, Gipuzkoako diputatu nagusiak, gogoan izan zituen autobidea eraikitzen hildako zazpi pertsonak. Horietarik bost autobidea eraikitzeko lanetan hil ziren, eta beste bi, Bergarako saihesbideko obretan. Gipuzkoako diputatu nagusiak «euren lanak alferrikakoak ez zirela izan» adierazi zuen irekiera ekitaldian.