Politika

Bergarako Ekimenaren aldekoen manifestazioa eten du Ertzaintzak, baina, azkenean, istilurik gabe amaitu dute

Bergarako Ekimenaren bultzatzaileek antolatuta, manifestazioa egin da Donostian 'Adierazpen askatasuna gure eskubidea delako. Autodeterminazioa Bai' goiburu hartuta. Arratsaldeko bostak eta laurden aldera normal abiatu da manifestazioa Antiguako tuneletik, baina ibilbidearen erdi parean-edo tentsio une handiak izan dira Ertzaintzak aurrera segitzea eragotzi nahi izan baitie bildutako milaka lagunei. Hauteskunde leloak zabaltzen ari zirela esan diete ertzainek, eta hala segitzekotan, ezingo zutela jarraitu. Jende oldeak, ordea, aurrera egin du, megafonia isildu dute, eta, azkenean, Ertzaintzak alde egin du.

2004ko martxoaren 6a
19:25
Entzun
Bostetan zuten hitzordua, baina ordu laurden inguruko atzerapenez abiatu da manifestazioa Donositako Antiguako tuneletik. 'Gure eskubidea delako, autodeterminazioa' jartzen zuen pankarta nagusian, eta Batasuneko hainbat buruzagik eraman dute: hala nola, Joseba Permachek, Arnaldo Otegik,eta Jone Goirizelaiak. Atzerago, bigarren pankartan, 'Bai Nafarroa, bai Euskal Herria. Autodeterminazioa orain' zegoen idatzita, eta Bergarako Ekimenari atxikimendua agertu dioten ezker abertzaleko zenbait erakundetako kidek eraman dute, besteak beste, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak eta Joxerra Etxebarria AuBko buruzagiak.

Hirugarren pankarta batean, berriz, 'No apartheitb' jartzen zuen, eta haren atzetik furgoneta bat jaon da megafoniarekin. Euskal Herriko egoeraren inguruko hainbat datuz gain —presoen, erakunde ilegalizatuen, torturen zein atxiloketen ingurukoak— martxoaren 14ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Bergarako Ekimenak proposaturiko autodeterminazioaren aldeko bozka emateko deia egin dute megafoniatik.

San Martin kalean ertzainekin aurrez aurre

Kontxako pasealeku osoa normal-normal egin du milaka lagun batu dituenmanifestazioak. San Martin kalean sartu direnean, ordea, Ertzaintzaren lau furgoneta zeuzkaten zain garai bateko epaitegiaren parean, eta beste lau kalearen amaieran. Hala ere, aurrera segitu du manifestazioak ertzainengana iritsi diren arte. Une horretan, Permach, Otegi eta Goirizelaia joan dira ertzainekin hitzegitera, eta haien buruak esan die hauteskunde inguruko leloak zabaltzeko baimenik ez dutela, eta hartan segituz gero bidea eragotziko zietela.

Tentsio une handiak izan dira. Izan ere, Batasuneko buruzagiak negoziatzen ari ziren bitartean milaka manifestarietako askok haserre eta bero ertzainen kontrako oihuak zein independentziaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak egin dituzte. Halaber, ertzainen hesia egon arren, aurrera segitu dute, eta manifestariek aitzina egin duten hein berean, atzera egin dute ertzainek. Azkenean, megafonia isilaraztea hitzartu dute. Tentsioa gori-gori zegoenean, ertzainek furgonetetara igo eta alde egin dute.

Otegiren iduriko, Jaurlaritza arduradun

Hala, ibilbidearen amaieraraino, Bulebarreraino, iritsi ahal izan du manifestazioak. Hara heldu direnean, lurrean eseri dira manifestariak Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak adierazpenak egiten zituen bitartean. Kritika gogorra egin dio Otegik Jaurlaritzari: Gasteizko Gobernuaren asmoa 2002ko irailaren 14an, Bilbon,Batasunaren ilegalizazioaren kontrako milaka manifestariei Ertzaintza oldartu zitzaienean jazo ziren bezalako iskanbilak errepikaraztea zela esan du. Hori dela eta, martxoaren 14ko hauteskundeetan bi aukera baino ez daudela iritzi dio Batasuneko buruzagiak: Ajuria Eneko hitzarmenaren garaiko egoera itzularaz dezakeen botoa eman, edo, bestela, Bergarako Ekimenak proposatutako autodeterminazioaren aldeko txartelen bidez Lizarra-Garaziren pareko egoera sotzearen alde bozkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.